Bazen behin… txakur, martziano, printze, arkakuso eta altxorrak …eta hala bazan

haur-literatura“Zure seme alabak adimentsuak izatea nahi baduzu, irakurri iezazkiezu maitagarri ipuinak, eta, adimentsuagoak izatea nahi baduzu, irakurri iezazkiezu maitagarri ipuin gehiago”. Albert Einsteinen hitzak dira, erabatekoak.

Ez da hau eztabaidarako gunea, baina egia da pertsona helduen memorian haur eta gaztetan izandako erreferente literarioen urratsek luze irauten dutela, ondorio positibo garrantzitsuagoak kausatzen ez badituzte. Eta egia da, baita ere, haur eta gazteentzat idatzi diren istorio anitz helduentzat gomendagarriak liratekeela. “Helduek inoiz ez dute ezer ulertzen bere kabuz, eta umeentzat nekagarria da beti dena azaldu behar izatea”, dio Printze Txikia liburuko narratzaileak, Antoine de Saint Exupéryren alter ego delakoak.

Bakardadea eta adiskidetasunari buruzko hausnarketa pausatu eta poetikoa eskaintzen du Printze Txikiak; haztearekin batera, haurtzaroa bertan behera ez uztea proposatzen du, baldin eta haurtzaroa galderekin, irudimenarekin, xalotasunarekin, egiazkotasunarekin lotzen bada. Klasikoa bilakatu da honez gero, 250 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dute, eta historiako liburu salduenetakoa bilakatu da. Duela urte batzuk Mariasun Landak honen inguruan Bilbao udal kazetan idatzitakoaren arabera, “Printze Txikia gaur eguneko haurrek dastatzeko eskubidea, eta ez betebeharra, duten liburua da. Adinik gabeko liburua, helduekin batera irakurtzeko oso egokia eta, zorte piska batekin, literatura esperimentatzeko bide pribilejiatua izan daitekeena, nire kasuan izan zen bezala”.

Euskal literaturaren uzta oparoa izan da azken urteotan. Xabier Etxanizek Euskal Haur Literaturaren Antologian aipatzen duen lez, “euskal haur-literaturan urte gutxitan aurrerapauso handiak eman ditugu, eta euskal idazleek eginiko ipuinak, nobelak, poemak eta antzerki-obrak kalitatezkoak dira”.

Goazen, adibidez, Bernardo Atxagaren kutxa miatzera. Bertan, haur literatura jorratzen duten hogei lan baino gehiago aurkituko ditugu. Baina badira nabarmentzekoak. Xola txakurraren abenturak kontatzen dituzten lau liburuak (Xolak badu lehoien berri, Xola eta basurdeak, Xola ehizan, Xola eta Angelito) adibidez. Iragan urrian, gainera, ingelesez argitaratu zen The Adventures of Shola, Xolaren abentura guztiak biltzen dituen libura. Nikolasaren abenturak eta kalenturak edo Behi euskaldun baten memoriak, dira Asteasuko idazlearen ondare oparoan aurkitu daitezkeen beste bi.

Txan Fantasma liburuarekin eskuratu zuen Mariasun Landak 1982an Lizardi Saria. Bertan, jostatzea gustatzen zitzaiolako bere fantasma taldea utzi eta bakar bakarrik haur baten bila joaten den fantasma baten istorioa kontatzen du errenteriarrak. Errusika ipuinean, ordea, dantzari famatua izatera iritsi den arkakuso bat da protagonista.

Pello Añorgaren Pottokok haurren logeletako eta ikastoletako apalak jantzi ditu luzez: “…nahiz oilo eta txakur, nahiz ahuntz, eta behi, nahiz zerri eta nahiz ardien artean, batez ere ardien artean, beee! eta beee! ardi guztiekin batera”.

Ezin alde batera utzi Iñaki Zubeldiaren Euskaldun bat Marten. Askoren aburuz, euskaraz idatzi den zientzia-fikziozko lehen liburua. Zarautzen gehien irakurtzen den liburuetako bat da, eta ez da kasualitatea. Izan ere, istorioa bertan hasten baita: “Lendabizi, haurrak izutu egin ziren baina, ondo begiratu ondoren, ovni eder bata ikusi zuten Santa Barbara gainean”. 2008ean Nafarroako haurren bozkekin erabakitzen den JUUL lehiaketan lehenengo saria eskuratu zuen.

Gaien sorta aberatsa da, eta sortzaile gehienek fikzio hutsa jorratzen badute ere, badago historia oinarri hartu duenik ere. Hau da, hain zuzen, Joxan Ormazabalen Pernando Amezketarraren kasua. Umorezko liburu bat idatzi zuen Ormazabalek, eta bertan pertsonaiaren ateraldi eta pasadizo esanguratsuenak bildu zituen. Gazte literaturan sailkatua, helduentzat egokia eta euskara ikasteko ere arras aproposa. Euskal Herriko etxe gehienetan txokoa aurkitu duena. Ormazabalek berak sortutako Kittano pertsonaiak ere izan du eraginik, auto gorri baten atzeko eserlekuan abandonaturik utzi zuten ijitoa, alegia.

2007an liburu hunkigarri batek eskuratu zuen, Haur eta Gazteentzako Literatura sailean, Euskadi Saria. Miren Agur Meaberen Urtebete Itsasargian. 36ko gerraren hotsak aditu orduko, hamahiru urteko gaztea Bilbotik osaba bizi den Bizkaiko herri txiki batera bidaltzen dute gurasoek. Osaba farozaina da, eta urtebete luzea emango du gazteak berarekin. Fikzioa errealitatearekin nahasten da istorio honetan. Izan ere, Gernikako bonbardaketa, euskarazko lehen egunkariaren agerpena, edo Lauaxeta eta Aristimuño bezalako pertsonaiak tartekatzen baitira.

Kirmen Uribek idatzitako Garmendia pistolari ondarrutarraren abentura ezberdinek ere gaztetxoak erraz entretenitu dituzte. Gizon kankailua da Garmendia, ehun kilotik gorakoa, isila eta bakartia. Gertaera batzuk tarteko, oso ospetsua egin zen garai batean; bihozgabea izatea eta dozenaka gizon hil izana egotzi baitzioten, nahiz eta zinez eta benetan inork inoiz ez zuen ikusi tiro bakar bat ere botatzen.

J.M. Olaizola, Txilikuk sortutako Osaba bin Floren liburu bereziak jaso zuen 2004ean Euskadi Literatur Saria. Bertan, Osaba Florentino da protagonista. Behin kaskarreko latz bat hartu zuen, eta medikuak bendak jarri zizkion buruan, durbante baten gisa. Eta durbantearen azpian, Osaba Bin Floren bihurtu zen Osaba Florentino, “Bagdadeko Abus Nuas ipuin-kontalari ospetsuaren adiskide kutuna”. Eta Bagdadeko ipuin kontalari batek hiriko plazan nola, halaxe kontatzen ditu ipuinak Osaba Bin Florenek ohetik mugitu gabe. Entzuleek Arabiar golkoan zehar bidaiatuko dute historiaz historia, garai bateko kalifek atsegin zuten modu berean.

Eta garai bateko kalifen modura, historiaz historia bidaiatzen dute egungo haur eta gaztetxoek ipuin klasikoekin, beren guraso eta aiton amonek egin zuten bezala. Eta, klasikoek izaki, duela mende batzuk sortutako istorioez ari gara, denbora aurrera joan ahala iraungitze data ezagutu ez dutenak.

Robert Louis Stevenson eskoziarrak abenturazko eleberrien artean borobilena idatzi zuen 1883ean: Altxor Uhartea. Modu batean edo bestean, guztiok gordetzen dugu Jim Hawkins gaztearen oroipenen bat. Flint kapitain pirata ospetsuaren altxor baten mapa aurkitzen du Hawkinsek, eta espedizio oso bat abiatzen da haren bila Hispaniola belaontzian. Liburuaren euskarazko edizioan azaltzen den lez, “Altxor Uhartea irakurtzea abenturak bizitzea da, eta abentura beti da arriskutsua eta horregatik baita zirraragarria ere. Arriskuan eta egoera larrietan giza arima ateratzen da, ordea, eta hor beldurrak, bertuteak, miseriak eta bestelako giza ezaugarriak erakusten dira”.

Abentura eleberria da Jules Verneren Munduari bira 80 egunetan, baita Lewis Carrollen Alizia Herrialde Harrigarrian ere. Eta azken honen haritik tiraka, Grimm anaien sinadura daramaten haur literaturaren historian idatzitako ipuin ospetsuenetara heldu gaitezke. Edurnezuri, Loti ederra eta Errauskine izan daitezke esanguratsuenak, baina sortu zituzten guztiok ezagutzen ditugun beste izenburu mordoa ere: Hansel eta Gretel, Hamelingo txirularia, Erpurutxo, Botilako jeinua, Jostuntxo ausarta, Urrezko antzarra, Zapataria eta iratxoak edo Igela printzea.

Literaturak utzi dizkigu, historian zehar, ipuin izeneko milaka eta milaka hazi. Ezinezkoa da pertsonaia, istorio eta abentura guztiak bi orrialdetan biltzea. Baina esan daiteke bai, bizitza modu arin eta politagoan ulertzen laguntzen gaituztela. Izan ere, Hans Christian Andersenek esan zuen bezala, “bizitza bera da maitagarrien ipuin zoragarriena”.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina