Iñigo Astiz: “Egunerokoaren arrarotasuna lehen lerrora ekarri nahi nuen”
Hamasei ipuineko liburua kaleratu du Iñigo Astizek (Iruñea, 1985). Egunerokoan jarri du lupa oraingoan, eta hor gertatzen diren bitxikerietan. Monogamoak (Susa) deitzen da.
Poesiatik ipuin liburura pasatu zara. Nolatan?
Oso gutxitan daukat aurrez erabakitako plan bat. Unean uneko gogoari jarraitzen diot. Eguna tekleatzen pasatzen dut, Berria egunkarirako artikuluak idazten ditudalako. Gogoratzen dut Kixotenean kronika-liburua atera nuenean disfrutatu nuela lehen aldiz prosarekin. Plazer horri segika joan dira agertzen ipuinak denbora guzti honetan zehar. Eta agertzen joan direnez metatu dira. Eta metatu direnez liburu bat osatu dute.
Monogamietan arakatu duzu?
Deitu dut Monogamoak ze iruditu zait hitzak bere horretan sekulako tentsioa daukala. Beti apurtzeko zorian dagoen zerbait da. Nahiz eta iraun, nahiz eta eutsi. Maitasuna edo sexu-harremanak bideratzeko eredu hauskor eta tentsionatua da. Normaltzat jotzen duguna ez da batere normala. Oso gauza arraroa da. Ipuinetan hori ere agertzen dela iruditzen zait. Izan ere, egunerokoan gertatzen direnak oso gauza inprobableak dira. Eta, hala ere, hor daude eta irauten dute. Egunerokoaren arrarotasuna lehen lerrora ekarri nahi nuen.
Peter Fischli&David Weiss artisten lan bat aukeratu duzu azalerako. Oreka joko bat dirudi.
Irudi horretan eguneroko objektuak ikusten ditugu, eta nola objektu horiek beste zerbait bihur daitezkeen jolasaren bidez. Era berean, ez diete uzten izaten eguneroko objektu. Ipuinetan badago arrarotzearen ideia hori, eta orekaren jolasa ere asko gustatzen zait. Ipuinak edozein familia bezala dira. Kide bakoitza badirudi besteaz oso bestelakoa, eta halere elkarrekin bazkaltzen dute.
Giza harreman korapilatsuak errepikatzen dira.
Giza aurrizkia daraman guztia da korapilatsua.
Eta umorea.
Umoreak balio dit pentsatzeko umorerik gabeko diskurtsoek uzten ez diguten moduan. Pentsamendua eta errealitatea ulertzeko modu bihurgunetsuagoak ematen dizkit, eta hori aprobetxatzen dut testuetan. Uste dut umoreak inteligentzia propio bat daukala, niri oso interesgarria egiten zaidana. Idaztean gehien gustatzen zaidana hori da: dakizunaz aparte nola agertzen den ez dakizun hori. Idazterakoan horrek harrapatzen nau ni.
Hala ere, umorea zuk jartzen duzu eta ez hainbeste pertsonaiek.
Kontatzen dena ez da umoretsua. Aurkezpenean pentsatuta daukat esatea kanoikadaka ibili naizela euli batzuk hiltzen, eta tigre batzuk kortxitozko pistola batekin eraso ditudala. Izan ere, begiradak egiten du umoretsu edo ez umoretsu errealitatea, zeren ez dago interpretaziorik gabeko errealitaterik. Umorea ikuspuntu kontu bat da, baina seriotasuna ere bai.
Gustura gelditu zara emaitzarekin?
Nik lan asko egin dut, baita Leire Lopez eta Itziar Ugarte Susako editoreek eta gainerakoek ere. Literaturaren alde kolektiboak asko lasaitzen nau. Halere, inprentak testuak orrietan aplastatzen dituenean jada berdin zait. Hori mugiezina da, eta niri gauzak mugitzea gustatzen zait. Nahiago dut jarduna ondorioa baino.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Mikel Etxaburu “Mattalingo alaba” liburuari buruz
- Alaitz Melgar “Josefa, neskame” liburuari buruz →