“El sargento Asch va a la guerra” – Hans Hellmut Kirst

08/15 ( II Mundu Gerran Alemaniako armadako soldaduak gauza jasanezinak izendatzeko zuten klabea) izenburu generikoaz ezaguna den tetralogiaren bigarren liburua da eskuartean daukagun hau. “La original rebelión del cabo Asch”en ostean. Gure Asch kabo berezia, lar ondo jakin barik zelan, sarjentu bihurtu zaigu, eta koartelak utzita dagoeneko frontean da, non eta Errusia aldean, noiz eta neguan. Koarteleko inkonpetentziak, ustelkeriak, ergelkeriak, etabar atzean utzita konturatuko da, eta kontatuko digu, gauzak bardin jarraitzen dutela, eta gainera zenbat eta aginte altuagoa, orduan eta ergelago. Gauzak honela, gure sarjentoak, oso konpetentea bera bere ez, bere buruaren alde bakarrik egingo du ideia bakar bategaz, desastre horretatik irten eta etxera osorik ailegatzea.
Egilearen esperientzian oinarriturik, tetralogiaren onena omen da hau. Besteak bezala ironia finez eta umorez betetako eleberri hau, kritika antimilitarista hutsa da. Alemaniako historiaren pasarte beltzenaren eta garaiko gizartearen bestaldea erakusten diguna: inkonpetentziaz eta itsukeriaz, zoro baten atzetik tutik esan gabe doan gizarte oso baten erretratua. Eta erretratu/karikatura honetan gaizkien agertzen dana Wehrmacht ahalguztiduna, guztiz desmitifikatuko duena, hori bai, beti irribarrea ateraraziz. “Las aventuras del buen soldado Svejk” mitikoaren ildoa jarraitzen du armadak egurtzeko, eta beste batek esan zuen bezala, MASH telesailaren aitzindaria da.
Eta oraindik, beste liburu bi falta zaizkigu…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina