Elizabeth Hardwick: “Giza-miserien potreta eder bezain lazgarriak”
Elizabeth Hardwick-en prosa sinesgaitza da; haren edertasunak, zolitasunak eta maisutasunak obsesiboki itotzen baitute irakurlea loezin amaigabe eta hipnotiko batean. Haren bizitzako edo asmatutako gizakien erretratu gazi-gozoak eskaintzen dizkigu noranzko jakinik gabe baina xede erabat argiarekin, literaturaren epifania. Gizakiek garatu ditzaketen hondamendi existentzial ororen testigu bihurtzen da: Billie Holidayren auto-suntsiketaren testigantza, gaztaroko amorante iheskorrak, pobreziak kolpatu “zabor-zuri” zein afroamerikar baztertuen arima galduak, bizitzaz blai zoriontasunaren gorenean zubi batetik jauzi egiten duten gizonezko petralak, Kentuckyko zaldi-lasterketen ilun dirdiratsua, Columbiako Unibertsitateko ego ezinduen gainbehera… eta talentuari bide emateko beste hamaika gai.
Joxe Mari Berasategi itzultzailearen hitzetan, “aintzat hartu behar da insomnio-orduen ekoizkin gisa aurkezten zaigula, guztiz fragmentario, hari garbirik gabe, saiakeraren mailako pentsaera sakonen katramilan bilbatuz autobiografiatik ere baduten pasadizoak eta era askotako jendeen analisi ezin zehatzagoak, landa-girotik hasi eta New York hiri erraldoiraino, Estatu Batuetatik Herbehereetaraino. Hardwick behatzaile ilustratu zorrotza da, eta giza miserien desfilea aurkezten digu, fin bezain zoli”.
Liburuak badu autobiografia baten zantzurik; izan ere, Hardwicken bizitzarekin lotuta dago eta lehen pertsonan idatzia da. Hala ere, amaieran bertan aurkitu ditzakegu idazlearen literatura-ikusmoldearen nondik norakoak: “Aldizka gogaitu egiten nau askok nire benetako bizitzaz duten glosarioak, egiarekin bat etortzeak, betaurreko pare gehigarri bat balute bezala”. Hardwickek berak aipatu zuen nobela idazteko abiapuntua esaldi bakar batek eragin ziola: “Nobela idatziko dut baina ez dakit ni edo hura deitu nire buruari”; azkenean, esaldia ezabatzea erabaki zuen, “ni” hori gehiegi gailentzen ari zitzaiola ohartu ondoren.
Kansaseko Kentucky-n jaioa, AEBetako hegoalde sakonean, Hardwickek ez zuen inoiz galduko bertako ahoskera berezia, urte luzez New Yorkeko kultur elitearen partaide izan arren. XX. mendeko literatur kritikaririk zorrotz eta garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. Autobiografiaren galbahea baliatuta —amari igorritako gutunak baitira liburuaren ardatzetako bat—, gizakion miseriak, hantusteak eta ihesbideak ditu idazgai, talentuz mukuru: Billie Holiday, haurtzaroko amorante iheskor bat, bizitzaz blai zoriontasunaren gorenean zubi batetik jauzi egiten duten gizonezko petralak, Kentuckyko derbyaren ingurumariak, Herbehereetan kokatutako maitaleen triangelu dekadenteak, New Yorkeko artistak eta artista izateko esperantza galdu duten pertsonaiak, eta beste hamaika gai jorratzen ditu XX. mendeko onenen artean kokatu beharra dagoen eleberri goren honetan. “Hardwicken prosak gainez egiten du poesiaz, sintagmak oparo harilkatuz, adjektiboz mukuru eta osagarriz jori. Eta hala ere arin kulunkatzen da prosa trostari aberatsean, laino-giroan ere zorrotz eta buruargi, noranzko garbirik gabe bada ere”, dio Joxe Mari Berasategi itzultzaileak. Bada, zer axola du noranzkoak bizitzan zein artean, ederra bezain krudela denean?
Alta bada, hitzen aukeraketan ahalegin prometeikoa eginez lortzen du hori guztia, eta gauza bera esan daiteke halaber Berasategiren itzulpenaz. Itzultzailearen hitzetan, “Hardwickek kontu handiz hautatzen du hitz bakoitza, hitz-kate bakoitza, eta modu ezinago landuan konbinatzen ditu. Hautalan eta antolaera horretxek ematen dio obrari bere tonu berezi eta harrigarri hori. Beraz, arreta berezia jarri behar izan dut idazlearen hautalana errespetu handienaz hartzeko eta antolaerari begirune ez txikiagoa erakusteko. Ahalegindu, ahalegindu naiz. Irakurleak esango du zenbateraino lortu dudan, lortu badut”.





