Oier Guillan: “Lan egiteko modu eta diziplina artistiko ezberdinetatik gatoz, baina oso sentsibilitate antzekoekin.”

Arg. Ibai Arrieta_zuzenean 05

Argazkilaria: Ibarri Arrieta

Aurretik ezagutu arren, bostek batera lan egin duzuen lehen aldia da. Nolakoa izan da elkarlana?

Gertukoa, zintzoa, erraza. Lan egiteko modu eta diziplina artistiko ezberdinetatik gatoz, baina oso sentsibilitate antzekoekin.

Emanaldia belaunaldien arteko zubia dela esan daiteke?

Ez dakit, guk Artzeri dagokionean nahiko modu pertsonalean bizi izan dugu proiektua. Metrokoadroka-koek aspalditik ezagutzen dugu Artze: 1995etik 2005era sarritan kolaboratu zuen Mikelazulo kultur elkartearekin (gu hango partaide ginen orduan, eta egun), Hatsaren poesia egunean urte luzez elkartu izan gara, gure hasierako emanaldiak ikusi zituen, eta hasierako garai haietan sarritan errezitatzeko moduei buruzko aholkuak eman zizkigun. Guretzat bere poesia eragin handia izan da, batez ere ahozkotasunarekin duen harremanagatik, bere poetikaren performatibitatea eta errezitagarritasunatik, eta egin izan dituen zuzeneko emanaldiengatik, taldean zein bakarka.

Zaila izan al da Artzeren lana disziplina bakoitzera egokitzea?

Metrokoadrokakooi errezitaldi zatiak egokitu zaizkigu batez ere, eta haietan esperimentazioaren bidetik joaten saiatu gara, baina poemekiko maitasun handiz jokatuz, eta Artzeren poesian topatu izan dugun umorea ere ukitu teatral batekin txertatuz. Errezitatzeko moduan Artzek transmititu izan digun musikaltasunerako, jolaserako eta hitzen doinuarekiko joera errespetatzen saiatu gara.

Zein izan da Artzeren beraren parte hartzea?

Artzek ez zuen emanaldia ikusi estreinaldia egin genuen arte, beraz sorpresa zen beretzat emaitza, eta guretzat haren erantzuna. Egun hartan bertan, emozio biziz, emanaldiaren ostean aholkuak eta iradokizunak eman zizkigun errezitatzeko moduari buruz, eta bere testuak interpretatzeko moduari buruz. Haiek aintzat hartzen saiatu gara gerora egindako emanaldietan.

Nola uztartzen dira tradizioa eta esperimentazioa?

Bi arlo berezitu bailiran mintzo gara sarri, baina oso gertu egon daitezke biak. Euskal kantagintzaren historian sarri ikusi izan da hori. Gure kasuan, antzerkitik gatozen heinean, sinplea da: bata zein bestearen oinarrian beti dago komunikatzeko borondate bat, batzuetan keinu batean, ahots tonu xume batean laburbildu daitekeena. Oinarrian dagoen komunikazio bulkada hori bilatuz gero, arte diziplina eta garai guztien arteko zubiak topatzen ahal dituzu.

Ikusle kopuru txikiei zuzendutako ikuskizuna sortu duzue. Zergaitik?

Berez emanaldiak oso ondo funtzionatzen du publiko kopuru handi-ertainekin, eta baita txikiekin ere, egin daiteke antzokietan zein kultur etxeetan. Nolanahi ere, aukera dagoenean publikoa gertu sentitzeko sortze prozesuan parte hartzaileon artean egon den gertutasun hori, emanaldiak duen intimotasun bortitz hori, publikoari asko iristen zaiola ikusi dugu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin