Hil ez diren hildakoak. Odol xurgatzaileak
Armenian Dakhanavar piztia bizi da. Inor urbiltzen bazaio hanka zuloetatik xurgatzen dio odola. Txinatarrak Jiang Shi deabruaren beldur dira, bizi dagoen gizonaren gorpua hartzen du eta bizi diren besteen odola edan. Mexikon kontuz izan behar da Ciuateteo emakumeekin, bidegurutzeetan egoten baitira sorginak, jaio berrien odola edateko prest. Islandian diotenez, hobe da besoetako haurrek ez dezatela agure edo atsoen ondoan lorik egin, nahi gabe ere, bizitza xurgatu egiten dietelako. Agertu berri da Venezian, adreilua ahoan lurperatu zuten andrea, beldur ziren banpirismoak jota hil zela eta esnaturikoan, bizi zirenei sukar ustela kutsatuko ziela.
Hil ez diren hildakoak. Odol xurgatzaileak.
Bihotza zatituta soilik hil daitezke. Baina lepoa ebaki behar zaie gero. Hildakoaren odola edateak ere hiltzen omen ditu edo gaixotu. Berakatza ez omen zaie gustatzen. Ez dira ispiluetan agertzen. 1819an Keats poetak Grezia eta Erroman gurtzen ziren lamiei idatzi zien. Aintzinako banpiroak, Euskal Herrian bezalako andre sorginak, gizona zoratzen dutenak sorginkeriaz, koittaduak jakin gabe norekin dagoen. Banpiroak andre lizunak izan dira mitoetan, emakumeen sexualitatea arriskutsu direla esan digute eta hil egin dituzte idazle eta poetek. Stokerren Drakulan, ostera, Mina andre bertutetsua da, deabru nazkagarriaren xarmak ez du liluratzen eta bere senarrarekin batera gailentzen da Drakularen aurka.
Argia eta iluntasuna. Sexu gosea. Herioren beldurra. Odoleko gaixotasunak. Gizakia imajinatzen hasi zenetik, banpirismoak hortaz hitz egin digu, ilunaren arriskuez eta gozamenez. John William Polidorik idatzi zuena, Mary Shelleyk Frankestein idazten zuen bitartean vampiro erromantikoa zen (“El vampiro”, La otra orilla argitaletxearena). Coppolak zinera eraman zuena ere erromantikoa zen, erotzeraino. Hantxe, zinean, pelikula horrekin maitemindu nintzen ni mitoarekin. Aretoaren ilunean Gary Oldmanek denboraren ozeanoa zeharkatu zuen maite zuenarekin egoteko, Jainkoa ukatu zuen eta ohean odola edan zion eta edatera eman, “zatoz nirekin” esanaz, “betiko bizitzera”. Haginkadaka maitasuna, odol koloretan. Stokerri esker banpiroa eta Drakula sinonimoak dira. Horregatik, agian, editatzen jarraitzen dute bere lana (Elkar argitaletxeak Drakularen bertsio laburtuak ditu eta Stokerren “Drakularen etxean” osatzen dituzten bi ipuinak itzuli zituen Joxemari Azurmendik). Historiaren errealismoak ematen dio indarra Drakulari. Benetako kontea zen, Errumanian boterea hartu zuenean noble guztiak gonbidatu zituen etxera eta arerioak bertan hil, bihotza erdibituta, bere eskuz (mito haragi den historiaz idatzi du Ralf Meter Martinek, “Drácula, Vlad tepes, el empalador y sus antepasados” lanean).
Terrorea dakar banpiroak. Eta zirrara berean, erotismoa. Banpiroak abentura agintzen du, gauaren pirata da eta gizartearen konbentzioak hausteko gogoa duten familia oneko emakumeen fantasia izan daiteke (“Desnuda la noche”, Sherrilyn Kenyon, Random House). Baina banpiroa komedia ere bada. Nik gogoratzen dudan pelikula absurdoenak, Rockula izena zuen. Rock and roll izar izan nahi duen banpiroaren ipuina. Hain da geurea mitoa, umeentzako ere moldatu dugu. Beldurgarriak maitagarri egiten dira, adibidez, “Bampiro txikiaren” ipuinetan (Angela Sommer-Bodenburg, Zubia argitaletxea). Munstroei etxean egiten diegu leku eta telebistak, besteak beste, inor hiltzen ez duten banpiroak gizartearen kondenatu bihurtu ditu, arrazismoaren metafora (“True blood” teleisalak halaxe egin du eta papeko bertsioa idatzi du Harlaine Harrisek, Punto de lectura argitaletxean).
Likantropoak, zonbiak, era guztietako deabru eta aingeruak, denak maite ditugu, denek hartzen dute haragi gure ipuinetan, pelikuletan, abestietan eta modan baina banpiroak gailentzen dira besteen gainetik. Saman haginkada egiten dute eta gizakion inkontzientean ere antzera. “Crepúsculo” (Stephanie Meyer, Alguara) sagaren indarra ikustea besterik ez dago mitoak beste belaunaldi bati odola atera diola ikusteko eta Crepusculoren antzekoa, “Crónicas Vampíricas” (LJ Smith, Planeta). Bietan, banpiroak institutuan eta amodio kondenatuak. Anne Ricen gotikoarekin zerikusi gutxi baina mitoak gogoeta metafisikoak zein gaztetxoentzako zirrara erromantikoak eskaintzen ditu. Azken baten maitemintzea odola galtzea izango da, beharbada, eta beharbada ez da inoiz gazte-gaztetan bezain beste odol galtzen, lehenbiziko maitasunaren gora beherekin. Horregatik izango ote du institutuan halako arrakasta banpiroak? Pentsatzen hasita, ez da al da izango bi munduren artean bizi den izakia nerabezaroaren metaforarik zorrotzena? Ez ume, ez nagusi, ez bizi, ez hil. Aukeran dituzte abentura banpirikoak nerabeek. Cassandra Clare idazleak Pandemonium izeneko diskotekara eraman ditu odol xurgatzaileak (Cazadores de sombras, Planeta) eta Claudia Grayk eskola pribatura (Medianoche, Random House).
Mitoari haginak kendu ez badizkiogu ere, leundu egin dizkiogunik ezin ukatu. Poliziari laguntzen dioten izakiak ere badaude (“Vivir y morir en Dallas”, Charlaine Harris, Punto de Lectura). Ohera ekarri dugu munstroa, etxera eta klasera. Eta hala ere, mito hilezkorra behin eta berriz haragitu eta literatur orrialde bihurtu bada, zirrara eragiten digulako da. Erromantiko, nerabe, maitemindu, lagun edo polizia, banpiroak edozein unetan odolustu gaitzake eta haginkada horri diogun beldurrak eta gogoak ematen dio mitoari bizirik irauteko behar duen odola.
Irati Jimenez
Erlazionatutako Albisteak
- ← Juan José Millás: “La ironía hace que por duro que sea el tema, finalmente produzca una sonrisa”
- Milan Kundera. Un checo en París. →