Literatura ispilu aurrean – Literaturak bizitza ulertzea du helburua, baina porrota du frontisa

Muga-muganMuga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate bereizten dituen irudizko marra. Mundu errealaren eta subjektibitatearen artean dagoena, adibidez. Nigandik kanpoko eta nire barruko errealitateen artekoa. “Ni naiz munduaren neurria” zioen Arestik, eta nobela modernoan idazlea —artista— kontakizunaren ardatza bihurtu da, idazkuntza bera da kontatzen den abentura nagusia.

Mundua hitzekin esplikatzen dugu, idazleak hitzak ditu lan-tresna, hitzak dira sortzen dituen munduen zutabe. Mundu erreala hitzekin esplikatzen da, fikziozko mundua hitzekin sortzen. Ez da, beraz, hain harrigarria ere idazleak hitzen balioaz jardutea, bere lanaz hitz egitea, mundua nola ikusten duen adierazi nahi izatea, mundua deskubritzeko lana izatea kontagai; ez da hain estrainioa idazle batek bere kezken, arriskuen eta porroten abentura kontatzea.

Jadanik ezin liteke literatura onik existitu, bertan integratua ez badago  hausnarketa bat zalantzan jarriko lituzkeena literaturaren  bideragarritasuna eta baita literaturaren nozioa bera ere”. Letra etzanaz eman dut Enrique Vila-Matasen aipuko jadanik hitza: gaur —jadanik— ezin liteke literaturarik egin literaturari buruzko hausnarketa bertan integratu gabe. Baina atzo arte, bai. Goethek Werther argitaratu arte, nia gustu txarreko exibizio bat zen. Erromantizismoak, ordea, niaren zilborrean jarri zuen arreta, eta laster literaturak arreta horren fruitu goren bat eman zuen Balzacen eskutik: Maisu-lan ezezaguna. Idazlearen alter-egotzat har daitekeen pintore baten istorioa, haren kezka artistikoak, porrotak kontatzen zaizkigu bertan. Inauguratua gelditu da artegintza bera gaitzat hartzen duen literatura (Círculo de lectores etxeak badu Balzacen kontakizunaren edizio eder bat, Picassok ilustratua).

Ordutik, ugaria da literaturaren —eta, oro har, artegintzaren— abentura aldez edo moldez kontatzen duen nobelagintza: Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua (Elkar), bizitzaren eta artearenn iraungipenaz; Thomas Mannen Herioa Venezian (Literatura unibertsala): bertako hausnarketa artistikoek Gustav Mahler oroitarazten dute; Ernesto Sábatoren Tunela-k (Literatura unibertsala) margolari paranoiko baten istorioa kontatzen du…

Gaurko egunotara etorrita: Paul Auster, Philip Roth edo Patrick Modianoren nobela askotan idazleak dira memoria osatu eta saretu nahi duten pertsonaiak. Ramon Saizarbitoriak Faustino Iturbe idazle neurotikoa asmatu digu Lili eta biok nobelan (Erein), Martutene-n ageri zen Martin idazlearen bide beretik: bi pertsonaiek egozentrismoaren  eta helburu artistiko ase-ezinen  arteko talka bizi dute mundualdiaren azken etapako dekadentzia existentzialean. Gaixo daudelako ez dute idazten, edo idazten gauza ez direlako daude gaixo? José Luis Cancho donostiartuak inspirazioa guztiz agortu zaion idazle baten krisiaren istorioa kontatzen digu Lento proceso-n (Papeles mínimos). Rafael Chirbes zendu berriaren Paris-Austerlitz (Anagrama) nobelak pintore bat du protagonista: bizitza betetzeko ezintasun agonikoak badu bizitza pintatu ezinarekin paralelismorik.

Literaturak mundua ulertzen saiatzea du helburu, baina ezin du guztiz esplikatu, eta literaturaren porrot hori kontatzen digu azken bolada luzeko nobela askok. Idazkuntzaren abenturak porrota du beti kolofoi, porrota da bizitzaren muina ulertzeko ahalegin guztien frontisa. Eta hala ere —edo horregatik— arteak, gizakiok bezala, ezin etsi.

 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina