Jabi Elortzak Sara liburua kaleratu du estreinakoz. Elkar argitaletxeko gazte literaturako Taupadak bildumaren katalogoan txertatu den lan berri honetan, 15 urteko gazte talde baten abenturak kontatzen ditu.
Idazle berri honen inguruan eta idatzi duen liburuaren nondik norakoak jakiteko, hemen egindako elkarrizketa:
Hasteko, egile berria zarenez, aurkeztu zeure burua: nor da Jabi Elortza?
Egunean zehar zeregin asko ditut: aita, senarra, euskara irakaslea, 4. mailako tutorea, D.B.H.ko koordinatzailea… Erraz esaten da baina pertsonekin egiten diren lanek badituzte bere alde txarrak eta nekagarriak. Niri asko gustatzen zait irakaskuntza baina nire une gogorrak ere baditut.
Lanetik aparte, nola definituko nuke nire burua…? Bizitzan, orain arte, zorte handia izan duen eta gauzak ondo atera zaizkion norbait. Agian nahiko inkontzientea izan naizelako beti, eta beharbada horrexegatik naiz naizena. Gauza horien artean nerabeen irakaslea, horretarako ere apur bat inkontzientea izan behar da.
Hauxe duzu lehenengo liburua. Zerk bultzatu zaitu idaztera?
Alde batetik gustatu egiten zaidalako eta erlaxatu egiten nauelako, eguneroko arazoak ahaztu eta neuk asmatutako errealitate paralelo batean murgiltzeko aukera ematen didalako, eta, bestetik, kostatu egiten zaidalako ikasleek gustuko duten irakurgairik aurkitzea. Horrekin ez dut esan nahi gauza onik ez dagoela. Esan nahi dudana da nire ikasleen gustuekin bat datorren irakurgairik aurkitzea zaila egiten zaidala. (Irakurri +)

Argazkilaria: Jonathan Mccallum
Nagore Vargas du pertsonaia nagusi Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa) eleberriak, haurtzarotik molde askotako borrokatan eta disidentziatan zaildutako neska gaztea. Ziurtasun dogmatikoetatik urruti, gai askoren inguruko pentsagaiak zabaltzen dituzte hala Nagoreri gertatutakoek nola Nagorek gertatzen zaizkion horiei emandako erantzunek.
“Arima otxenteroa” duela dio Nagore Vargasek, nobelako protagonistak. Borrokalaria da (“Borrokan bizirik sentitzen naiz”, dio; “bakean, hilda”), baina ez soldadu baten antzera, disidente petoa baita, errebeldea. Zerk bultzatu zaitu horrelako pertsonaia bat sortzera?
Haurtzaroko baldintza makurrek eraginda identitate gotorra eraiki behar izan duen pertsonaia sortu dut, errebelde bat: Nagore Vargas Espainiako migratzaile ezkertiarren ondorengoa da, tabernarien alaba, klase-kontzientzia eta zapalduaren identitatea bereganatzen dituena txikitatik. Langile-auzo bateko kaleetan eta gurasoen taberna otxenteroan iniziatuko da eta oso gazterik hartu beharko ditu heldu bati legozkiokeen ardurak eta erabakiak. 80ko eta 90eko hamarkadetako krispazio-giroak bat egiten du Nagoreren egitura emozionalarekin: justizia-grina du, biolentziarako predisposizioa, autoritatearen kontrako jarrera, gainezka egindako amorrua, arbasoak mendekatzeko premia… Baina, gutxien espero duenean, goitik behera amilduko zaio bere buruaz sortu duen irudia, identitate zaharrak hondamenera baino ezin eraman dezakeela ohartuko da, eta berriro marraztu beharko ditu klasearen, aberriaren eta sexuaren koordenatuak. Identitatearen berrasmatze prozesu bat da Nagorerena, gorputzari lotua, oso intimoa eta, aldi berean, Euskal Herriaren ibilbide identitarioaren ispilu izan daitekeena. (Irakurri +)

Hiria kontzeptu beti modernoaren gainean eraiki du Rafa Ruedak bere disko berria, Hiri kristalezkoa. Jaime Nieto, Txus Aranburu eta Julen Zulaika musikariekin, Leire Bilbao, Harkaitz Cano eta Gotzon Barandiaran idazleen eta Miren Amuriza, Unai Iturriaga eta Arkaitz Estiballes bertsolarien berbekin, Malen Amenabar artista plastikoaren iruditeriarekin, hasi eta amaitu entzuteko lan kolektiboa borobildu du musikari nekagaitz honek.
Hiri kristalezkoa deritzo disko berriari Rafa. Zer da Hiri kristalezkoa?
Hiria aitzaki, musika, hitza eta irudia biltzen duen XXI. mendeko gizarteari buruzko hausnarketa da. Jakinda hemendik gutxira munduko populazioaren ehuneko handi bat hirietan bilduko dela, aitzaki ona iruditu zitzaidan “Hiria”ri berari, gizarteari eta, batez ere, pertsonari heltzeko. Musika guztiak nik sortutakoak izan arren, lan kolektiboa denaren sentsazioa dut. Testuak, irudiak eta musika indar handikoak dira, musikariek sekulako inplikazioa izan dute eta ekoizle artistikoak oso ondo bideratu du lana. Horregatik diot lan-kolektiboarena. Nire lana besteon ekarriek disko zelan birildu zezaketen asmatzea izan den sentsazioa du. (Irakurri +)
Xabier Etxeberria zarauztarrak Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai saria irabazi du Berriro itzuliko balitz proiektuarekin. Etxeberriak urtebeteko epea izango du orain proiektua lantzeko eta nobela prestatzeko. Datorren urteko udazkenean aurkeztuko du Elkar argitaletxeak egindako lana.
Berriro itzuliko balitz du izenburua, baina zure hau ez da habanera bat, prezeski. Zergatik titulua?
“Berriro itzuliko balitz, iragan denbora arrotza” dio Leteren abestiak eta, hain zuzen ere, eleberriaren mamiarekin oso loturik dago melankonia sentipen hori, atzera itzuli nahia, iraganean egin genituenak (edo ez genituenak) konpontzeko ahalegin antzuan.
Nobela beltzean sar liteke neurri batean zure proiektua?
Bai, ehuneko ehunean, esango nuke. Eleberri beltzaren elementu gehienak izango ditu: desagerpen bat, heriotza, bilaketa… Erritmoa gero eta biziagoa izango da istorioa aurrera doan neurrian eta, batez ere bukaera, thrillerraren gisakoa izango da. Eleberri beltz guztietan bezalaxe, jakina, mekanismo narratibo horiek bestelako gai batzuk jorratzeko aitzakia dira, eta liburu honen kasuan atzerritar edo kanpotar izatea izan liteke, horrek dakarren guztiarekin. (Irakurri +)

Argazkilaria: Josu Izarra
Bakarkako bira eta disko baten ostean, taldearen abarora itzuli da Mikel Urdangarin norbanakoaren askatasunari buruzko lana ontzeko. Bere ibilbidearen hogeigarren urteurrenean, Margolaria disko “fresko eta argitsua” izatea nahi zuen.
Titularra eman zenuen diskoaren aurkezpenean. “Bihotza, gibela eta odola” jarri omen dituzu lan honetan.
Disko bat egiten ari naizenean, sentitzen dut disko horrek sostengua eman behar didala, jaten eman behar didala, niri eta proiektu horretan dauden beste bospasei lagunei. Horrek ez du ekartzen derrigorrez disko on bat egitea, baina bai ekartzen du prozesu hori hil ala bizikoa bezala bizitzea. Ezin duzu jolas bat bezala hartu. Musika nire lehenengo ogibidea da, eta nire bizitzaren ardatzean dago. Akaso sentimendu hori denborarekin areagotuz doalako esan nuen hori. (Irakurri +)
Boxeoa, muturrak txikitzeko kirola baino gehiago, bizi jarrera da, eta horixe bera izango du ardatz Jasone Osororen bilduma berriak. Eskularru Beltzak izenburupean eta lau liburukitan barrena, sei pertsonaia nagusi deskubrituko ditugu apurka, haien ahuleziak eta kemenak, gaitasunak eta ezinak, txanpon beraren aldeak balira bezala. Urtean bi liburuki plazaratzeko konpromisoa hartu du egileak. Lehenak bildumaren izenburu bera darama.
Bizitza zer den, boxeoaren bidez azal litekeela diozu. Nolatan heldu diozu boxeoari?
Ezekiel-en eta Jara-n ez bezala, mezu bat helarazi nahi nuen oraingoan. Hasiera-hasieratik bilduma gisa abiatu denez, istorioaz gainera beste heldulekurik ere behar nuela iruditzen zitzaidan, gaztaroari lotutako zerbait-edo. Gogora etorri zitzaidan gaztetan askotan izaten dela beldurra, edo ahul sentitzen zarela, tokiz kanpo, zeure lekua egin beharrean, eta talde bateko kide sentitu nahirik, batzuetan ez zaituztela onartzen, eta beste batzuetan berriz, zeu zarela zeure burua ondo kokatuta ikusten ez duena. Bullinga, harrera etxeetan bizi den gaztea, badago hitz-totela den neska bat… Gai horiei heldu nahi nien, modu entretenigarrian, eta horri zelofana jarriko zionaren bila nenbilela, bat-batean boxeoa etorri zitzaidan burura. (Irakurri +)




