Durangoko Azokak Anuntxi Aranari emango dio Argizaiola saria
Anuntxi Arana antropologoak jasoko du aurten Durangoko Azokako Argizaiola saria. Anuntxi Arana (1947 – Luiaondo Aiara), frantses filologian lizentziatua, AEKko irakasle izan da Baionan, EHEko kidea eta Bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministan ibilitakoa da.
Gaur egun, Angelun (Lapurdi) bizi da. Euskal mitologia ardatz, antropologian burutu ditu bere lan idatziak. Lehen hurbilketa Baionan egin zuen Diplôme universitaire de Basque ikasketen barruan, eta 1985ean Haranburu Altuna argitaletxeak argitaratu zion memoria gisa aurkeztutako lan hura, Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak izenburupean.
Ipar Euskal Herriko mitologia aztertzen lehena izan zen Jean Francois Cerquand. XIX. mendeko grafian Cerquand-en egindako lana berridatzi eta garaietara egokitu zuen 1986an Anuntxi Aranak eta bi liburutan argitaratu zen: Jean François Cerquand bilduma – Ipar Euskal Herriko Legenda era Ipuinak.
Hala ere, bere lan nagusia 1996an egin zuen: Bordeleko Uniabertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin zuzendutako doktorego tesia Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa izenekoa.
Ipar Euskal Herrian euskaraz defendatu zen lehenengo tesia izan zen. Baina Aranak berak zehazten du Jasone Salaberriaren tesia ere berearekin batera, garai berdinean, defendatu zela.
Gaur egun, eskuartean, hilak, arima herratuak eta mitologia lotzen dituen lana prestatzen ari da udaberrian argitaratzeko.
Argitalpenak
Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak – Haranburu Altuna, 1985
Jean-François Cerquand, Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak – Txertoa, 1985 eta 1986
Orozko Haraneko kondaira mitikoak – EHU 1998 (Doktorego tesia)
Mito hurbilak: euskal mitología jendeen bizitzan – Gatuzain 2000
Mitoen bilakatzea – Gatuzain 2004
Jentilak eta kristauak – Elkar 2008