MENDI-JOAK

Mendi-joak liburua osatzen duten narrazioak oso anitzak dira. Bakoitzak badu bere giroa, bere tokia, bere istorioa eta bere pertsonaiak. Mendi txango sorta moduko bat da. Denak desberdinak, baina denak argazki album bereko atalak. 

Liburu honetako protagonistek ez dute izugarrizko abentura epikorik bizitzen. Mendizale arruntak dira, ni bezalakoak. Edo besteak mendira doazen bitartean etxean gelditzen direnak dira, ni bezala. Horregatik, agian, gustatu zait hainbeste. 

Aingeru Epaltza kazetari eta idazle iruindarra trebea da idazten. Gero eta trebeagoa, esanen nuke nik. Euskara ederra eta bertako hitz eta esamoldeak ibiltzen ditu, baina irakurle arruntari zangotraba gehiegi jarri gabe, eta hori eskertzekoa da beti. 

(Irakurri +)

Eneko Aizpuruak irabazi du Tene Mujika Saria

 
Eneko Aizpurua idazle lazkaotarrak irabazi du 2019ko Tene Mujika beka, Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira memoria kolektiboan lekua duten edo izan behar luketen hainbat istorio kontatzeko proiektu batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Aizpuruarena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin. 

(Irakurri +)

11 urtetako elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako lan irabazleak

Aste honetan abian jarri den elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak 11 urte beteko ditu aurten eta urte hauetan guztietan irabazleak izan diren lanak, ilustrazioak zein ipuinak, nabarmendu nahi  ditugu. Hemen izenak eta lanak: (Irakurri +)

Joseba Sarrionandiarekin hitz egin dugu ‘Gure Oroitzapenak’ bildumaz

Joseba Sarrionandiaren literatura unibertsoa lau haizetara zabaltzeko ahalegin eskerga da Gure Oroitzapenak. Alde batetik, hamabi film laburrez osatutako pelikula; bestetik, olerki musikatuak biltzen dituen liburua eta CD bikoitza (32 kantu). Poesiaren indarra, agerian. Joseba Sarrionandiarekin hitz egin dugu proiektuaren gainean.

(Irakurri +)

‘ur berri, urte berri’ Euskal gabon-kanten xarma

Mendez mende, urte zaharraren eta berriaren kantoian berezko abestiak entzun izan dira. Oraindik ere kantatzen dira haietako batzuk, baina gehienak galdu egin dira. Bixente Martinezek antzinako doinu haien xarma berpiztu du Ur berri, urte berri disko berri zoragarrian.

Oles aroa omen zen neguko solstizioa euskaldunentzat. Alegia, kantatzeko garaia. Hortaz, antzinako ohitura da urte sasoi horretan abestiak etxerik etxe edo su ondoan kantatzea. Kristautasunaren aurretik dator ekandu hori, nahiz eta gero erlijio nagusiaz busti zen, mela-mela egin arte. 

Horren ondorioz, Gabon-kantu sorta bat da Eibarko musikariak atondu duena. Orain dela urte batzuk aita Donostiak bildutako gabon-kanta liburua irakurri eta batera doinuekin maitemindu zen, hain dira ederrak. “Orduan txinparta txiki bat piztu zen nere barruan, polita izango zela egunen batean horrelako doinuekin lan bat egitea, kantu normalak balira bezala tratatuta, topikoetatik
urrun”, gogoratu du orain Bixente Martinezek.

(Irakurri +)

Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen atzo Jakinek

Paulo Agirrebaltzategik, Joseba Intxaustik eta Joan Marti Torrealdaik jaso zuten Urrezko Domina saria “Jakinkide” guztien izenean. Joxe Azurmendik ezin izan zuen ekitaldira azaldu ziatika baten ondorioz baina Alemaniatik bidali zuen eskertza bideoa ikusteko aukera izan zen. Joan Marti Torrealdaik hartu zuen hitza lehenbizi “Jakin euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Horregatik ulertu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Euskaltzale eta herritar guztiekin egoten ahalegindu gara. Kritikoki, maitasunez kritiko”. 

“Euskal kultura eta modernitatea lotzeko egindako lanagatik” jaso zuen Urrezko Domina Jakinek, eta Markel Olano diputatu nagusiak lau ataletan adierazi zuen egin duten ekarpena: «bat, euskarak kultura behar du aurrera egingo badu; bi, kultura horrek moderno, antidogmatiko eta irekia behar du izan, belaunaldi berriei transmitituko bazaie; hiru, unibertsal izateko modu bakarra partikular izatea da; eta lau, partikular izateko nork bere pentsamendu propioa garatu behar du eta mundua nork bere esperientziatik azter-tzeko obligazioa du». 

Ondoren, Jakin aldizkariko kide Alaitz Aizpuruk testu bat irakurri zuen eta jarraian Azurmendiren bideoa ikusteko aukera izan zen. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

(Irakurri +)