Kutxa zaharrak liburuz gainezka
Egilea: Rafa Egiguren
Txinan dena da neurri gabe, dena da zenbakaitz; gauza bera gertatzen da liburuekin ere eta, jakina, “izartegiaren handitasuna ikusi nahi duenak alferrik dabil tutu-zulotik begira”. Aipa ditzagun, besterik ez bada ere, bi dinastia: Ming eta Qing (XIV-XIX); txineraz idatzitako narratiba bost mende horietan iritsi zen bere gailurrera, eta bost nobela ageri dira beste guztien gainetik nabarmen.
Aurreneko liburuak Shui Hu Chuan du izena –“Uraren ertzean”, euskaraz–. XIV. mendekoa da, baina erabateko edizioa XVI.ean atera zuten. Egilea zein izan zen ez da gauza segurua; adituek bi izen aipatzen dituzte: Shi Nai´an eta Luo Guanzhong; bataren izengoitia ere izan liteke bestea. Hona hemen, hitz gutxitan, zer kontatzen duen:
Izurritea zabaldu da hiriburuan, eta enperadoreak mariskal bat bidali du Hulong mendiko tenplura taoista agurgarri baten bila. Ailegatu denean, maisuaren zain dagoela, hilarri astun bat ikusten du lurrean, zigilatuta. Ohar bat dauka gainean; “sarrera debekatuta dago”, eta neurriaren arrazoia ere ematen du: zeruko 36 izar eta lurreko 72 deabru daude preso. Ezin dio jakin-minari eutsi, eta lauza kentzeko agindua ematen du. Ihes egiten dute denek. Heroi bihurtuta berpizten dira, eta kofradia bat osatzen dute aberatsei lapurtu eta behartsuei laguntza emateko.
Aspaldi hartan herriz herri ibiltzen ziren ipuin-kontalariak, eta Song (X-XIII) eta Yuan (XIII-XIV) dinastietan erabiltzen zituzten gidoiak edo zirriborroak daude Txinako narratiba klasikoaren oinarrian. “Uraren ertzean”, esaterako, Xuanhe garaiko ipuinei esker eraikitako eleberria da eta, maisuki adierazitako 108 pertsonaia bitarteko, orduko nekazarien altxamendu eta matxinadak biltzen ditu.
Ipuin-kontalariek utzitako gidoietan oinarrituta dago, era berean, Sanguo Zhiyanyi, hau da, “Hiru erresumen kronika”. XVI. mendean atera zen argitara; mongoliarrak nagusi zeuden garaian. “Uraren ertzean” sinatzen dutenetako bat dugu egilea: Luo Guanzhong; estatu nagusiko ofiziala izan omen zen Ming dinastia agintean ezarri zuen armadan.
Nolanahi ere, askoz ere zaharragoak dira liburuan jasotako gertakizunak; III. mendekoak. Hiru erresumatan banatuta zegoen orduan Txina: Wei, Shu eta Wu. Ehun urte iraun zuten gerra zibilen berri ematen du; Han dinastia behera etorri zen arte, alegia. Ertaroaren enziklopediatzat daukate txinatarrek. Oraindik ez dago, zoritxarrez, gaztelaniazko bertsiorik.
Aldi hartako nobelek, hala ere, geroagokoak ere bai, mendeak behar izan dituzte osatzeko. Azalez azal, geruzaz geruza gauzatu dira, tipula bezala; aberasteko batzuetan, besteetan kalterako. Horregatik jasotzen dituzte, hain zuzen, argitaratu baino askoz ere lehenagoko istorioak. Ez dira, oro har, esku bakarrari zor zaizkion obrak; ezta gutxiago ere, baina izen bat besterik ez da guregana ailegatu: argitaratzailearena, beharbada.
“Ekialdeko erromesbidea” da hirugarrena, Xi You Ji, eta hau ere XVI. mendean eman zuten argitara. Autore bakarreko obra dugu –aintzindaria, beraz–, eta Wu Cheng´en da idazlearen izena. Indiara liburu sainduen bila doan Tripitaka izeneko monje baten bidaia kontatzen du. Enperadoreak aginduta abiatzen da, eta hiru ikaslek egiten diote lagun: bontzo gizajale ohi argal bat, zerri tripontzi bat eta tximu erraldoi eder bat; zeruan eragindako nahasmen ikaragarria dela-eta, barkamen bila dabilena.
Erromes nagusia maisua bada ere, ekintzaren poderioz, ikasleak gero eta gehiago nabarmentzen dira narrazioan eta, batez ere, tximua; Sun Wukong, harkaitz batek errundako harrizko arrautzatik sortutako izakia. Airearen bizkarrera igo nahi duen bakoitzean, nahikoa du lurra indarrez zanpatu; hodeien gainean ibiltzeko zapatak jantzi, eta aspertutakoan, poliki-poliki pausatzen da lurrean. Arerioaren eztarrian behera sartu, eta gauza da bere saihets-hezurrak okertzeko eta urdaila bihurritzeko. Nahiz eta trumoi batek bezala hitz egin, bere eskuan topa lezake bere etsaiak, txingurria baino txikiagoa, gora begira; eta gutxi balitz, bera da, ez beste inor, hilezinezko melokotoiak lapurtu zituen alproja (lau mila urteko bizitza, ale bakoitzeko).
Laburbilduz, espazioa eta denbora nahi erara malgutzen ditu, eta dagoeneko irakurleren batek antzeman du nor den: Songoku. Zure semeak, zure alabak, edo zeuk luzaro ikusi dituzun marrazki bizidunetako protagonista da, nahiz eta dagoeneko apenas duen antzik tximuarekin. Japoniako monasterio baten aurkitu zuten obra mendetan galduta egon eta gero. X. mendean literaturaz gainezka itzultzen omen ziren itsasontziak Txinatik. Inolako eragozpenik gabe egiten dute bat taoismoak, budismoak eta Konfuzioren irakaspenak liburuan zehar eta, alkimia tarteko, norberaren tigrea hezi eta dragoia menderatzea dute Tripitaka eta bera lagunek helburu. Ez da, ordea, gida espiritual bat; goi mailako literaturaren aurrean gaude, eta edozein literaturzale harritzeko moduko irudimena dario.
Jin Ping Mei da hurrengoa: “Urrezko ontzian aran-lorea”, baina beste zerbait ere gordetzen du tituluak; hiru izen: Pan Jinlian, Li Ping´er eta Pang Chunmei; hirurak emakumezkoak, hirurak Ximen Qing aberastu berriaren maitale. Egileak ere izengoitia erabiltzen du, Xiaoxiao Sheng (algaretan aditua), baina bere itzalpean garaiko idazle handi eta ospetsua omen dago: Wan Shizhen.
Eleberri modernoa da erabat, Txinako letretan aitzindari (XVI.en bigarren aldian argitaratu zen). Eskandalagarriena era bada, aldi berean. Oraintsu arteko aipamenetan, ez dira gutxi pornografiaren kutsadura leporatzen dioten aditu txinatarrak, nahiz eta, azkenean, bere kalitatea aitortu beste erremediorik ez duten izan. Gertakizunak, pasadizoak, pertsonaiak… ezin hobeto daude josita, eta ez dago alferrik ezer. Emozioa eta grina dario giroari, eta ordura arte ezagutu gabeko gordintasunez azaltzen du eguneroko bizimodua.
“Urrezko ontzian aran-lorea”, bestalde, aipatu dugun lehenengo obraren orrialdeetan sortzen da. “Uraren ertzean” izeneko liburuan dagoen kontakizun batean hartzen du oinarri. Orduan ere keinu egiten zioten, nonbait, liburuek elkarri. Ihes egindako heroietako batek, (Wu Song), bere koinata (Pan Jinlian) eta haren maitalea (Ximen Qing) hiltzen ditu bere anaiari heriotza eman diotelako; nobelan apenas hiru kapitulutan bilduta dagoena, algaretan adituak berrogeita hamarretan kontatzen digu baina, jakina, garaiko giro osoa barne.
Amaitzeko, Pabiloi gorriko ametsa, Txinako eleberrigintzaren gailurra; txineraz, Hong Lou Meng. Egile nagusiak Cao Xueqin du izena (XVIII) eta bere nobela mendeotako ospetsu eta irakurriena da, zalantzarik gabe. Azken 40 kapituluak –100 dira, guztira– beste idazle batek gauzatu zituen: Gao E. Ez zion mesede handirik egin obrari; alderdi batzuetan kontraesankorra ere gertatzen da Cao-k bilbatutako irazki landuarekin.
Erdi Aroaren hondarretan girotuta dago, eta bikote gazte, bitxi baten maite-jolasak ematen dizkigu jakitera. Lehengusu-lehengusinak dira; neskak Daiyu du izena, eta mutilak, Baoyu. Kontakizunaren sakonean, alabaina, familia aristokratiko baten gainbehera dago. Ohiz kanpoko mutila da Baoyu, jaiotakoan jade-xafla fin bat aurkitu zioten mingain azpian. Amonaren kuttuna, aitaren ezkutuan, neskameen eta damatxoen geletan barrena ohituta dago, eta horrela jakingo dugu jauretxe barruko berri. Neskak, bestalde, nobleziari enbarazu egiten dion talentua dauka, eta ohitura zaharrak eskatzen dituen bertuteak falta zaizkio.
Horrela, bada, errebeldiaren aldeko gorespena da liburu hau; garai hartan gurasoek aukeratzen zituzten seme-alaben ezkontideak, eta eleberri honek, Konfuzioren jarraitzaile berrien aurka, sentimenduen askatasuna aldarrikatzen du. Azken batean, gainbehera etorritako familia noble baten egunerokotasuna erakusten digu, ausardiaz, xehetasunez gainezka, hizkuntzaren erregistro guztiak erabiliz, eta laurehunetik gora pertsonaia direla medio.
Eleberriak jasotzen duen giroa ondo ezagutzen zuen Cao Xueqin handiak; bere familiak ere lurra jo zuen. Miserian hil zen idazlea, berrogei urte zituela. Handik hogeita hamar urtera sekulako arrakasta izan zuen bere liburuak, eta oraindik ere Txinako bazter guztietara ailegatzen da maisuaren itzala.
Ehunaka orrialdeko liburuak dira bostak, poltsikoan sartzen ez diren horietakoak, baina ezinbestekoak, nolanahi ere, Txinako literatura klasikoaren berri izan nahi duenarentzat. Onar ezazu, bada, gonbitea, irakurle; “liburu ederrez gainezka daude kutxa zaharrak” .