AMAZONAS

Sangma Francis, Amazonas liburuaren egilea, ezagutza liburu ikusgarri honen idazketa-prozesua nolakoa izan zen kontatzera gonbidatu dugu.

Nire lehenengo liburua (Everest, 2018) idatzi ondoren, Amazonas ibaiari buruzko liburu bat egiteko gonbidapena jaso nuen Flying Eye argitaletxearen eskutik. Hasieran urduri samar jarri nintzen hain eremu zabalari buruz idatzi behar nuelako. Azkenean, baina, beldurra gainditu eta prest agertu nintzen bioaniztasunik handiena biltzen duen Lur planetako eremu hori deskubritzeko.

Idazketa-prozesuaren hasiera askotan zaila eta nahasia izaten da, irakurtzea, idaztea eta informazioa egituratzea aldi berean ematen baitira. Kasu hauetan oso baliagarria izaten da datuen zurrunbilo hori ordenatzeko oharrak hormetan ipintzea, askoz ere leku gehiago baitago koaderno batean edo ordenagailuko pantailan baino.

2019an, liburuaren lehenengo zirriborroa bukatu ondoren, Manaus-en (Brasil) Labverde erresidentzia programa burutzeko aukera izan nuen. Egonaldi hura aukera ezin hobea izan zen Amazonas oihaneko biomen, ekosistema anitzen eta ekologiaren historiaren inguruan ezagutzak landu eta zabaltzeko. Aldi berean, irudiak, doinuak eta bestelako informazio gehigarriak bildu nituen, eta harrigarriak eta erabat zoragarriak ziren gauzekin josi.

Amazonasi buruz idazteak oihanaren suntsiketari buruz eta horrek bertako biztanleei nola eragiten dien aztertzeko aukera ere eman zidan. Esaterako, izan nuen esperientzia asaldagarrienetako bat Uatumâ ibaian egindako Balbina Dam presa hidroelektrikoa bisitatu nuenean izan zen, tokiko bioaniztasuna guztiz suntsitzeaz gain, bertako indigenen komunitateak lekualdatzera behartu baitzituzten.

Datu eta informazio guzti hauek liburuan berriro murgiltzeko aukera eman zidaten eta une horretan ekin nion berridazketa prozesuari.

Klima aldaketari buruz eta habitaten txikizioari buruz hitz egiterakoan zaila izaten da diskurtsoaren tonuarekin ondo asmatzea; nola helarazi mezua haurrei paralizatu ditzakeen izurik eragin gabe? Zentzu horretan, Fridays for Future ́s mugimenduaren lana guztiz baliagarria dela iruditzen zait, eta liburuan jaso nahi izan nuen.

Liburuaren benetako magia prozesuaren bukaera aldera gertatzen da ordea, ilustrazioa, testua, diseinua, edizioa, kolore-paleta eta abar uztartzen direnean. Une zirraragarrienetako bat Rômoloren ilustrazioak ikustean gertatu zen, orrialde bakoitza bizitasunez eta mugimenduz beteta baitago! Rômolok ere libururako bere ikerketa bisuala egiten asko gozatu zuen eta hori liburu guztian zehar nabari da.

Espero dut irakurleek nik bezain beste gozatzea Amazonas ibaiari eta oihanari buruz ikasten. Eta benetan nahiko nuke liburu honek haratago joateko eta gehiago ikasteko gogoa piztea, bai Amazonasi buruz, baita gure inguruko ibaiei buruz ere.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina