Olatz Mitxelena: «Mila modutara lehertzen zaigu irrazionaltasuna, esplikatu ezin den hori»
Hamar ipuin bildu ditu Olatz Mitxelenak bere bigarren narrazio liburuan: Etxe arrotz hau (Susa).
Etxearen ustezko babesari, arroztasunaren tentsioa kontrajarri diozu. Nolatan?
Kontrapuntu hori izan da ipuinok idazteko abiapuntua: etxea, gertukoena eta intimoa den leku hori nola bihurtzen zaigun batzuetan arrotz eta beldurgarri: eroso behar genukeen horretan nola sentitzen garen batzuetan deseroso. Modu fisiko batean, etxeei buruz hitz egiteko gogoa ere banuen.
Ipuinen agertokiak ugariak dira, baina bikote eta familia harremanak ageri dira gehienetan. Bereziki behatu nahi izan duzu eremu horietako ez-ohikotasuna?
Hori gehiago atera egin zait, agian. Momentu batean, lagunarteko pisu bat edo beste bizikidetza modu batzuk irudikatzekotan ere egon nintzen, baina azkenean bikote harremanek edo familiak atera zaizkit gehiago etxeari eta horietan gertatzen denari begira jartzean. Baina arrarotasuna bai, hori bai izan da egoeretan eta pertsonaietan bilatu nahi izan dudan zerbait.
Hor egon daiteke zenbait ipuinen tentsioa?
Bai, baina ez da kalkulu bat izan, horretaz hitz egiteko gogoa baizik. Irrazionaltasunarekin lotzen dut. Horretara jotzen badugu ere, dena ez da arrazionala eta pentsamenduaren araberakoa, eta irrazionaltasuna mila modutara lehertzen zaigu, esplikatu ezin den hori, izan ametsetan, manietan edo bestelako obsesio eta arrarotasunetan.
Ipuin laburrak izanda, tarte gutxi du irakurleak pertsonaiak ezagutzeko. Zer garrantzia izan du haien eraikuntzak?
Badakit askok idazten jarri aurretik egiten dituztela eraikuntza lanak, baina nire sentsazioa da esaldiei, hitzei, pertsonaiei tiraka aritzen naizela. Irudi batetik has naiteke, edo esaldi batetik, giro batetik, eta hari segitzen diot. Pertsonaiak agertzen dira, eta beste pieza batzuekin elkartzen ditut ikusteko ea zer egiten duten.
Tonuak ere ugari dira liburuan; badago ironia, esajerazioa, errealismo gordinago bat… Bada bereziki gozagarri zaizun erregistrorik?
Tonua inporta zaidan zerbait da. Pertsonaien eraikuntza hasieratik pentsatzen ez dudan bezala, zenbait ipuinetan tonua bai egon da aurretik, idazten hasteko baldintza bezala ia. Otea erre-n, adibidez, haserre eta ostia txarrean idatzi nahi nuen; edo Sehaska kanta-n ere minarekin batera haserrea nahi nuen, nahiz eta dolu handi bat kontatu. Esango nuke idazteko gozagarrienak Sehaska kanta eta Landare bizitza izan direla, bietan ahots batean sakonago sartuta aritu naizelako. Era berean, ironia asko gustatzen zait, irakurle modura baita ere, barre txikia eragitea tarteka; eta baita zakarkeria ere, hizkuntza puskatuago bat, ez hain txukuna, ez hain zuzena.
Hiru urte igaro dira aurreko ipuin liburutik. Idazle gisa, aldatu da zerbait?
Lehenbizikoa bukatu orduko, garbi geratu zitzaidan ipuinak idazten segitu nahi nuela; tramak, istorioak, ipuinen arkitekturan sakontzen jarraitu nahi nuela. Etxeko-lan batzuk geratu zitzaizkidan, eta orain beste gauza batzuk ikasi ostean, sentitzen dut gogoa beste nonbait daukadala berriro. Bigarren liburua ez da bakarrik lehenengoaren ondoren datorrena: harekin puntu batera iritsi nintzen, orain mugitu egin naiz berriz, eta bide hori erakusten du, uste dut, liburu honek.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Luis Garde: «Euskal literaturak ez du zertan landu tokiko gairik»
- ASEL LUZARRAGA: “Liburuak ez dira bonbak, garrak baizik” →





