Gernikako bonbardaketatik zortzi urtera, 1945ean, amerikarrak eta errusiarrak Alemaniako Reich-a erorarazteko borrokan ari ziren garaian eta Berlin inguratua zutela, Gernika Batailoia —erbesteko Eusko Jaurlaritzak sortua eta Kepa Ordoki harginak zuzendua— Okzitaniako Punta de Grava (frantsesez Pointe de Grave) lurmuturrean gotortuta zeuden nazien aurka borrokatu zen, banderatzat ikurrina hartuta. Bost gudari hil eta hogei inguru zauritu ziren. Gernika Batailoiaren historia ahanzturatik jaregin nahi izan du Franck Dolosor Haltza kazetari eta idazleak (Senpere, 1977) liburu honetan. (Irakurri +)
Elkarrekin tentsio handiko ordu batzuk pasatutako bi pertsona ditu protagonista Pello Lizarralderen Lanbroa nobela berriak, Xabier eta Maialen. Denboran laburra bada ere, elkarrekin bizi izandakoaren intentsitateak bien arteko lotura estu eta iraunkorra ezarri du. (Irakurri +)
Gorabehera handiko bizimodua izan ondoren zahartzaroa lasai bizi nahi duen emakume bat du protagonista Arantxa Urretabizkaiaren (Donostia, 1947) Azken etxeanobelak (Pamiela). (Irakurri +)
Kritikaren oniritzia eta laudorioak jaso ondoren, Euskarazko Literaturako Euskadi saria irabazi du Irati Elorrietak (Algorta, 1979) Neguko argiak eleberriarekin (Pamiela, 2018). Añes eta Marta dira pertsonaia nagusiak. Berlinen bizi diren euskal herritarrak dira biak, Elorrieta bera bezala. Añes eta Martaren bidez beste pertsonaia asko —eta askotarikoak— ezagutzeko aukera izango du Neguko argiak irakurtzen duenak.
Pertsonaia ugari dago Neguko argiak nobelan, era askotako harremanak, kezkak eta obsesioak… Zerk bultzatu zaitu mosaiko baten antza duen egitura koral horren aldeko hautua egitera?
Idazten hasterakoan, abiapuntua pertsonaia talde bat izan zen. Haien arteko harremanei jarraika idatzi nahi nuela nekien. Pertsonaien kezka eta obsesioei tiraka, hain zuzen ere. (Irakurri +)
Duela 80 urte fusilatu zuten frankistek, 1937ko ekainaren 25ean, Gasteizen, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Laukiz, Bizkaia, 1905-Gasteiz, 1937). Indar sinboliko handia du fusilamendu horrek. Batetik, Lauaxeta, artean 32 urte bete gabea, euskal literaturaren eta euskal kulturaren garaiko Pizkundearen protagonista nagusietako bat zelako; bestetik, fusilatu aurretik eta fusilatuko zutela jakinik, Lauaxetak dramatismo handiko testuak idatzi zituelako espetxean, bere sinesmen nagusiei —Jainkoa eta aberria— amaierara arte tinko eutsi ziela erakusten dutenak.
Lauaxeta baino hamar hilabete lehenago, beste poeta bat fusilatu zuten frankistek: Federico García Lorca. Lauaxetaren eredu nagusietako bat zen García Lorca, eta Lauaxetaren poema batzuetan agerikoa da haren eragina. García Lorcaren fusilamenduak areagotu egiten du Lauaxetaren fusilamenduaren indar sinbolikoa.
Bizi zelarik, Bide barrijak (1931) eta Arrats beran (1935) poema liburuak argitaratu zituen Lauaxetak. Herri hizkerari eta tradizioari uko egin gabe, euskal poesiagintzara garaiko poesia aurreratuenaren oihartzunak ekartzen ahalegindu zen, ausardia handiz. “Ofizioko lehen idazlea dugu”, dio Koldo Izagirrek Lauaxetari buruz, XX. Mendeko poesia Kaierak bilduman apailatu zuen Lauaxetaren antologiaren sarreran (Susa, 2001). “Europako lankideen duintasun literario berdinean bizi dena. Euskarak euskaldun mundutarra elikatzen du estreinakoz Lauaxetari esker”. (Irakurri +)