Ekaitz Goienetxea XIX. Igartza Sariaren irabazlea

Ekaitz GoienetxeaEkaitz Goienetxea izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hemeretzi urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hamabost proiektu aurkeztu dira, eta Karramarroa trostan izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Ana Jaka, Igor Estankona eta Peru magdalena epaimahaikideek.

Karramarroa trostan: Gaurko pertsonaiak bat eta 80ko hamarkadakoak, bi garaiak uztartzen dituen istorio batean, Bizkaiko itsasertzeko herri batean girotuta. Egungo gazteen kezkak eta arazoak ikusiko ditugu, batetik, eta baita haien gurasoen belaunaldia markatu zutenak ere, ahots desberdinen polifonia landuko duen teknikaren bidez, eta bizitzaren gorazarrea izan nahi duen narrazio bat osatuz, melengekeriarik gabe baina.

Ekaitz Goienetxea Cereceda (Miarritze, 1982). Bermeon bizi da eta bertan lan egin, Talako Kantinan tabernari eta kultur programatzaile. Kazetaritzan lizentziatua da, euskarazko prentsan aritua, eta publizitate eta marketin lanak ere egiten ditu, literatur sorkuntzaz gain. Ez du bakarkako libururik orain arte, baina Gabriel Aresti ipuin sariketa irabazi du, eta Eslovenian literatur egonaldi bat ere egina da “Beste Hitzak” programarekin.

ELKARRIZKETA:

Karramarroa trostan proiektuarekin irabazi duzu Igartza saria. Kontatu ahal diguzu, laburki eta zeure berbatan, zertan datzan egitasmo hori?

Nobela proiektu bat da. ‘Zaldiak’, hau da, heroinak belaunaldi oso bat zulora eroan zueneko sasoia du kontagai, kostaldeko herri batean, gaurtik begiratuta. Protagonista neska gazte bat da, bere gurasoak jonki ohiak dituena eta etxean bertan bizi izandakoak kontatzeko inolako lotsarik ez duena, bere herrian gaia tabua izan arren. Taberna batean lan egiten du eta horri esker hainbat pertsonaia ezagutuko ditugu, garai haiekin lotura bat edo beste dutenak, eta guztien artean orduko gizartearen hainbat adar eta korapilo ezagutuko ditugu. Sasoi hartako gozamenak eta beldurrak, deskubrimenduak eta etsipenak, pozak eta minak.

Zuk umea zinela ezagutu zenuen 80ko hamarkada, baina bistan da lilura moduko bat sortzen duela askorengan. Zergatik aukeratu duzu garai hori?

Agian, halako zulo bat geratu delako, heriotzak hutsune handi bat utzi zuelako, eta nire irudimenak ezin duelako ebitatu galdetzea zelakoak ziren orduko gazteen bizipenak eta motibazioak, heriotzak hain brutalki eta ezustean eten zituenak. Txikitan ‘Asterix eta Obelix’ liburu guztiak erosten nituen liburu denda batean, eta hango dendaria hil zenean kontatu zidaten etxean, drogaren eraginez izan zela. Hori dut lehenengo akordua. Baina, duela urte batzuk, trago artean atera zen gaia: herrian bazela historia zati oso bat ahaztua edo isildua, minagatik edo dena delako arrazoiengatik, eta historia horrek gordetzen zituela kontu eta bizipen interesgarri asko. Bazela hor lantzeko gai potolo bat. Ordutik, hainbat testigantza eta informazio iritsi dira nire belarrietara, modu batera edo bestera. Atentzioaren radarrak hori dauka: zerbaitenganako jakin-mina piztu ostean, etengabe konturatzen zarela gaiarekiko erreferentzia ugariz inguratuta zaudela. Jakin-gosea handitzen joan da eta, orain, horri guztiari liburu forma emateko aukera etorri da Igartza sariarekin.

Eta 80ko hamarkadako musika, oraindik jaietako txosnetan etengabe entzuten dena, zer iruditzen zaizu?

Ignorantzia nostalgiko handi bat. Ez dugu ezagutzen, edo ahaztu egin ditugu orduko motibazioak, eta orain dantzan egiten dugu baina pentsatu gabe. Hori bai: ez nago ni pentsatu gabe dantzatzearen kontra. Baina bai iruditzen zait, batzuetan, musika mota berriei ateak zarratzen dizkiegula ignorantzia nostalgiko horren izenean. Abesti batzuk lehen izango ziren zirikatzaileak eta mobilizatzaileak, baina 30 urte geroago berdina entzuten jarraitzeak gehiago du nostalgiatik eta kontserbadoretik. Gaur ‘Sarri-sarri’ ipintzen dutenean, ni jada ez nau motibatzen, Joseba Sarrionandiaren eta Toots and the Maytals taldearen oso fana izan arren, iruditzen zaidalako dantzan ikusten dudan jendearen gehiengoak ez dakiela eta ez duela ezta jakin-min txikienik ere, jakiteko abestiaren atzean zer dagoen, eta horrek desmoralizatu egiten nau. Ez dut uste derrigor jakin beharko litzatekeenik dantzan egin ahal izateko, baina bai nahiko nuke erreferentzia berriak, gaurko protesta beharrekin lotuak, sortuko bagenitu… Baina, tira, ez dakit. Nobelaren gaia ez da horrenbeste hortik joango eta erantzun honetan ere larregi luzatzen ari naizela uste dut.

Zer material mota erabiliko duzu gehien: zeure oroitzapenak, dokumentazio idatzia, ahoz jasotako lekukotasunak, fikzioa…?

Oraindik proiektua oso hasierako fasean dago. Beraz, bidean ager daitezke material berriak nobela elikatuko dutenak: liburuak, diskoak, filmak, udal artxiboa, argazkiak, ezkutuko eskutitzak… Nork jakin. Oraingoz, lekukotasunak dira abiapuntua, eta fikzioa da guztiari forma emateko modua. Entzun eta batu gura ditudan testigantzak errealak izango dira. Baina fikzioa erabiliko dut, distantzia hartzeko. Beharrezkoa izaten da istorioa beste nonbait kokatzea, bestela kontatu ezin diren hainbat xehetasun lantzeko, mingarriak izan daitezkeelako edo gogorregiak irakurtzeko.

Orduko giroa jaso bai, baina gaurko istorio bat ere kontatuko du eleberriak. Bi belaunaldi horiek konparatu beharko bazenitu, zure gurasoak gazte zirenekoa eta zeuena, zer nabarmenduko zenuke?

Lagun batek esan zidan: “Gu ez ginen jonkiak, gu bizitza probatzen ari ginen, ez besterik”. Gaur egun eskura eduki dezakegun informazioa eta orduan zegoen ezjakintasun eta xalotasuna ezin zela konparatu esaten zidan. Baina badira beste hainbat gauza ere nabarmentzen direnak bi garaiak aurrez aurre ipiniz gero: orduko nortasun kolektiboak eta gaurko indibidualtasun atomizatuak, sexu harremanak ulertzeko moduak, orduko kultur talkak eta gaurko modernidade kontserbadorea… Larregi ere ez dut hausnartu oraindino, egia esan, eta egon daiteke nolabaiteko idealizazioa horren atzean, baina horrelako sentsazioak eragiten dizkidate orduko bizipenak kontatzen dizkidatenean.

Mexikon ibili eta hango esperientziez idatzia zara. Berriki, literatur egonaldi bat egin duzu Eslovenian. Proiektu honetarako, ordea, zeure bizilekura jo duzu. Nola elikatzen dira kanpokoa eta bertakoa zure literaturagintzan?

Gertatzen zait bidaia luzeetan halako sentsazio arraro bat, batez ere hegazkin bidaietan, planetaren leku batetik beste puntara hain denbora tarte laburrean zoazenean, norbere azalaren azpitik mugitu ere ez izatearena, zauden tokian mantendu izanarena, mundua zauden lekutik ikusten delako, ez beste inondik. Eta hori da dena elkartzen den puntua: norbera. Noan edo nagoen lekuetan, inguruak ematen ditu istorioak, hor pizten dira ideia berriak eta jakin-goseak. Besterik ez da behar sormenerako. Norbera, bere testuingurua eta bere irudimena. Begiak, belarriak eta azala. Ikusi, entzun, sentitu. Eta gero hortik kontatu. Zerbaitek eragiten dizu, eta diozu: hau kontatu nahi dut. Batzuek ahoz egiten dute, tabernan. Beste batzuek Instagram bidez. Nik horiek eta gehiago ere egiten ditut, noski, eta, tarteka, idatzi ere bai.

Eta Bermeok badu berezitasunik, Euskal Herriko beste herri batzuen aldean?

Nobelako gaiarekin lotuta, bai: oso gogor kolpatu zuen herria, beste herri askotan baino gogorrago. Badu itsasoaren faktorea ere: arrantzarekin batera, ez bakarrik droga, diskoak eta liburuak ere iristen ziren. Portuak eta arrantzaleen lonjek badituzte hirigintza aldetik berezitasunak, kontsumorako eta ezkutuko harremanetarako. Eta abar. Eta, noski, bizi naizen lekua dela ere bai. Ez dakit nork esan zuen, hobe dela ezagutzen duzun horri buruz idaztea, istorioa benetakoa izan dadin. Agian izango da norbere mugak ezkutatzeko modua, ezagutzen ez duzunetik ganorazko zerbait asmatzeko gai ez izatea, baina, hala ere, ados nago gomendioarekin: ezagutu eta bizi dituzunetik hobeto asmatzen dira istorioak.

Kazetaritza ikasi eta horretan ibilia zara; publizitate eta komunikazioan ere bai; eta orain literaturari ekin diozu; zer dute denek elkarrekin, eta zer ematen dizu literaturak besteek ez dutena?

Komunikazioa da dena. Horrela ulertzen ditut, bestearengana iristeko ahaleginak dira denak. Nire kasuan, batez ere erredakzio lanak dira egin ditudanak, modu batean edo bestean. Diseinua eta beste forma batzuk ere lantzen ditut gustura, baina gehien garatu ditudan baliabideek hitzekin dute zerikusia: testugintza, lengoaia idatzia eta haren formak. Literaturak zer duen? Errealitate batzuetara sakonago hurbiltzeko askatasuna, agian. Fikziozko gezurrekin egia benetakoagoak kontatzea. Baina oso lotuta ikusten ditut, eta esango nuke nire baliabide eta mugak ere horrela daudela zehaztuta, batetik eta bestetik edandakotik eta ito nautenetik.

Sorkuntzaz gain, kultur eragintzan ere bazabiltza, Urdaibai aldean musika programatzen eta abar. Nola ikusten duzu euskal kulturaren panorama, bere fase desberdinetan: sormen, azpiegitura, promozio, kontsumo…?

Tira, ez naiz gai sentitzen hausnarketa eta diskurtso orokor bat emateko euskal kulturgintzari buruz, ez nuke nahi sasijakintsuaren plantarik egin. Badakidana da ez dakidala geldi egoten; inebitablea zait gauza berriak antolatzea eta bazterrak nahastea. Atzera begiratuta, konturatzen zara beste lagun batzuekin batera ezinezkoak ziruditen gauza asko gauzatzen ikusi dituzula, ez beti hasieran espero bezala, baina bai askotan ezusteko eder zoragarriekin. Gure esku dauden baliabide txikiekin gauza handiak gertatu dira. Beraz, ikasten duzu ia edozer dela posible. Eta aizu, ze ondo pasatu dugun, gainera. Negar-kexuka geratzea baino askoz dibertigarriagoa da.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario