Flashback – Motzetik Luzera
Oi, liburuak, zinearen hornitzaile amaiezinak! Eleberri erdi-arrakastatsu bat idaztea lortzen baduzu, zaude ziur: laster etorriko zaizu zine jendea txeke bat eskuan. Behar hori dauka zineak. Eta bitxia da, baina eleberria irakurri eta pelikula ikusi ondoren, jende askok “tira, liburua gehiago gustatu zitzaidan” esan ohi du, “pelikulan gauza gehiegi moztu dituzte”. Zorionez, horrelakorik ez da gertatzen fikzio motzean, ipuinetan alegia, oinarritutako film ugarietan. Horrelakoetan ez dago gehiegi moztu beharrik.
Brokeback Mountain (Ang Lee, 2005) pelikula mamitsuaren atzean, adibidez, ipuin bakan bat dago. Annie Proulx idazle iparramerikarrak Close Range: Wyoming Stories liburutik hartuta dago bi behizain gayren istorio hunkigarria. Pelikularen ostean egindako edizioetan Brokeback Mountain (Siglo XXI, 2005) izenpean bizi da ipuin-liburua, Wyomingo paisaietan girotutako hamaika istorio.
Ematen du Ang Lee zuzendariak gustua hartu ziola fikzio motzari, bere hurrengo pelikularako (Lust, Caution, 2007) Eileen Chang idazle txinatarraren izen bereko ipuina aukeratu baitzuen, Hong Kong eta Shangaiko intrigei buruz hitz egiteko.
Batzuetan zaila suertatzen da deskubritzea ze ipuin dagoen film baten atzean. Michelangelo Antionioni Julio Cortázarren Las babas del diablo ipuinean inspiratu zen Blow-up (1966) pelikula mitikoa egiterakoan, libreki inspiratu ere. Aitzakia ona dena den, Londreseko argazkilari obsesiboaren filma zein Cortazarren Las armas secretas (Cátedra, 2004) ipuin-liburua birpasatzeko.
Istorio laburren maisu iparramerikarrek ere pantailara jotzeko aukera izan dute, fortuna handiz gainera. Burt Lancaster igerilari bitxi samarra bihurtu zen The Swimmer (Sydney Pollack, 1968) pelikulan, John Cheever-en izen bereko ipuinari jarraituz. Okasio bikaina Cheever-en Relatos Completos (Emecé, 2006) bilduma zoragarriarekin blaitzeko.
Eta zer esan Raymond Carver-i buruz. Robert Altmanek bere bederatzi ipuin eta poema bat hartuz, nahastuz eta berriz ordenatuz Shortcuts (1993) pelikula gazi-gozoa egin zuen. Filma lagunduz, Carverren lan horiek Shortcuts: Vidas Cruzadas (Anagrama, 1993) liburuan bilduko ziren urte berean.
Manuel Rivasen La lengua de las mariposas ipuina 1999an eraman zen pantailara, izen berarekin eta José Luis Cuerdaren eskutik. Gerra Zibileko istorio lazgarri eta samur honek bigarren bizitza bat eskaini zion Rivasen bigarren ipuin liburuari ¿Qué me quieres, amor? (Alfaguara, 1995), berrirakurketa bat merezi duena.
Eta euskal letretara etorrita, hamarkada bat eta erdi itxaron behar izan zuen Bernardo Atxagaren Obabakoak (Erein, 1988) garrantzitsuak, pantailara jauzi egiteko. 2005ean ikusi ahal izan genituen begi aurrean Obabako maistraren amodioak eta belarrietatik muskerrak sartzen zituen gazte baldarraren balentriak. Obaba (2005) Montxo Armendarizen ahalegina izan zen. Kasu honetan, maiz gertatu ohi den moduan, liburua gehiago gustatu zitzaidan