Lehen liburua kaleratu du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek (Hendaia, 1994), Gazteluma bekaren laguntzaz: Ene baitan bizi da. Marie protagonista lapurtarra Parisen bizi da, baina udako oporretan, gurasoenera joan ordez amatxirengana joanen da, eta bien istorio txirikordatuek osatuko dute eleberriaren haria.
Zure lehen esperientzia da hau literaturan, ala lehendik ere aritua zinen?
Nire izenean idazten dudan lehen lan argitaratua da, bai. Aitzinetik idatzi izan ditut ipuinak-eta, nire buruarentzat, edo ezizenarekin sinatuak, aldizkarietan eta. (Irakurri +)
Kattalin Miner-ek jaso zuen ekainaren bukaeran EHGAM-ren Urrezko Hirukia Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (Elkar) liburuagatik. Ezinbesteko memoria ariketa beharrezko bat da liburu hori. Ekarpen politiko-sozial garrantzitsu bat. Guztioi zer pentsatua eman beharko ligukeena.
Liburuko 0.atala irakurgai hemen:
0 ATALA
memoria-ariketa eta intentzioen adierazpena
2017ko apirilaren 23an, nire hiritik kanpo esnatu nintzen. Ondo baino hobeto nekien zein egun zen, Aimar Elosegi Ansa, edo, lagun artean beti deitu izan genion bezala, Moioren heriotzaren hamargarren urteurrena hain zuzen; baina lehenengo aldiz, hamar urtetan lehenengo aldiz, ezer berezirik ez egitea erabaki nuen. Ez nien idatzi urtero idazten diedanei (haiek niri ere ez), ez nintzen loreak eramatera joan, ez nuen tartetxo bat hartu memoria-ariketak egin eta lagunaz akordatzeko. Eguna joaten utzi nuen, inori zein egun zen ere esan gabe. (Irakurri +)
Xabier Lete Aberriaren Poeta Kantaria liburuan Alex Gurrutxaga Muxikak (1988, Zarautz) miraz eta pasioz estalgabetu du sortzailearen emana. Luze eta zabal hitz egin dugu haren bizitzaz eta obraz.
Xabier Letek Iruñean eman zuen errezitaldiaren irudiarekin hasi duzu liburua. Hunkiduraz hasiko du irakurleak Xabier Lete Aberriaren Poeta Kantaria (Alberdaina 2020) liburuaren irakurketa?
Bai, irudia hunkigarria iruditzen zait, bai, eta esanguratsua. Letek poesia errezitaldi zenbait eman zituen bere azken urteetan, 2008 eta 2010 bitartean, eta izugarria izan zen haietan sortu zen giroa; sumatzen ziren jendearen hunkidura, zerbaiten parte izatea, esker on sentipena… Iruditzen zait errezitaldi haietan Lete euskaldunez agurtzen ari zela (oso gaixo zegoen), eta jendeak maitasuna adierazi ziola. Horrek guztiak erakusten du Letek bazituela itzala eta jendearen onespena. Horregatik nahi nuen hortik hasi: irudi horrek Leteren figuraren neurriaz hitz egiten digulako. (Irakurri +)
Miren Agur Meabek idatzitako Itsasoaren atea nobelak irabazi du 2020ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamaikagarren ekitaldia izan da aurtengoa. Lur Gallastegik irabazi zuen duela bi urte, eta epaimahaiak hutsik utzi zuen saria iaz. (Irakurri +)
Georgiara iritsi baino lehen zoriontsu ziren gurasoak; gazte ere bai, eta agian gaztetasunaren eta zoriontasunaren arteko korrelazio zuzen horren ondorio logikoa baino ez zen haien egoera. Hori, eta beste pixka bat elkar ezagutu eta elkar maitatzearena ere bai, ziur aski. Horrek ere laguntzen du. Gazte ezkondu ziren, amak hamazazpi eta aitak hogei urte zituela. Ezkonberritan iritsi ziren Georgiako lur hauetara, Ochlockonee ibaiaren ertzean aitaren osaba batek utzitako lurretan etxea altxatzera.
Hezeak eta haizeak jandako oholtza pila hartan ekin zion bizitza berriari bikote gazteak. Egur multzo forma gabekoa zen hasiera batean etxea, baina teilatua gutxienez osorik eta salbu zeukan, eta ez da gutxi, teilatua erortzen uzten denetan uzten omen da eta etxea erortzen. Hala, baliatu zitezkeen oholak tratatu, bota beharrekoak bota eta berriak zerrategian hartuta zutitu zituen aitak paretak.
Paretetan leihoentzako zuloa egin eta kanpotik urdin kolorez margotu zituen leihozangoak. Gainontzekoa, zuriz jantzi zuen. Urtero margotu behar izaten zuen etxea berriz ere kanpotik, hezeak bereak eta bi egiten zituelako, baina ez zitzaion askorik axola. Margo zuri hark argia ematen zion inguruari eta amaren begitartea ere alaitzen zuen, eta hori aitari nahikoa baino gehiago zitzaion.
(Irakurri +)