Euliei buruz
Ez dugu inor engainatuko, argi daukagulako, badira urteak, heriotzari buruz nekez esango dugula gauza berririk. Neurri handi batean horren inguruan eraiki baitira erlijioak, filosofiak, literaturak… Augusto Monterroso idazleak berak ere hala esan zuen fabula zoragarri horietako batean: “Hiru gai baino ez daude: maitasuna, heriotza eta euliak.” Beraz, luma edo arkatza edo boligrafoa edo idazmakina edo ordenagailua literatura idazteko hartu duen edonork, han edo hemen, esan du zerbait, zuzenagoa edo aldrebesagoa, heriotzari buruz. Monterroso bera zenbait aldiz aritzen da horren inguruan La oveja negra y demás fábulas itzelean, obrarik ezagunena duen horretan, baina aipatzeko modukoa da mexikoratutako idazlearen lehen liburua –izenburuaren ederragatik baino ez bada ere–: Obra completa (y otros cuentos).
Heriotza izenburuan bertan daukaten obrak badira batzuk. Esate baterako, Gabriel García Márquezen Crónica de una muerte anunciada entzutetsua. Hasieratik dakigu Santiago Nasar hilko dutela Vicario anaiek eta eleberrian zehar heriotza besterik ez da sumatzen bazter guztietan. Carlos Fuentesen La muerte de Artemio Cruz edo Thomas Mann alemaniarraren Heriotza Venezian aipatu daitezke. Camilo José Celaren Mazurca para dos muertos ere adibide ona da. Istorioak eta ahotsak erabat desordenatzen ditu liburu txiki baina erraldoi honetan idazleak, inoizko ordenarik zehatzena lortzeko, betiere heriotzari keinuka ari den bitartean.
Orain arteko atal gehienetan aipatu dudan egile bat aipatu behar dut orain ere: José Saramago. Izan ere, aldizkari honetan jorratu ditudan gai guztiak maisuki tratatzen dituzte portugaldarraren obrek. Heriotzaren aldizkakotasunak eleberria da, beharbada, heriotzari hurbilenetik jarraitzen diona. Heriotzari eta heriotza ezari begiratzen die idazleak konplexurik gabe.
Samuel Beckettek ere, trilogia ezagunean, heriotza jarri zuen liburuetako baten izenburuan, baina presente dago, esan dezagun, irlandarraren obra ia osoan. Hona hirukoa: 1- Molloy, 2- Malone hiltzen ari da eta 3- Izendaezina.
Eta Irlandara jauzi egin dugunez, ezin dugu ahaztu, inola ere, Becketten maisu izan eta hura bezala Parisen bizi izan zen James Joyce. Azken horrek ere badauka Dublindarrak izeneko ipuin-liburu ezagunean “Hildakoak” narrazio antologikoa, John Hustonek pantaila handira eraman zuena.
Izenburuan heriotza daukaten eta herioarekin dantza egiten duten liburuak gogoratzen baditugu, ezin dugu albo batera utzi Ariel Dorfman argentinarraren La muerte y la doncella, duela gutxi gure hizkuntzara ekarria (Herioa eta dontzeila). Argentinako desagertuen itzala ikusgarri uzten duen hainbat liburutako bat, antzerkirako sortua. Eta teatro lanei begira eta Amerikatik atera gabe, hortxe daukagu Mario Benedettiren Pedro eta kapitaina, aurrekoa bezala torturen inguruko gaiak jorratzen dituena, seguru asko kontinente horretako hego partean bizi izan duten egoeren isla zehatza bi-biak.
Askozaz modu arinagoan, baina heriotza ardatz dela, hor dauzkagu (eta aipatu gabe ezin utzi) Arthur Conan Doyle, Wilkie Collins, Agatha Christie eta beste hainbesteren eleberri eta ipuinak. Azken horren izenburuetan bertan ageri dira heriotza edo familiakoak nonahi: Herioarekin zita, Orient Expresseko Hilketa, Heriotza Nilo ibaian…
Euskal literaturan, nola ez, beste literatura askotan bezala, gai printzipalenetakoa da heriotza eta edozein egile zein obra aipa daiteke. Hor dauzkagu Andu Lertxundiren Argizariaren egunak edo Hamaseigarrenean, aidanez, Ramón Saizarbitoriaren Ehun metro, Joseba Sarrionandiaren gehienak (Narrazioak, bat esatearren), Jon Etxaideren Gorrotoa lege edo Gotzon Garateren polizia eleberriak (Izurri berria, Goizuetako ezkongabeak). Baina betiko moduan, eta gai honekin inoiz baino gehiago, labur geratuko gara orain ere, heriotza bistatik kendu nahian.