Izenetik izanera – Tituluen oihanean
Seme-alabei izena jartzea izan ohi da guraso gehienen bizitzetako egintza poetiko nagusia. Egunak eta egunak pasa ditzakete gustuko hitz baten bila, ohartu gabe egintza poetiko baten pauso nagusiak ematen ari direla: lehian jartzen dituzte moda eta tradizioa, orijinaltasuna eta diskrezioa, fintasuna eta deigarritasuna; belarrien atsegina bilatzen dute eta silaben musikaltasuna izaten hizpide; arrunkerietarako aukerarik emango ez duen izen bat bilatzen…
Ez dut ezagutzen izen egoki baten bilaketak gurasoengan eragindako buruhauste poetiko horren kontakizun askorik. Flauberten Madame Bovaryk dakar nik ezagutzen dudan zehatzena: “Emma asko saiatu zen bere alabarentzako izen baten bila. Lehenik, bukaera italiarra zuten guztiak pasatu zituen banan-banan (…), Charlesek haurra bere ama bezala deitzea nahi zuen; Emma horren aurka zegoen. Egutegia aldenik alde jorratu zuten, eta kanpokoei iritzia eskatu zieten”. Batek “gertaera ospetsuren bat edo gogamen bikain bat oroitarazten” duen izenen bat jarriko lioke, baina Emmak nahiago luke “erromantizismoari amore” emango dion izenen bat. Beste hainbat horrelako hausnarren ondoren, “Emmari gogoratu zitzaion Vaubyessardko gazteluan entzun zuela markesa neska gazte bati Berthe deitzen; orduantxe bertan, hautatua geratu zen izen hori”.
Haurrak bizitza guztian eraman beharko baitu izena gainean, atsegina eta polita izango den bat bilatzen zaio, esan erraza, arazorik eragingo ez duena. Izenak haurraren etorkizuna marka lezakeenez, askotan birtualtasun mirarizkoa ere eman nahi izaten zaio haurraren izenari. Sineste horixe dago Emmaren jokabidean: markesa baten izena jarrita, agian gure txikia ere… Gurasoek artean ez dakite nolakoa izango den haurra, baina garbi daukate haurraren izenak eta izanak batera egin beharko dutela mundualdia. Hortik, hartzen duten lana; hortik, hasieran poetikoa deitu dudan ahalegin beti ere zaila.
Flaubertek deskribatutako buruhauste horien oso antzeko nekeak izaten ditu idazle batek bere liburuari izenburua jartzeko orduan ere: liburuak ere izen bat —titulua— izango du mundualdiko bidaide eta makulu, irakurleok tituluagatik ezagutuko dugu idazlearen lana, titulua baliatuko dugu hartaz mintzatzerakoan. Baina milaka eta milaka dira liburuak: egile batek nola nabarmenaraziko ditu bai bereak elkarren artean, bai bere horiek Babeleko liburutegiko liburu ezin konta ahalakoen artean? Nola erraztuko du bere testuaren ibilera, nola piztuko du irakurlearen arreta?
Idatzizko testu luze bat liburu bihurtzen hasi orduko, izena jarri beharraren kezkak hartzen digu barrena. Baina emaitza prozesuaren hasieratik egon liteke, idazkuntzaren ibilian jaio liteke, liburua idatzi eta gero sor daiteke argia.
Titulu adina zirkunstantzia eta istorio dago tituluen inguruan. Baina titulu bat ez da zelofan hutsa. Arreta pizteaz gainera, tituluak testuan esaten dena jaso nahi izaten du, edo laburbildu, edo sujeritu. Batzuetan zuzen, bestetzuetan ironiaren bidetik edo metafora baten bitartez… Gaiarekin lotura zuzena izan lezake, edo ezkutukoa. Titulu deigarriak, erraz gogoratuko direnak, atseginak, oihartzuntsuak bilatzen dira. Gandiagaren Uda batez Madrilen titulu on baten adibide garbia da. Liburuaren gaia laburbiltzen du hitz gutxitan. Gandiagaren tituluak ez du esaten poesia liburu baten aurrean gaudela, baina aliterazioak eta euskal estruktura erritmiko guztiz klasiko baten hezurdurak [4 silaba (2+2) gehi 3] bizitasuna ematen dio tituluari. Aukera apartak zituen gure memorian gelditzeko. Halaxe gertatu da. Lizardik bere poetika laburbildu zuen Biotz begietan tituluarekin (bihotza eta begiak dira bere poetikaren motore). Gauza bera egin zuen Orixek Barne Muinetan tituluarekin (gizakion sakonenean jaiotzen dira jarrera mistikoak), Arestik harria eta herria deklaratu zituen bere poetikaren ardatz, Juan Mari Lekuonak gizakion oinazea (Mindura gaur) izan zuen ispilu bere lehendabiziko lan poetikoan.
Peru Abarka edo Peru Leartzako tituluek garbi adierazten dute pertsonaia nobela batzuen aurrean gaudela, Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan irakurrita, berriz, zehaztasun osoz dakigu nor den protagonista, liburuak nora eramango gaituen eta zer kontatuko digun. Beste titulu batzuek testuaren kokapena —situazioa, giroa, humusa…— iradokitzen dute: Kresala eta Garoa tituluak irakurrita, lehenak itsas girora garamatza, besteak mendiko oihartzunak dakarzkigu. Hamaika pauso tituluak denboraren mugagabetasuna (hamaika zenbakiarekin azpimarratua) eta denbora horretan egiten dugun ibilaldi mugatua markatzen ditu. Obabakoak tituluan, silaba oihartzuntsu batzuen baturaz gainera, espazio mitiko baten eta kontakizunen arrosario baten promesa dauzkagu. Fadoa Coimbran izeneko nobela baten berri izanda, istorioaren kokapena eta tonuaz gainera, fado hitzak adierazten duen destinoaren iradokizuna eragiten digu. Itzulera baten historia bezalako tituluak zehatz laburbildua du kontakizunaren nondik norakoa. Gela debekatuak tituluko iradokizunak ipuin tradizionaletara garamatza. Poliedroaren hostoak ikuspuntu ugariko istorio baten iragarpena da. Izan bainintzen Nafarroako Errege nobelak historian atzera garamatza…
Baina tituluak ez dira beti deskriptiboak: badira epaia ematen duten kontrasteak (Bizia lo), bizitzaren eta literaturaren arteko joan-etorria irudikatzen duten hitz jokoak (Itzalen itzal), historiarekin lotura zuzenak egiten dutenak (Nik ere Germinal nuen aldarri edo Gerezi denbora), metaforikoak (Belarraren ahoa), ironiatsuak (Itoko dira berriak)… Labur-laburra izan liteke (T) edo luzea (Aspaldi espero zaitudalako ez zaude sekula bakarrik).
Tituluak testuaren lagungarriak dira, liburua babesten dute, gaia laburbil dezakete edo edukiaren giltza izan. Askotan, ordea, justu kontrakoa lortzen dute, engainua bideratuz, testua zikinduz, liburuan ez dagoena eskainiz. Nola nahi ere: asko dira titulu ona duten liburu kaskarrak, baina koska nahiko segurua da liburu onek titulua ere ona izatea.