Lauaxeta, poesia fusilatua

Duela 80 urte fusilatu zuten frankistek, 1937ko ekainaren 25ean, Gasteizen, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Laukiz, Bizkaia, 1905-Gasteiz, 1937). Indar sinboliko handia du fusilamendu horrek. Batetik, Lauaxeta, artean 32 urte bete gabea, euskal literaturaren eta euskal kulturaren garaiko Pizkundearen protagonista nagusietako bat zelako; bestetik, fusilatu aurretik eta fusilatuko zutela jakinik, Lauaxetak dramatismo handiko testuak idatzi zituelako espetxean, bere sinesmen nagusiei —Jainkoa eta aberria— amaierara arte tinko eutsi ziela erakusten dutenak.

Lauaxeta baino hamar hilabete lehenago, beste poeta bat fusilatu zuten frankistek: Federico García Lorca. Lauaxetaren eredu nagusietako bat zen García Lorca, eta Lauaxetaren poema batzuetan agerikoa da haren eragina. García Lorcaren fusilamenduak areagotu egiten du Lauaxetaren fusilamenduaren indar sinbolikoa.

Bizi zelarik, Bide barrijak (1931) eta Arrats beran (1935) poema liburuak argitaratu zituen Lauaxetak. Herri hizkerari eta tradizioari uko egin gabe, euskal poesiagintzara garaiko poesia aurreratuenaren oihartzunak ekartzen ahalegindu zen, ausardia handiz. “Ofizioko lehen idazlea dugu”, dio Koldo Izagirrek Lauaxetari buruz, XX. Mendeko poesia Kaierak bilduman apailatu zuen Lauaxetaren antologiaren sarreran (Susa, 2001). “Europako lankideen duintasun literario berdinean bizi dena. Euskarak euskaldun mundutarra elikatzen du estreinakoz Lauaxetari esker”. (Irakurri +)

Fermin Muguruzak Adarra Saria jasoko du

Argazkia: Jon Rodriguez (www.donostiakultura.eus)

Gaur, Musikaren Nazioarteko Egunean, Fermin Muguruza musikariak Adarra Saria jasoko du Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren eskutik musikariak beste inork ez bezala erakutsi baitu beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko eta gure kulturara, euskararen baitara, ekartzeko gaitasuna.

Ohikoa den bezala, saria jaso ostean, Muguruzak kontzertu berezia eskainiko du Victoria Eugenian: lehen aldiz, bere errepertorioko kanta ezagunenak abestuko ditu Micaela Chalmeta Big Band – Taller de Músics de Barcelonak lagunduta. (Irakurri +)

Norbere baitako King Kong hori

Virginie Despentesen liburu mugarria da Eskafandra bildumaren bigarren itzulpena

Virginie Despentesen King Kong teoria euskarara ekarri du Itziar Diez de Ultzurrunek eta Eskafandra bilduma feministak argitaratu, eta horrela bere lekua hartu du Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea klasikoaren ondoan. King Kong teoria saiakerak, feminismoaren baitan, begirada erradikal eta kritiko bat dakar.

King Kong teoria liburu garrantzitsua da feminismoaren baitan. Despentesek 2006an eman zuen argitara, hain zuzen Frantziako Estatu Kontseiluak Baise-moi filma zentsuratu zionetik sei urtera. Eta unean berebiziko arrakasta izan zuen. Ez alferrik, gizonkeriaren kontrako saiakera bortitz bat izateaz gainera, feminismo kontserbadorearen oinarriak durduzarazi dituen liburua da.

Virginie Despentes (Nancy, 1969) idazle eta zinemagile punk eta feminista da. Bere sormen lanean tradizionalki gizonentzako baino ez diren rolak betetzen dituzten emakumeak ageri dira, eta horrekin geure gizarteko tabu eta menperakuntzak begien aurrean jartzea lortzen du. King Kong teoria da bere libururik ezagunena, eta baita feminismoaren baitan mugarri izan direnetako bat. Feminismo kontserbadorearen tabu guztiak erasotzen ditu bertan, dela bortxaketa, dela prostituzioa, dela pornografia; eta baita maskulinitatearen oinarriak leherrarazi ere. Izan ere, Despentesek bere bizipenetatik abiatuta osatu du saiakera hau, hau da, prostituzioan jardun eta bortxatua izan ondotik jabetu zenaren gaineko saiakera gordin eta sakona dakar liburura. (Irakurri +)

Euskal Herria Itsastarra San Juan Baleontzitik – kapitulu bat

Marea arteko zabalguneaa Deba eta Zumaia artean

LEIZEETATIK ITSASORA
PALEOLITO GARAIA

33.000-128.000 urteen artean, orain Amalda deritzon Zestoako kobazuloan izokin janaldi bat egin zuten. Aurrez inguruko erreka edo ibaietan arrantzatutako izokinak izango ziren, inondik ere. Neanderthalgo gizaki haien jatorduaren hezurrak dira Euskal Herrian inoiz aurkitutako arrantza-aztarna zaharrenak, Erdi-Paleolitokoak.

Geroagokoak dira, Goi-Paleolitikoak hain zuzen, berriz ere Amaldan eta Ekainen (Deba) aurkitutako izo kin hezurrak. Ibaietako printzea deritzonaren hara gi gozo eta gantzadunaz gain, bazen bestelako arrazoirik izokinak arrantzatzeko, eta ez beste arrain batzuk. Izokina urertzean arrantzatzen da, ontziaren  beharrik gabe, eta eskuz, alkorte izeneko harri borobilez zein zurezko itxitura bidez arrantzatu daiteke.

Era berean, gure haitzuloetan aurkitutako margoen artean lehen arrainaren irudia ere izokinarena da: Goi-Paleolitoan, k.a. 9.000 eta 33.000 urteen artean, Ekaingo eta Altxerriko (Aia) kobazuloetako hormetako ilunpean esku batek izokin bat marraztu zuen trazu finez, agian beste otordu goxo bati gorazarre eginez, nork daki. Altxerrin bertan, beste arrain mota bat ere ageri da, artista anonimoren baten irudietan: platuxa. Bistan da, beraz, garaiko biztanleek jadanik arrantzatzen zutela platuxa, hondartzetan eta ibaiak itsasoratzen diren eremuetan. Mendez mende, makila punta-zorrotzez, txistaz edo sardexkaz harrapatu izan dute euskaldunek arrain espezie hori. (Irakurri +)

Eskafandra bildumako Virginie Despentesen “King kong teoria” liburuaren aurrerapena

NESKA GAIZTO ARMATUAK

Itsusien baitatik idazten dut, itsusientzat, atsoentzat, mari-mutilentzat, frigidoentzat, larrutan gaizki jotakoentzat, larrutarako inork nahi ez dituenentzat, histerikoentzat, akastunentzat, neska txintxoaren azoka handitik baztertutako emakume guztientzat. Eta hortik hasiko naiz den-dena argi egon dadin: ez dut barkamenik eskatzen ezertxorengatik, ez nator kexaka. Ez nuke neure lekua aldatuko inoren lekuaren truke, Virginie Despentes izatea kontu interesgarriagoa iruditzen zaidalako beste ezer baino.

Zoragarria iruditzen zait seduzitzea gustuko duten emakumeak egotea, seduzitzen dakitenak, eta beste batzuk, ezkontzen dakitenak; emakume batzuek sexu-usaina izatea eta beste batzuek eskola-umeen meriendarako bizkotxoarena. Zoragarria, emakume batzuk hagitz goxoak izatea, eta beste batzuk beren feminitatearekin pozarren ibiltzea; emakume gazteak egotea, eder-ederrak, eta beste batzuk pinpirinak izatea, eta distiraz beteak. Asko pozten naiz, benetan, gauzak dauden horretan komeni zaizkien emakume horiengatik guztiengatik. Ironia izpirik gabe diot. Kontua da, garbi esatearren, ni ez naizela haietako bat. Ziur asko ez nuke idatziko idazten dudana ederra banintz, topatzen ditudan gizon guztien jarrera aldarazteko bezain ederra banintz. Feminitatearen behargin xume bat naizen aldetik hitz egiten dut, hortik mintzatu naiz iraganean eta hortik hasiko naiz berriro gaur. Langabezian nengoenean ez nuen inolako lotsarik sentitzen baztertu bat izateagatik, sumindura besterik ez. Gauza bera gertatzen zait emakume gisa: ez dut lotsa izpirik ere sentitzen sekulako emakume-puska ez naizelako. Amorru bizian nago, ordea, gizonentzat interes gutxiko neska naizen aldetik, etengabe ulertarazi nahi didatelako ez nukeela ezta hemen egon beharko ere. Beti existitu gara. Nahiz eta gure aipamenik ez agertu gizonezkoen eleberrietan, haietan ohera eraman nahiko lituzketen emakumeak baizik ez dituzte-eta irudikatzen. Beti existitu gara, eta ez dugu inoiz hitz egin. Are gaur egun ere, emakumeek eleberri asko argitaratzen dituzten honetan, gutxitan aurkitzen ditugu itxura desatsegineko edo eskaseko pertsonaia femeninoak, gizonak maitatzeko edo maitatuak izateko ezgauza direnak. (Irakurri +)

Mikel Zarate haur literaturako ipuin saria aurten hutsik geldituko da

erraldoiak_xabier_olasoMikel Zarate haur literaturako ipuin saria aurten hutsik uztea erabaki dute epaimahaikideek. 28 lan aurkeztu ziren guztira.

Iaz, Xabier Olasoren Erraldoiak izan zen irabazlea. Aurreko urteetako beste irabazle batzuk izan dira Julen Gabiria, Irati Bediaga, Patxi Zubizarreta, Arrate Egaña…