Itzalen eta izaren tolesduretan barrena
- Irati Jimenez (idazlea)
- |Artikuluak, Liburuak
- |2013-06-18
- |Iruzkinik ez
Literatura erotikoa, Greyren harira. Eta haratago.
Protagonistaren izena Elisabeth zelakoan nago. Eleonor, beharbada. Roselind? Anabelle? Berdin dio.
Ederra zen, gaztea, burugogorra. Izen ponposoak agerian uzten duen bezain aberatsa. Aberasgiroak, ostera, ez zuen zoriontsu egiten. Egia esan, ez dut oroitzen nolatan bukatzen zuen esklabo, printze arabiar baten harenean. Edo zergatik hartzen zuen printzearen anaia bikiak haren lekua. Printzea krudela zen eta Elisabeth Edo Dena Delakorentzat, gorrotagarria. Anaiak, aldiz, ezinbestean erakartzen zuen, eta a ze tortura bi gizon zirela ez jakitea, bere gorputzaren nahiak ez ulertzea! Azkenean argitzen zen identitate-jokoa baina nerabezaroaren ateetan irakurri nuenean bost axola zitzaidan niri argumentua. Ez dut uste ezta osorik irakurri nuenik ere. Horizontala ez zen guztia diagonalean irakurri nuen eta pasarte erotikoetan baino ez nintzen geratu.
Liburu harekin ikasi nuen “mehaka-hezurrak” zer ziren. Pasarte zikinen batean, atzamarrekin alua bilatzen zuela, printzeak hantxe ematen zion muxu eta nago hiztegia ere kontsultatu nuelakoan, Elisabethek sentitzen zuen zirrara ulertu nahian. Ez ninduen gehiegi etsi gaztelaniazko ijada misteriotsu haiei etxean “kadera” esaten geniela jakiteak. Astinduegi nengoen literatura erotikoaren aurkikuntzarekin. Umetako lagunak ginen literatura eta biok baina hara non lagunak zakila zeukan, tinti puntak, alua! Entzuna nuen literaraturari inoiz “arrosa” esaten zitzaiola baina nork pentsa zezakeen maitasun istorio haiek zinemakoen oso bestelakoak zirela? Pelikuletan puntuazio zeinu bakarra zen posible protagonistak muxu ematerakoan: hurrengo goiza arte irauten zuen parentesia. Liburuetan, ostera, ahoa lehortzeko moduko komak jar zitezkeen, antza, eta arnasa eteteko moduko–puntu bereiziak.
Ez dut gogoratzen egilearen izena. Emakumea zen eta amerikarra. Baina ez da asko esatea. Horixe da genero erotikoan azken hamarkadatan gailendu den egile mota. Nora Roberts, Valerie Sherwood, Barbara Andrews eta orain, E.L. James, 50 shades of Grey trilogiaren egilea. Hemen ere birjina da protagonista. Elisabeth dei zitekeen baina Anastasia deitzen da. Bere printzea, iragan iluneko Christopher Grey milioiduna. Sexu-harreman erdi sadomasokistak izateko kontratua sinatzen dutenez “eskandalua” eragin du eta eskandaluzko zifrak saldu, bide batez. Ironiaz kritikatu da bizitza literario eskasa duen jendearentzako liburua dela eta, kalitate apalagatik, are bizitza sexual eskasagoa izan dutenentzat. Egia da sakonean fantasia puritanoa dela, oraindik orain emakume birjinaren eta gizon menderakaitzaren arketipoa errepikatu. Eta egia autoreak… gehiegi jotzen duela… pertsonaiak bero daudenean… eten puntuak… erabiltzera.
Baina emakumeen artean arrakasta izugarria izan duen nobela pornografikoa izate hutsak badu meritu bat: pornografia nahi dugula erakustea. Txikikeria dirudi, baina liburuari “etxekoandreentzako pornoa” etiketa tristea jarri izanak berak erakusten du ze bide luzea geratzen den oraindik emakumearen sexugrina itzaletatik ateratzeko.
Zorionez, uharteak badira. Literaturan ez da betetzen Fernando Truebak bere Mi diccionario de cine gomendagarrian zinemagintza pornografikoari buruz esaten zuena. Dena egiteko dagoela, alegia. Badago zer irakurri. Pentsamenduaren bidetik hasi nahi duenari burua irauliko diote Coral Herrera edota Beatriz Preciadok, baina baita gorputza ere, haiek zein Itziar Ziga edo Diana Torresek. Nekez imajina daiteke azken honen Pornoterrorismo baino kontakizun iraultzaile edo zintzoagorik.
Fikzioaren alorrean, 50 shades fenomenoaren eztandak antzeko argumentuentzako bidea zabaldu du eta hor agertu dira, Greyk gosetuta utzitako zaleentzat, El contrato (Catherine Bybee), El infierno (Logan Belle), Siete años para pecar (Silvia Day)… Ingelesetik itzutaliko titulu arrakastatsuen zerrenda amaigabea da. Ugari dira eleberri historikoak, paranormalak, zientzia-fikzioaren alorrekoak, thriller erotikoak edota bitxikeria sailkaezinak. Marsha Altman egilearen The Darcy´s and the Bingley´s, adibidez, Jane Austenen lanaren jarraipen erotikoa.
Klasikoen mutazioa baino, klasikoa bera nahiago duenak aukera zabala du eta albiste pozgarria: udaberriak Anaïs Nin egilearen Venusen Delta ekarri du euskarara, oraindik “alua” iraintzat duen hizkuntzara (ai!). Garazi Arrula itzultzailearen eskutik, Txalaparta argitaletxearen Literotura saila betetzera dator ipuin bilduma bikaina, zikina, emea. Literatura erotikoan irakurri beharrekoen zerrendan ezinbestekoa. Zerrenda laburragoa, agian, beste genero batzuetan baino. Zentsorurak estututako bidean egin behar izan du aurrera eta historiara pasatu diren lanak oztopoen gainetik pasa dira, maiz. H. D. Lawrencek epaitegietan defenditu behar izan zuen Lady Chatterley´s Lover lanaren meritu artistikoa, lizunkeriaren kontrako legediak behartuta. Vladimir Nabokoven Lolita Frantzian eta Ingalaterran egon zen debekatua. Estatu Batuetan debekatutako liburuen zerrendan erotismoa da nagusi: zentsore amerikarrei ez zitzaien gustatu Chaucerren The Canterbury Tales; ezta ere Henry Jamesen Tropic of Cancer edo Daniel Defoeren Moll Flanders, “hamabi urtez prostituta eta bost aldiz emazte” izan zen emakumeari buruzko narrazioa. Debekua eta “eskandalua” izan dira beti erotismoaren bidelagun deserosoak zein publizitateiturri aproposak. Literatur merituaren neurria, ostera, ez die inkisidoreak eman, irakurlegoaren hankarteak baino.
Hara zuzentzen da pornografoa. Besorik eta ezpainik gabeko amorantea, alurik eta zakilik gabea, atzamar puntarik bakoa. Hitza eta aditza baino ez ditu odola tentetzeko, alu umela busti eta lehorra tentatzeko. Lortzen duenean, irakurlearen plazer literarioa fisiko bilakatzen da. Giza gorputzaren atalak ukitu gabe ukitu daitezkeelako. Ikusten ez diren atzamarren laztanak munduko intimoak izan litezkeelako. Eta ikusten ez den mingaina uste baino barrurago hel litekeelako, irudimenaren zuloetatik gora.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Irving o la buena forma
- Mikel Alvira presenta el corto de su novela “Cuarenta días de mayo” – SORTEO →