Munroren eskutik zoriona

Alice MunroAlice Munro kanadarrak ipuingilerik onenen eragina jaso du, eta horien arteko bat omen da bera ere: Txejov, Mansfi eld, Welty, Katherine Ann Porter, Flanery O´Connor, Mc Cullers, Carver, besteak beste. Irakur dezagun, adituek diotelako ingelesezko ipuin idazlerik onena dela. Edo, Nobelerako kinieletan beti agertzeaz gain, sari garrantzitsuak irabazi dituelako Kanadan, AEBen zein Europan.

Ez dezagun, hala ere, horregatik bakarrik irakur. Ontarioko dukesa idazle bikaina da. Munroren ibilbidean barneratuz gero etxean sentituko gara hasieran, Wawanash-ek behinolako Oreretaren edo Bermeoren antz handia baitu; izeba El peth eta izeba Grace bisitatzera joango gara, eta bidean Benny bizilagun bitxia topatuko dugu. Ezustean, Major gure zakurrak ardiei haginka egingo die, eta horrek ondorio latzak ekarriko dizkigu. Dena den, ohiko egoera horiek indarrean dauden bitartean musika aldatuz joango da. Bideak zirrikitu sinesgaitz eta aldi berean sinesgarri batzuetatik eramango gaitu. Batek daki nola, gure semealabak hil dituen senarrarekin solastatuko gara, edo neska maltzur bezain inozo bati tximetatik tiratuko diogu. Eta dena zilegi irudituko zaigu, egiantza ez baita sekula desagertzen. Munrok ez du behar hori baino, gu asetzeko. Idazleak berak esana: “Biziki deigarria da jendearen bizimodua, benetan den bezala harrapatzea lortuz gero.”

Munrok ipuinaren puntu gorenera ekarri gaitu, gu ohartzeke; orain bideak maldan behera joko duela dirudi, eta kito. Hala bazan, ez bazan… Ba ez, ez zen. Ibilbideak segitu egingo du, istorioa bukatu eta gero ere bizitzak badiharduelako. Eta arrunt modu interesgarrian, gainera. Birsorkuntza? Errealismo modernoa? Bai, baina ez hori bakarrik.

Irakurtzen dugunean errealitate paralelo batean sartu nahi dugu, bestelako jendearen bizitza kolonizatu geurea aberastearren. Baina Munroren pertsonaiek ere horixe bera nahi dute, eta horregatik irakurtzen dute, edo idatzi, amets egin. Autoreak, bere grazia sortzailetik, pertsonaiei sarritan baimena ematen die bidezidor alternatiboak aurkitzeko, hil zen harekin elkartzeko, adibidez, edo ahazte infi nituan betiko galdu zen beste harekin. Sinesgarria egiten da edonola ere, ez du mamu-istoriorik kontatzen. Munroren protagonistak –edozein adineko emakume ez-heroikoak, ia guztiak– kontzientzian zizelkatuta gelditzen zaizkigu.

Munrok darabilen gaiak aberatsak dira: giza harremanak bereziki, baina baita erlijioa ere, haztea eta heztea, maitasuna, sexua, heriotza, suizidioa…. Samurtasunaren eta perbertsioaren arteko jokamolde guztiak barneratuz, bizitzan egiten dugun legez. Zer litzateke, ordea, garrantzitsuena autorearentzat, zer azpimarragarriena? Dena, horretan zeharo da demokratikoa: haren begirada arretatsuak bigarren mailako pertsonaia bat argi dezake, edo azpi-trama batean luzaro endredatu. Mila istorio dauzkagu, horrenbestez. Munrok sakondu egiten du icebergari buruzko Hemingwayren teoria, eta Pigliaren trama bikoitzetik harago doa.

Marka bereizgarririk gabea du estiloa, garbia; eta dotorea; itxuraz erraza, baina oso trinkoa. Testuek bigarren irakurketa eskatzen dute maiz, irakurle arretabakoa aise galtzen da Munroren bide ugarietan.

Irakur dezagun, Munroren azkeneko liburua euskaraz argitaratu berri delako: Zorion handiegia deritzo, Meetok-ek plazaratu du eta hamar istorio zoragarri biltzen ditu. Eta irakur dezagun kontakizun horiek zorion handia piztuko digutelako, eta irakurtzeak hori ere ekar lezake.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina