Miren Agur Meabe: “Poesia sentsitiboa, ni-an oso oinarritua, gardena eta pausatua da oraingo hau ere”
Hamar urte joan dira zure aurreko poesi liburuaren eta berriaren artean. Zergatik orain? Zertan du haren antzik, zertan da ezberdin?
Irakurtzen duenari irudituko zaio Azalaren kodearen oihartzunak badaudela hemen, eta hala da. Hamar urte joan badira ere, eta liburu biak autonomoak izan arren, bada honetan orduko hartan barruntatzen ziren ardura, min eta gatazka batzuei emandako erantzunak, baina beste leku-denbora eta beste bizi-parametro batzuetatik. Poesia sentsitiboa, ni-an oso oinarritua, gardena eta pausatua da oraingo hau ere, baina poetika diferente batean sostengatua.
Zergatik izenburua: Bitsa eskuetan?
Bitsak bolumena izaten du, dotorea, distiratsua eta arina da, alaitasun-kutsua dauka; segituan bihurtzen da ezereza, hala ere. Paradoxa bat da bitsa, oparotasunaren eta gabeziaren sinboloa, hedonismoarena eta iragankortasunarena, argitasunarena eta babes-faltarena. Kinka horretatik jaiotzen diren testuak dira “bitsaren loreak”, edo “urtinta”, poemategiko beste hitz batzuekin esanda. Gainera, bistakoa da bitsa eta bizitza hitzen arteko hoskidetasuna. Bitsa eskuetan edo bizitza eskuetan esatea gauza bera da, bizitza agerian; horixe baita liburuan eskaintzen dena. Eta hortik liburuko azken esaldia ere: “Min itzela dut eskuetan”, ez boligrafoak eragindakoa, bizitzaren mina baizik.
Zuretik asko dago poesia hauetan.
Esango nuke adierazpen-batasuna dagoela nire bizipenen eta testuen artean. Bizitzak eman behar izan dit, eta kendu, liburu hau idazteko; eta idatzi ahala, idazten jardun dudalako, beste noranzko bat hartu du nire bizitzak. Idatziz jartzean, errebelatu egiten zaizkigu artean zehaztugabeak ziren intuizioak eta sentipenak. Horrenbestez, idazkuntzari traiziorik ez egiteko, ezin traizionatu bizitza; eta alderantziz. Aitorpen poetikoa da emaitza.
Inpresioa ematen du bizitzaren aldi edo kapitulu batzuk ixteko poesiaz izenpetu beharra duzula, adibidez, Amaren heriotza edo maitasunaren pozak eta minak.
Prozesu mingots baina baketsua bizi izan dut nortzearen (neure burua aztertzearen) eta zertzearen (liburua taxutzearen) artean. Bide luze samarra izan da. Beti jazarri izan nau (beste askori lez) inoiz ase ezin dudan halako betetasun-irrika batek, eta ezintasun horretan, neure burua gobernatzeko premiak eraginda idatzi izan dut. Idaztearen xedea emozioak gogoeta bihurtzea da, eta gogoeta hori makulu gisa erabiltzea egunerokotasunari eusteko. Bada poema bat liburuan, ez onena, baina bai argigarria ariketa hori zertan datzan adierazteko: Geranioaren minipoetika (41. orrialdean). “Esadazu benetako bizitza aski da benetako poesia egiteko”.
Forma eta neurri ezberdin asko dago poemetan. Intentzio jakinen baten bila?
Liburuan hainbat adierazmolde nabarituko dira. Denen helburua izan da edukia zehatasunez ematea, eta intentsitatez, baina erretorikarik gabe. Badirapoema“arruntak” deritzegunak; lerroak binaka edo hirunaka antolatutako poemak, parrafotik parrafora bitarteko etenak eskain dezakeen hausnarketari laguntzeko; poema hiperlaburrak, kolpea jotzekoak; prosazko poemak, poesiak batzuetan beharrezkoa baitu ohiko formak ignoratzea pasadizo batzuk kontatzeko; eta poema “dislokatuak”, sentsazioei tenk egiteko, tentsioa sortzearren, sentsazio organiko oso-oso bizi batzuk esaldiak bortxatuz eta puntuazio-ikurrak baztertuz erretratatzeko ahaleginean.
Erlazionatutako Albisteak
- ← LA HUELLA DE LOS GENTILES
- Alejandro Fernández: “Deja sin sitio a un hombre de 45 años que es bueno en lo suyo, y verás cómo lo destruyes” →