Jasone Osororen “Eskularru beltzak” liburuaren aurrerapena

Larruzko txupa kendu zuen. Zutik jarri zen eta, platera bere burutik behera bota ondoren, kamiseta tirantedun beltza zopaz blai geratu zitzaion. Isiltasuna jangelan. Inor ez zen larritu. Inor ez zen barrez hasi. Inork ez zion errietarik egin. Eta huraxe izan zen Beirerentzat okerrena, jendearen indiferentzia. Gurasoek ingelesa ikasteko barnetegi hartara bidaltzea baino amesgaizto handiagorik ezinezkoa zen. Uda hura bere bizitzako gorrotagarriena izango zela pentsatu zuen. Fuck!

Ispiluari begira, une hartan ikusten zuena ez zuen batere gustuko. Fideoek bere kamisetan “Tuntuna” hitza osatzen zutela iruditzen zitzaion eta bat-batean azkura sentitu zuen gorputz osoan. Hotza. Biluztu egin zen, pijama jantzi eta ohera sartu zen. Sakelakoa izango balu, Leteri idatziko lioke. Leteri kontatuko zion leku hura zerua zela, aingeruz betea, eta Letek irribarreak bidaliko zizkion, malkotan, eta suzko bola bat, Letek bazekielako Beirek infernua nahiago zuela. Izan ere, Lete, Beire eta Kar ziren Sua taldeko kideak. Eskolako talderik arrakastatsuena. Mundu guztiak miresten zuena. Mundu guztia ikaratzen zuena. Leteri eskatuko zion joateko barnetegira bere bila. Sartzeko irakasleren baten gelan eta jartzeko haren burkoaren azpian igel bat. Edo arkakusoren bat zapatetan. Pentsatze hutsarekin imajinatzen zituen barrez Lete eta Kar. Kar beti barrez, noski, kar kar. Haien falta sumatu zuen. Barnetegian ez zeukan lagunik. Ez zuen lagunik egin nahi. Onartzen zuen interes txikiena ere ez ziola inork sortzen. Askoz dibertigarriagoa zen Pokemonak ehizatzea, barnetegi hartan zeuden neska-mutilekin edozertan aritzea baino. (Irakurri +)

Alaine Agirre: “neure amari zuzendutako maitasun-adierazpen bat da”

Alaine Agirre

Belaixe estudioa

Alaine Agirre idazle bermeotarrak helduentzako hirugarren nobela kaleratu berri du: Bi aldiz erditu zinez nitaz, ama. Idazleak aurreko eleberrietan erakutsi dituen dohainak agerian daude lan honetan ere: berben bitartez edertasuna, erritmoa, musikaltasuna bilatzea, sentimenduak leungarririk gabe espresatzea… horiek guztiek ematen diote intentsitate eta emozio berezia kontakizunari. Proiektu honek irabazi zuen 2016ko Joseba Jaka beka.

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama kaleratu berri duzu. Zure hirugarren nobela heduentzat, eta Joseba Jaka beka irabazi zuena. Esanahi bereziren bat du honek?

Nire hirugarren nobela da, esan duzun bezala, baina horrez gain uste dut ziklo bat ixten dudala: aurreko bi nobelekin (Odol mamituak eta X hil da) nolabaiteko batasuna osatzen duela: neure bizitza, beldurrak, obsesioak kontatzen ibili naiz, eta hemendik aurrera beste era bateko idazkera landu nahi nuke, ez dakit lortuko dudan baina. Jaka Sariari dagokionez, berriz, ohore bat izan da, zalantzarik gabe, eta laguntza eder bat, asko eskertzen dudana. (Irakurri +)

Arantxa Iturbe: “Agurtzane Intxaurragak jantzi zuen Koadernoa zuri; nik berriro biluztu dut”

Koadernoa zuri antzerki obra taulatik liburura ekarri du Arantxa Iturbek. Tere Beloki eta Nekane Peñagarikano kazetariak, behin behar eta, Arantxa Iturberekin hizketan.

Alderantzizko bidea kanpoko ahots bati erantzunda?

Xabier Mendigurenek proposatu zidanean antzerki lanak argitaratzea, bere horretan baino experimentua egingo nukeela esan nion: azkeneko lana hartu eta irakurtzeko moldatu.

Liburua, zeureago?

Neureago, bai. Hitzak dira nire. Oholtza gaineko mundua Agurtzane Intxaurragarena da. Hitzak berberak izan arren, liburuan irakurle bakoitzak eraiki behar du bere mundua. Ez al da zoragarria literatura?

“Dena da nirea, beste batzuk hobeto idazten dute nirea askotan”. Begoñak esandakoa, Arantxa Iturbek edo Anne Sextonek?

Ez al zaizue gertatzen? Egunik egozentrikoenetan esaten duzu: neuk esan behar nuena kontatu du, lapurtu egin dit, inbiriaz. Denborarekin poztu egiten nau beste buru batzuk nirea bezalatsu funtzionatzen dutela jakiteak. Bakarrik ez sentitzeko beste modu bat. (Irakurri +)

Ernesto Prat Urzainkiren “Telleria eta gero, zer?” liburuaren aurrerapena

AITZINSOLASA

–Telleria eta gero, zer? Zer gehiago eskatuko didazu?
–Gero gerokoak, lasai.
–Tira, nire esku dagoena eginen dut, ez kezkatu.

La Perla bainuetxeko burbuilek Angel Santesteban Baztango udaleko zinegotziaren inguruan egiten zuten gainezka, puzkerrek uretan egiten duten modu berean. Ondoan, Enyaren musika lasaigarriaren laguntzaz, Arturo Seisdedos konstruktoreak aukerak eta arriskuak neurtzen zituen etengabe.

–Horrek ez dit balio. Ez kezkatu bat baino gehiago behar dut. Horrelako kaka handian sartzeko, erabateko bermea behar dugu. Amaiurkoak ere zure hitza omen zeukan eta ikusi gero.

–Horrelako kaka handia? –zinegotziak buelta erdia eman zuen, jacuzzian hankak luzatuz. Txano elastikoak ez zion argudiatzeko gaitasuna oztopatzen–. Birkalifikatzearekin hogei aldiz biderkatuko da metro karratuaren prezioa… Alimaleko pelotazo urbanistikoa izanen da, sosaz ustelduko zarete.

Arturo Seisdedosek zalantza keinua egin zuen, nazkaren eta asperduraren artekoa. Aldeetara mugitu zuen burua, aire sanoago baten xerka gehiegizko hezetasun haren gainetik. Emakume edadetu bat ikusi zuen, zeuden jacuzzira sartzera zihoana bainujantzi beltz batekin. Konstruktoreak mespretxu aurpegiz begiratu zion atsoari, mehatxuka kasik. Honek buelta erdia egin zuen. (Irakurri +)

eki proiektuak 4 urte bete ditu

 Ikaselkar argitaletxeak Euskal Curriculuma adostu zuen. Adostutatakoa gauzatu du. Euskal Herriko gizarteari eskaintzen dio.

Hezkuntza euskalduna, Europako eskola-ekintzaren goien graduan egon zedin laguntzeko, ikasmaterial puntakoen sorkuntzan jauzi kualitatiboa egiteko konpromisoa hartu zuenetik lau urte pasa dira.

Euskal curriculuma onetsi zenean, erabaki harekin leiala litzatekeen edizio planteamendua egin behar zuela eta ikasmaterial koherenteak argitaratuko zuela hitza eman zuen. EKI proiektua da konpromezu horren emaitza.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lau ikasmailetan ari diren ikasleek, irakasleek eta gurasoek badute, ikaselkarren ustez, XXI. mendearen lehen laurden honetarako, parerik ez duen ikasmaterialen eskaintza. Aldi berean, Heziberri 2020k ezartzen duen marko teorikoaren oinarriekin bat egiten du eki proiektuak.

Pedagogiaren osagai abangoardista horiekin batera, nahi izan du eta lortu du ikaskuntza digitalean jauzi kualitatiboa egiten. Hartara, EKI proiektuaren eskaintza bikoiztu egin du, paperan eta digitalean, biak konbinatuz, eta hautu digitala soilik egin nahi duenari bidea erraztuz.

DBH etapan urratzen den bidea ez da, zorionez, bakarra. Lehen Hezkuntzan ere, IKASELKAR ari da ezaugarri horiek guztiak jasotzen dituzten ikasmaterial berriak sortu eta ekoizten. (Irakurri +)

Zabalik da Martin Ugalde bekarako proiektuak aurkezteko epea

Egunkaria-k eta Berria-k genero gaietan izan duten eragina ikertzeko aukera emango du aurtengo beka deialdiak. Uztailaren 31 arte aurkeztu daitezke proiektuak, eta irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana urtebeteko epean garatzeko. Nobedade bezala, aurten, bekaren emaitza idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da.

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Martin Ugalde bekaren deialdi berria egin dute 2017rako. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du bi urtean behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera; euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera. Aurtengoa gaiak, Egunkaria eta Berria euskarazko egunkariek genero gaietan izan duten eragina ikertzeko aukera emango du. (Irakurri +)