Liburutegi erotikoa
Ez datoz bat. Ez publiko zabala ez adituak. Erotismoa definitzeko orduan, esan nahi dut. Gehienetan, horren bila hasi eta gero, pornografiaz hitz egiten amaitzen dute. Biak bereizi nahirik. Eros? Nola definitu? Auzia Ehiztariaren erotika (Erein, 1990) izena duen liburuaren hitzaurrean konpondu dit Joseba Zulaika idazle eta antropologoak.
“Homeroren mitologia klasikoan, eros hitzak amodio eta desira esan nahi zuen. Ehiztariaz ihardutea gizon desiratzaileaz aritzea da, eta ehiza aztertzea desiraren kristalizazio nagusi bati begiratzea”. Aipatu liburuko lehen hitzak dira. Nolanahi ere, ehiztari hitzaren ordez jar erosle, hiltzaile edo zernahiren zale, eta hortxe dugu Erostearen erotika, Hiltzailearen erotika edota Futbolzalearen erotika. Amodioa diote erosteari, amodioa heriotza emateari, amodioa futbolera joateari; erostea desiratzen dute, heriotza ematea desiratzen dute, estadiora joatea desiratzen dute. Amodio eta desira, desira eta amodioa, ez da harrigarria 68-08 bitarteko euskal poesia erotikoaren antologiak titulua Desira plazer izatea, Sonia Gonzalezi hartua bera. Bada beste antologia bat ere, Eros, eros… (Baroja, 1985), Patri Urkizuk apailatua.
Oker ez banago, Pako Aristik eman zuen literatura erotikoaren definiziorik konbentzigarriena. Idaztean eskuetako bat beste horretara eroanarazten dizuna, horra literatura erotikoa. Irakurleak berdintsu esan lezake irakurtzearen esperientziaz. Pilar Cristóbalek Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak (1999) izeneko liburua sortu zuen. Horixe egin beharko luke ba irakurleak: azalean erotiko hitza aldarrikatzen duen edozein izkribu esku batekin hartu eta irakurtzeari ekin, ea gero beste eskuak nora egiten duen. Ez da inongo aditurik behar testaren emaitzak baloratzeko. Galdera da ea badagoen euskal literaturan eskuaren testa egiteko libururik.
Pilar Cristóbalen liburuaren euskaratzailea den Juan Martin Elexpuruk berak Euskal lizunkeriaren antologia (Txalaparta, 1999) paratu zuen. Gure tradizioan arakatuz, ozta-ozta gainditu ditu berrehun eta berrogeita hamar orrialdeak. Noski, lizunkeria ez da erotismoa, baina badu erotismotik. Nork zeri dion amodioa eta nork zer desiratzen duen da gakoa. Horrelaxe, Jon Mirande ren Haur besoetakoa euskal erotismoaren klasikoari pederastiaren apologia izatea egotzi zaio aspaldion. Egungo parametroetan gaitzesgarriak izanik pederastak, gakoa da parametro horiek zein zerikusi duten literaturarekin. Desioaren jomugak ez dira beti etikoak. Amodioarenak ez dira guztiak negutegiko fruituak. Debekurik gabe, basakeriarik ezean, non da erotismoaren indarra? Literatura erotikoaren atal nagusietako bat politikari lotua da. Politikaren arlokoa delako mundu honetako desiorik bortitzena, amodiorik itsuena. Boterearen desira, boterearen amodioa.
Sadeko markesaren lanak boterearekiko lotura horretatik aztertu ahal dira. Horien irakurtzea, berriz, aspergarri gerta liteke. Euskaraz Filosofia apaingelan (Txalaparta, 2001) eta Justine edo bertutearen zorigaitzak (Ibaizabal, 1997), diodanaren froga egin nahi baldin bada. Nolanahi ere, diodan hau ez da nirea. Irakurri Georges Batailleren La Littérature et le Mal (1957). Eta eltzea sutan jartzean frogatzen denez, bada Bataille beraren klasikoetako bat euskaraz; Begiaren istorioa (Mademe Edwarda eta Hildakoa narrazioekin batera; Elkar, 1989). Begiaren hori gernuarekin hasi eta apaizak elizan akabatuz amaitzen den iniziazio bidaia da. Erotismoa ez da berez sexua, eta sexua den oro ez da ezinbestez erotikoa.
Bestela, boterea eta erotismoa maisutasunez lotzen dituen lana, gailurretan gailurra, Guillaume Apollinaireren Les Onze Mille Verges edo Hamaika mila idizil, Gabi Piedra Anakabek euskaratua (Gara, 2001). Eta boterearen erabilerak esklabotza lekarkeela beste modu batez erakusteko, beste maisu lan bat Histoire d’O delakoa dugu. Oraindik euskaratu gabea; liburua ezizenez sinatua da –Pauline Age– eta sinaduratik bertatik dakar literatura erotikoaren historian konstantea dena, hots, izatez fikzioa-edo dena oroitzapen liburu legez aurkezta. Horrelaxe, fikzioa dateke La vie sexuelle de Catherin M (2001). Egileak autobiografikotzat aldarrikatuta, zalaparta ederra eragin du lanaren ustezko egiatasun horrek. Irudi du, ostera, egiazkotasuna dela egungo irakurleen gogoko ezaugarria, literatura erotikoari dagokionez. Horrela, Alemanian burrunba eragin du Charlotte Rocheren Feuchtgebiete (2008) narrazio autobiografikoak. Pornoa ala feminismoaren manifestua?, galdegiten dute Interneteko foroetan.
Narrazio autobiografikoetara jotze hau ez da berria literatura erotikoan. Geratzen zaion azken irtenbidea ote den nago. Joan ere, generoa bera, XX. mendearen hondarretan joan zen literatura arruntaren barruan urtzen, eta gaur arte. Erotismoa, egun, edozein generotako literatur lanetan ageri da. Millenium trilogia horrek, adibidez, badu halako indar erotiko bat, nik neuk, liburuetan aurrera egin ahala, desiratu egin baitut protagonistak behin eta berriro elkarrekin jotzen agertzea. Beste mutur batean, Elfried Jelineken lanei ere erotismoa darie. Generoa urtzearen honetan, Guy de Maupassanten ipuinetako batzuk maisu lanak dira eta nire kuttunenen artean daude.
Gizartearen aldaketak, eta horren barruan sareak berak eragin duen pornoaren jendartera zabaltzeak, literatura erotikoaren bilduma berezituen krisia ekarri du (tesirik plazaratzeko asmorik gabe dihardut eta guztiok dakiguna aipatu behar, bai). Euskaraz hortxe dirau Txalaparta argitaletxearen Literotura bildumak. Durango Azokara 2010eko honetan ustekabekoren bat ekarriko omen du, Orgasmus izen iradokorraz titulatua. Ikusiko da. Bitartean, irakurleari egiten diogun gomendioa arakatzea da. Arakatzea eta bilatzea, literatura, desiraz eta amodioz bizi dugunontzat behintzat, erotikoa delako. Bilaketa horretan topatuko dugu, agian, Jean Etxepare medikuaren Amodioa narrazioa, bere garaian zentsuratua. Edo Nafarroako Margaritaren Heptameron laburtua. Eta arakatu eta bilatu eta gero, erostea ere erotikoa da; azken batean euskaraz dugun aditz erotikoena horixe delako: eros.
Erlazionatutako Albisteak
- ← LA HUELLA DE LOS GENTILES
- Alejandro Fernández: “Deja sin sitio a un hombre de 45 años que es bueno en lo suyo, y verás cómo lo destruyes” →