Muga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate bereizten dituen irudizko marra. Mundu errealaren eta subjektibitatearen artean dagoena, adibidez. Nigandik kanpoko eta nire barruko errealitateen artekoa. “Ni naiz munduaren neurria” zioen Arestik, eta nobela modernoan idazlea —artista— kontakizunaren ardatza bihurtu da, idazkuntza bera da kontatzen den abentura nagusia.
Mundua hitzekin esplikatzen dugu, idazleak hitzak ditu lan-tresna, hitzak dira sortzen dituen munduen zutabe. Mundu erreala hitzekin esplikatzen da, fikziozko mundua hitzekin sortzen. Ez da, beraz, hain harrigarria ere idazleak hitzen balioaz jardutea, bere lanaz hitz egitea, mundua nola ikusten duen adierazi nahi izatea, mundua deskubritzeko lana izatea kontagai; ez da hain estrainioa idazle batek bere kezken, arriskuen eta porroten abentura kontatzea.
“Jadanik ezin liteke literatura onik existitu, bertan integratua ez badago hausnarketa bat zalantzan jarriko lituzkeena literaturaren bideragarritasuna eta baita literaturaren nozioa bera ere”. Letra etzanaz eman dut Enrique Vila-Matasen aipuko jadanik hitza: gaur —jadanik— ezin liteke literaturarik egin literaturari buruzko hausnarketa bertan integratu gabe. Baina atzo arte, bai. Goethek Werther argitaratu arte, nia gustu txarreko exibizio bat zen. Erromantizismoak, ordea, niaren zilborrean jarri zuen arreta, eta laster literaturak arreta horren fruitu goren bat eman zuen Balzacen eskutik: Maisu-lan ezezaguna. Idazlearen alter-egotzat har daitekeen pintore baten istorioa, haren kezka artistikoak, porrotak kontatzen zaizkigu bertan. Inauguratua gelditu da artegintza bera gaitzat hartzen duen literatura (Círculo de lectores etxeak badu Balzacen kontakizunaren edizio eder bat, Picassok ilustratua). (Irakurri +)
Uxue Alberdi idazle ezagunak ibilbide oparoa darama euskal literaturan. Dagoeneko urteak pasa dira Aulki bat elurretan lehen ipuin-bilduma argitaratu zuenetik. Geroztik, helduentzako zein gazteentzako lan ugari kaleratu ditu. Oraingoan, Antton Olariagaren marrazkiekin ilustratua haur literaturako Bi kobazulo liburua kaleratuko du.
Zer kontatzen duzu ipuinean?
Bi umeri buruzko ipuina da, eta bi munduri buruzkoa. Hodei eta Argi bikiak dira, baina tximista batek euren kobazuloa erdibitu zuenetik elkarrengandik aparte bizi dira, bi kobazulotan. Jakin, ez dakite hor nonbait euren bikia badenik ere, iragana erabat ahaztu dute. Hodeiren kobazuloa mundu euritsu eta hotzean dago; Argirena, aldiz, paraje sargori eta eguzkitsuan. Argik ez daki euriaren berri; Hodeik ez daki eguzkia zer den. Ipuin tristea da, baina amonak esaten dien bezala, badu amaiera zoriontsuago bat ume ausartentzat. Mundu zatituak eta pertsona zatituak batasunaren bila abiatuko dira istorio honetan, eta horretarako, iluntasunean bidaiatu beharko dute eta amildegien aurrean, jauzi egin. Gure beldurrei buruzko ipuina da, gure barne-hausturei buruzkoa, fantasiaz eta magiaz kontatua. (Irakurri +)