Luis Garde: «Euskal literaturak ez du zertan landu tokiko gairik»

herriaren etsaia - Luis Garde IriarteNikolai Ivanovitx Vavilov biologo errusiarraren egiazko bizitzaren gainean eraiki du bere hirugarren nobela Luis Gardek (Iruñea, 1961): Herriaren etsaia. Fikzioa eta poetika lagun, idazleak zorrotz uztartu ditu botereari eta hitzen indarrari buruzko gogoetak.

Zein izan zen nobelaren lehen hazia?

Maitasun kolpe bat izan zen. Dibulgazio zientifikoko liburu bat irakurtzen ari nintzela, lerro interesgarri batekin egin nuen topo. Hartan, erraten zen Sobietar Batasunak bereganatu egin zuela agronomo batek gariaren ekoizpenerako azaldutako teoria bat, baina kale egin zuela, eta milioika pertsona hil zirela ondorioz. Horri buruz gehiago ikertzen hasi, eta Nikolai Ivanovitx Vavilovekin egin nuen topo gero. Hagitz erakargarria iruditu zitzaidan zer edo zer idazteko.

Zein da haren historia?

Vavilov bat zetorren Europan zabaltzen ari zen genetikaren teoriarekin. Hasieran jeniotzat zeukaten, baina, iraultza boltxebikea gertatu eta urte batzuetara, erregimenak mehatxutzat hartu zuen teoria hori, Mendebaldeko asmakizun burges eta faxista zelakoan. Gogor egin zioten kontra.

Oraingo honetan bezala, lehendik ere landuak zenituen, hala poema bildumetan nola eleberrietan, botereak eta botere goseak jendearengan pizten dituen bulkadak.

Nahi gabe ateratzen zait; pentsatzen dut hori dela nire obsesioetako bat. Gizakien arteko harremanak beti dira botere harremanak, eta niri haiek kontatzea interesatzen zait: kontatzea boterea bera, kontatzea boterearen ondorioak. Baita biktimak eta kalteak ere.

Liburua XX. mendean eta atzerrian dago kokatua; baliteke horrek halako distantzia bat paratzea kontakizunaren eta irakurlearen artean. Idazketan, presente izan duzu hori?

Nire aurreko bi nobeletan markoa hemengoa zen; banuen gogoa arnasa hartzeko eta hemendik ateratzeko. Sentsazioa nuen bestela zerbait errepikatzen ariko nintzela. Unibertsala da literatura, eta euskal literaturak ere ez du zertan beti landu tokiko gairik. Gainera, beti egin ditzakezu konparazioak, eta uste dut nobelaren izenburua bera ere begi klixka bat dela: guk ez dugu izan sobietarrik, baina izan dugu herriaren etsairik, edo, behintzat, batzuk hala izendatu dituzte.

Beste behin, fikzioaren eta errealitatearen arteko puzzlea osatuz ondu duzu nobela.

Izan ere, existitzen da fikzio purua? Nik ezetz uste dut, istorio guztiek hartzen dutelako zerbait batetik eta bestetik. Eta, antzera, existitzen da errealitate purua? Nik, behinik behin, zailtasunak ditut bereizteko. Bizi dugun munduan gertatzen direnak sinesgaitzak dira batzuetan, eta kasik fikzioa dirudite.

Bestela ere, hori bai, bistan da nik jada gertatuak diren historietan aurkitzen dudala nire kontatzeko era. Maitemindu egiten naiz istoriotxoekin, eta zera pentsatzen dut: “Hau neure hitzekin kontatu behar dut, neure obsesioekin”.

Nolakoa esanen zenuke izan dela zure kontamoldea lan honetan?

Tonu diferenteak daude. Batzuetan, gehiago erabiltzen dut historia; betiere, wikipedismoa saihestuz, informazioa mamituz, neure erara ekarriz. Beste zenbait pasartetan, tonua narratiboagoa da, eta fikzioak pisu handiagoa du. Beste inoiz, agian ageriago gelditzen da tonu poetiko bat. Eta hausnarketak. Horiek gabe ez dakit idazten, eta, igual, horiek gabe honek ez luke interesik.

Literatur ibilbidean, orain arte poesia izan duzu adierazpide nagusia, baina hirugarren nobela duzu hau dagoeneko. Bistan da nobelagintzari ere hartua diozula gustua.

Beste deus baino gehiago, ni literaturazale sentitzen naiz. Inoiz, zera esaten didate: “Bai, bai, baina zu poeta zara!”. Eta, tira, bai, gehienbat bai, baina, segur aski, irakurri ditudan liburuen artean gehiago dira nobelak, poema bildumak baino.

Nobela bat eraikitzea liluragarria da. Izugarria da atzera eta aurrera joatea, tarteka gauzak kentzeko edo gehitzeko, pasarteak elkarri lotzeko… Uste dut nobelaren arkitektura dela gehien gustatzen zaizkidan alderdietako bat. Hori, eta ikerketa prozesua. Eta ikustea nobela hazi eta hazi egiten dela, joaten dela pisua hartzen, eta sentitzea, adibidez, inoiz aurreikusi ez zenituen lekuetara ailegatzen zarela azkenean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina