Markos Zapiain: “ETAren ekarpenik garrantzitsuena Euskal Herriari, ETAri buruzko euskal literatura izan da”

Argazkia: José López

Saiakera harrigarri batekin datorkigu Markos Zapiain: Etakideen ametsak. Izenburuaren eta edukiaren berri guk argitu ordez, hobe berari galdetzea.

 

Hasteko, harrigarria da izenburua, eta gaizki-ulertuetarako bidea eman dezakeena. Argitzerik bai irakurleei, zer topatuko duten bertan?
Euskal eleberrietako protagonista etakideek egiten dituzten ametsak, hogeita bost inguru, eta ametson inguruko gogoeta batzuk. Argiagoa eta mamiari lotuagoa litzateke “Euskal eleberrietako etakideen ametsak”, baina luzeegia da.

Nondik nora bururatu zitzaizun hurbilpen modu hau? Literatur kritikazko lanen bat irakurrita? Freudekin? Berbagai dituzun liburuetakoren batekin?
Ibon Egañak eta Edu Zelaietak UEUtik deitu zidaten “Euskal literatura eta gatazka” ikastaroan hitzaldi bat emateko. Ez nekien nola bete ordu eta erdi hura. Hitzaldietan polita izaten da lantzean behin kontakizunen bat tartekatzea, disertazioa eta mitina goxatze aldera. Eta ametsak ipuin perfektuak izaten dira. Gainera, ia urtero irakatsi behar baduzu Psikologia, astean lau ordu, berez sortzen zaizkizu harreman estuak ametsekin eta Freudekin. Dena den, hitzaldia eta gero, liburua idatzi ahala, sumatu dut etakideen ametsei hobeki egokitzen zaizkiela Gaston Bachelard-en edo James Hillman-en ideiak Freudenak baino.

Hainbat diziplinatako ekarriak biltzen dituzu; kontatuko al zeniguke zein den zure lan egiteko modua liburu bat aztertzean?
Ahalegintzen naiz aztertutako liburua bera izan dadin funtsa, erabili barik inportaturiko teoriaren bat frogatzeko edo ilustratzeko. Liburuko pasarte, ezaugarri edo berezitasunen batek oihartzun egiten baldin badio nik bizi izaniko edo irakurri eta oroimenean atxikiriko zerbaiti, orduan bereziki nabarmentzen dut.

Eta heterogeneotasun hori berez sortzen zaizu ala berariaz bilatu?
Inork ez dit sekula balizko heterogeneotasun hori aipatu, eta egia esan ez dut ondo ulertzen zer esan nahi duzun. Oinarrizko jarrera kritiko garbirik gabeko eklektizismo desordenatua, noski. Aski mugatua da nire ahalmena, esan gabe doa. Ahal izan dudan moduan eman dut etakideen ametsen berri

Izango da esango duenik Zapiain pour épater le bourgeois ari dela, edo heterodoxoarena egin nahian…
Burgesek ez dute Etakideen ametsak irakurriko, eta ezin dut atzeman zein ortodoxiatatik desbideratu naizen, zer duzun buruan. Ez dago misterio handirik: hitzaldi bat emateko pragmatismoz bilaturiko haria liburu bilakatua.

Idazleak oso kontzienteki idatzi ohi du lerro bakoitza. Amets hauek inkontzientearen emaitza balira bezala aztertzea zenbateraino da zilegi?
Egia da, idazleak oro har aski kontzienteki idazten du, eta ez dut idazlearen inkontzientea bilatu, Jainkoak libra nazala. Dena den, amets horiexek dira euskal eleberrigileei atera zaizkienak beren burua etakide bati amets eginarazteko atakan ikusi dutelarik. Dirudienez, herriek ere, gizabanakoen antzera, gorabehera psikologikoak izaten dituzte. Herriek inkontzientea ote duten, korapilatsuagoa da, eztabaidagarriagoa. Orobat, idazleak eta poetak ote diren balizko herri-arima horrekin, herriaren inkontzientearekin, sakonkien konektatu eta hobekien adierazten dutenak, zenbait erromantikok uste bezala. Edonola ere, esanguratsua izan liteke euskal idazleek etakide bat ametsetan jarri behar eta beti lokamutsak irudikatzea.

Bestalde, fikziozko pertsonaia horiek egiazko etakideen trasuntotzat hartzea ez ote da ausarkeria?
Arraioa, txikitan erakutsi zidaten etakide erreala eta idazleak asmaturikoa bereizten, eta ez zait ahaztu. Hitzaurrean bertan diot fikziozko etakideak oroz lehen fikziozkoak direla, ez direla inolaz ere egiazko etakideen trasuntotzat hartu behar. Abiapuntua edo inspirazioa errealitatetik etor badaiteke ere, idazleak eraiki behar izaten du edozein pertsonaia, etakidea barne, narrazioaren eskakizunak aintzat hartuta, jarrera ideologikoa, eta abar. Halaber, etakide erreal bat “etakidea” legez aurkeztea ere arbitrarioa litzateke, abstrakzio hutsa. Iratxe Sorzabal bezain etakide izan dira Patxo Unzueta eta Arnaldo Otegi.

Azterturiko idazleek badute gai honen aurrean ezaugarri komunik? Nolabaiteko sailkapenik?
Ia amets guztiak dira amesgaiztoak. Ilunak dira, erorikoak, heriori lotuak. Sailkapen batzuk: “Hamaika pauso”ko ametsak neurotikoari dagozkio, senide eta maitasun harremanetan daude kateaturik; “Lagun izoztua”koak zein “Pasaia blues”ekoak, berriz, eskizofrenikoagoak dira, psikotikoagoak, nortasuna zatitu egiten zaie eta zatiek ihes egiten diete zeinek bere aldetik, deabrua eta Camaron de la Isla ageri dira, galdu egiten dira basamortu izoztuetan… Atxagaren etakideak dira lo dauden inguruko zaratei eta sentipenei ametsetan sartzen uzteko orduan eskuzabalenak, esna daudenean berez aski autistak badira ere.

Eta ondoriorik atera al duzu, dela gure literaturaz, dela erakundeaz, dela gure historiaz…?
Bai, ETAren ekarpenik garrantzitsuena Euskal Herriari ETAri buruzko euskal literatura izan dela.

Urteak dira saiakera hauekin hasi zinela; geroztik hainbat lanetan aritu zara; esaterik bai zein edo zertaz izango den zure hurrengo liburua?
“Saizarbitoria eta perbertsioa” hasi naiz idazten, “Txillardegi eta ziminoa”ren ildotik. Erakargarriagoa litzateke agian “Saizarbitoriaren perbertsioak” izenburua, kuxkuxeroagoa den aldetik. Orain bertan jelosiaren eta hilketaren arteko harremana ari naiz aztertzen “Ene Jesus”en eta “Bihotz bi. Gerrako kronikak”en. “Hamaika pauso”k merezi du azken aldiko gorazarre hori, zalantzarik gabe, baina “Bihotz bi” da oraingoz Saizarbitoriaren gailurra.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina