Txema Garcia-Viana: “Pentaedroan, hamaika istorioren bidez, gerrari buruzko hausnarketa egin nahi izan dut”

Txema Garcia-Vianaren Pentaedroa nagusitu da, nobela alorrean, Irun Hiriko Kutxa literatura sarietako 43. edizioan. Idazle donostiarrak hainbat urte egin ditu libururik argitaratu gabe, baina Pentaedroarekin indartsu itzuli da euskal literaturaren plazara. Izan ere, Pentaedroa lan sendo eta arnasa luzekoa da, prosa landu eta nortasun handikoa. Dagoeneko liburu-dendetan dago, Elkarren eskutik.

Zer da Pentaedroa?

Gerran girotutako nobela da. Frankistek herri txiki bat hartu eta egundoko errepresioa ezarri dute. Jende askoren bila dabiltza, tartean, Pentaedroa antzerki-taldea osatzen duten bost kideen bila. Hauek, halabeharrez, sakabanatu egin dira. Norberak bere istorioa bizi du, eta, hala ere, boston istorioak behin eta berriz txirikordatzen dira, patuak beren bizitzak hari ikusezin baina sendoen bidez lotuko balitu bezala. Argumentu orokor horren azpian, hamaika istorio, drama eta abentura bildu ditut.

Baita gerrari berari buruzko hainbat hausnarketa ere…

Liburu hau, funtsean, horixe da: gerraren inguruko hausnarketa bat. Nahigabe ere geure baitan dauden aurreiritzi manikeo batzuk ezbaian jartzen saiatu naiz, adibidez, gutarrak guztiz zintzoak zinenekoa, eta besteak, berriz, eskrupulurik gabeko hiltzaile ankerrak.

Estiloa, hiztegia, egitura bera… Begi-bistan dago Pentaedroa mugarri bat dela zure ibilbidean.

Mota honetako egituretan xehetasunek eta istorioen arteko josturek aparteko garrantzia eta zailtasuna dute, noski. Estiloari dagokionez, berriz, erregistro desberdinak erabili ditut, errealismoa lortze aldera. Beste hainbat teknikez ere baliatu naiz… Bai, ahalegindu naiz.

Beste modu batez galdetuko dizut: Pentaedroa idatzi arte, Arkitektoa zen zure azken nobela. Zer alde dago nobela hura eta honen artean?

Arkitektoa Erdi Aroan girotuta dago, Donostia sortzen ari zenean. Pentaedroa, berriz, Gerra Zibilean. Baina giro eta, noski, istorio aldetik ez ezik estilo eta idazkera aldetik ere guztiz nobela desberdinak dira. Arkitektoa, funtsean, nobela poliziakoa da: hilketa bat dago eta argitu behar da. Nahiko lineala; beraz, egitura aldetik ez du aparteko zailtasunik. Idazkerari dagokionez, garai hartako hizkera itxuratzeko oso gogoan izan nituen Joan Mari Irigoienen Lur bat haratago eta Axularren Gero. Pentaedroan, berriz, pertsonaia bakoitzak bere istorioa bizi du; beraz, egitura dezente konplexuagoa da eta hari-mutur asko lotu behar izan ditut osotasun biribil batera iritsi arte. Idazkerari dagokionez, hiztegi aberatsa erabiltzen saiatu naiz, unean uneko giroari egokituz betiere.

Dokumentazio-lan handia egin behar izan al duzu?

Arkitektoan egin nuen eta Pentaedroan ere egin dut, bai. Bertan azaltzen diren gertakizun gehienak egiazkoak dira, nahiz eta kontakizunaren beharretara egokitu ditudan, jakina. Horrelako eleberriek garaia eta giroa taxuz islatzea ezinbestekoa dute, istorioa sinesgarri gertatuko bada. Baina nobela bat fikzioa da. Oreka da gakoa.

Zu ez zara inolaz ere literaturara etorri berria. Noiz eta nola hasi zinen idazten?

Betidanik izan dut idazteko zaletasuna, baita erraztasuna ere. Idazteko zaletasuna irakurtzeko zaletasunaren eskutik etorri zen, era natural batean. Oso giro aproposa nuen etxean: aita irakurle amorratua zen eta gurean liburuak non-nahi zeuden. Beraz, umea nintzela hasi nintzen lehen urratsak egiten, hasieran jolas bat bezala, noski. Gogoan dut eskola-garaian gehienbat poesiak idazten nituela eta ikaskideei harrotasun-puntu batez erakusten nizkiela.

Izan ere, ezagutzen dizugun lehen liburua poema bilduma bat da, Ihesi (1987). Jarraitzen duzu poemak idazten edo hori dagoeneko iraganeko kontua da?

Dagoeneko iraganeko kontua da, zalantzarik gabe. Lehenengo harremanak literaturarekin poesiaren bidez izan nituenez, logikoa ere bada argitaratutako lehenengo liburua poesia liburua izatea. Ihesi hartako poemak gogorrak ziren oso. Drogaz, etsipenaz, prostituzioaz… mintzatzen ziren. Gaurko ikuspegitik begiratuta, ez ziren oso onak, baina garai hartan gutxi argitaratua zegoen gai horiei buruz euskaraz. Gero, beste genero batzuetan hasi nintzen trebatzen eta liburu hori nire ibilbidean ia anekdota gisa geratu da.

Ondoren, ipuingintzan ezagutu zintugun (Bi ipuin harrigarri, 1999).

Nire poeta garaian ipuinen bat idatziko nuen, oso ongi gogoratzen ez badut ere. Baina Ihesi argitaratu zenerako, garbi nuen prosa jorratu nahi nuela, eta langintza hartan buru-belarri murgildu nintzen, poesia zeharo baztertuz. Bai, generoen arteko haustura erabatekoa izan zen.

Gero, gazte literatura landu zenuen (Triangelu hautsia, 1998, eta Balatza tximistaren alaba, 2000) eta, gero, helduentzako nobelak. Ematen du eboluzio argi bat dagoela zure ibilbidean: poesiatik ipuingintzara, ipuingintzatik gazte literaturako kontakizunetara eta, azkenik, gazte literaturatik nobeletara. Horrela al da edo eboluzioa ez da hain lineala izan?

Ziur aski, gutxi-asko, nire bilakaera lineal samarra izan da. Horrek ez du esan nahi gaur egun ipuinik idazten ez dudanik, edo gazteei lotutako narrazioren bat aurrerantzean egingo ez dudanik. Gazte literaturan oso eroso sentitu izan naiz beti, eta berriz genero horretara itzultzeko aukera buruan dut. Tamalez, nire denbora mugatua denez, aukeratu beharrean aurkitzen naiz eta, gaur gaurkoz, helduentzako nobelagintza da nire hautua.

Lehen aipatu dugun bezala, orain arteko zure azken nobela Arkitektoa zen, 2007an plazaratutakoa. Geroztik urte mordoxka pasatu da. Zer gertatu da urte hauetan guztietan liburu berririk ez argitaratzeko?

Hasieran, Urtzi eta Eki bikien jaiotza “gertatu” zen. Horrek eta lanaldi luzeak xurgatu egin zidaten idazteko nuen denbora guztia. Denbora pasa ahala, berriz, “aitzakia” hura indarra galtzen joan da. Indarra galtzen joan bai, baina hor dago, jakina. Dena dela, nire idazle jardunean beti egon dira gorabeherak. Testuak hartu eta utzi izan ditut, unearen arabera. Pentaedroa idazteko ere halaxe ibili naiz azken lauzpabost urteotan: hartzen eta uzten. Erritmo motel horrek badu, nire ustez, alde on bat, hausnarketa eta nobelaren hainbat alderdi sakon lantzeko aukera ahalbidetzen baititu.

Pentaedroak Irun Hiriko Kutxa saria irabazi du. Arkitektoak beste sari garrantzitsu bat irabazi zuen, Euskaltzaindiaren Txomin Agirre. Eta gazte kontakizunekin ere bi aldiz Antonio Maria Labaien saria irabazitakoa zara. Zer garrantzi dute zuretzat sariek?

Garrantzi handia, bistan da. Sari ekonomikotik harago, lehiaketak argitaratzeko aukera bezala ikusten ditut. Izan ere, orain arte argitaratu ditudan zazpi liburuetatik lau dira lehiaketaren bat irabazi izanaren emaitza zuzena. Idazle gisa bisibilitatea edo ikusgaitasuna lortzeko aukera ere izan daitezke lehiaketak, baina horretarako jarraitutasuna behar da, eta horretan nik, lehen aipatutako arrazoiak direla medio, orain arte nabarmen huts egin dut. Oraingo honetan, berriz, horrelakorik ez gertatzeko erabaki irmoa hartua dut. Denborak esango du, noski, baina gustatuko litzaidake euskal literataruak berandu baino lehen berriro nire berri izatea.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina