Bernardo Atxaga: “Etxeak eta hilobiak”

Etxeak eta hilobiak - Bernardo Atxaga

“Pamielari esan diot, ahal bada, kartelean jartzeko nire “azken nobela” izango dela hau”

Errealitatearen  labirintoan sartu eta barrutik hitz egitea da idazlearen lana  Bernardo Atxagaren ustez; “sentimentuak harrapatu eta  egiak azalerazi”.  Horregatik egongo da idazlea  “eromenetik hain hurbil”.

Etxeak eta hilobiak sekula idatzi duen nobelarik konplexuena dela dio.  Irakurleak, berriz, jauzia nozitu gabe egingo du errealismotik surrealismora, bihotza uzkurtu eta irribarre. Atxagaren azken nobela da hau, izatez eta desioz. Beste leku (literario) batzuk bisitatu nahi ditu aurrerantzean: txikiagoak neurriz baina ez sendotasunez.  

Zuk aldarrikatzen duzun idazkera demokratikoarekin ondo datozen lekuak dira etxeak eta hilobiak, berdindu egiten gaituztenak.

Idazle demokratikoak beti ikusten du bere burua gizarte baten barruan, komunitate batean, eta arbuiatu egiten ditu XIX.mendeaz geroztik etorri diren beste ereduak, artista jainkotuarena edo artista autistarena. Gure kasuan, ezinbestekoa da, euskaraz ari gara eta. Kafkak esaten zuen, txekieraz idaztea zoragarria zela; instant batean ekintza politiko bihurtzen baitzen. Gauza bera gertatzen da euskararekin. Euskaraz idaztea, beste ezer gabe, ekintza politikoa da. Komunitatearekin, gizartearekin, dago lotuta eta ondorioz, demokratikoa da. Eta nik eredu hori asko maite dut, agian beste  eredua asko gorrotatzen dudalako. Marfilezko dorrean sartzen den artista ez da nire maitia.

Gertuko errealitatearen ezaguerak, lurra zapaltzeak egiten du hortaz idazkera bat demokratiko eta kontrakoak aristokratiko?

Errealitatea labirintikoa da. Mila urte bizita ere ez genuke jakingo ondo nolakoa den. Batzuetan, zerbait ulertzen dudala iruditzen zaidanean, miresgarria iruditzen zait nolako ñabardurak dituen ekintzarik txikienak. Idazlearen lanetako bat labirintoan sartu eta barrutik hitz egitea da. Egon Erwin Kisch 1914.eko gudan egon zeneko liburua irakurri berri dut. Ez dut sekula gerra barrutik ikusteko liburu hoberik irakurri. Latza eta ederra aldi berean. Nik ere horixe nahi dut, ondo ezagutzen dudan mundu bati buruz hitz egin.

Eta Asteasun jaiotako idazleak badaki nola sentitu den Elias nerabea Pabera frantsesa ikastera joan eta klaseko aurkezpenean “village” batetik datorrela esan eta ordutik ikaskideak, irain modura, “bilash” deitzen hasi zaizkionetik.

Hala da, xehetasunetan daude Jainkoa eta Deabrua. Xehetasun horiek egiak dira, aipatzen duzun errealitate horretan beste milaka ezaugarriaren artean. Inbentario bat egingo bagenu zer den nerabe baten bizitza herri txiki batean eta gero Frantziara dihoanean, inbentario hori infinitoa litzateke. Harrigarria egiten zaidana da, nola bizi garen modu sinplean, oin bat bestearen atzetik botatzen dugu, kafe bat edaten eta abar, eta aldiz, burua, sentimentuak, bihotzeko horiek, infinitoak dira eta horiek harrapatzea da literaturaren eginkizuna. Teoriak zer egiten du? Hegazkinetik lurrera begiratzea bezala, teoriatik, soro guztiak berdinak dira baina bertatik bertara begiratu eta ez dira.

Mutututa itzuli da Elias Frantziatik Ugartera. Ingurukoek ez dute lortzen hitzik ateratzerik eta halako batean, osaba jabetu da: “fraideen eskola batean egon da Elias, hor egongo da esplikazioa”.

Idazleak beti bi ardatzekin jokatzen du: oroitzapena da bat. Oroitzapena halako “flash” batzuk dira, ez sekuentzia osoa. Eta bestea, irudimenak nahastu egiten du dena. Duela 30 urtekoa atzokoarekin. Eta litekeena da, istorio horretan esperientzia horiek gurutzatuta egotea. Mututasunarena, adibidez, garbi daukat horrela dela. Halako izu bat sentitu du eta mututu egin da. Ni egona naiz “Beau-Frère” ikastetxean. Ez naiz ezagutzen ez dudan lekua deskribatzen ari.

Epilogoa alde batera utzita, guztira sei narrazio biltzen ditu eleberriak. “Lau lagun” izenekoak,  Pardon zerbitzu militarra betetzen ari diren soldaduen istorioa kontatzen du. Horietako batek, Juan Carlos printzearentzat gordeta dagoen baso batera joan nahi du ehizara. “Istripua” izenekoa da beste bat. Autonomoak dira narrazioak baina unibertso bakarra osatzen dute.

Batasuna da eleberriaren ezaugarri nagusia. Pieza guztiak, lerro, orri guztiek egon behar dute harremanetan. Esfera bat balitz bezala, eta ez dago ezer esfera horretatik kanpo. Sekula idatzi dudan nobelarik konplexuena izango da. Egiterakoan, alegia. Irakurleak, berriz, erraz irakurriko duela uste dut. Pentsatu geranio batean: lorea bera harmonikoa eta soila da. Haren zainek, berriz, mataza bihurria ostazen dute. Ba, geranioa eskaini nahi izan diot irakurleari, ez zain-mataza bihurri bat.

Eleberrian, 1972tik ia gaur arte egingo dugu jauzi eta okindegi bat bezain leku xumean (“eta goxoan”, erantsi du elkarrizketatuak) osatutako giro errealistatik, istripu baten harira deskribatutako pasarte surrealistaraino.

Gure ikuskeran, esna gauden bitartean ezagutzen dugun errealitateak hartzen du zentraltasuna. Baina denok egiten dugu amets, denok edan dugu inoiz gehiegi, jendeak ebakuntza izan du eta anestesiarekin era guztietako munduak azaldu zaizkio. Esna gaudenean bezala, erabat esna ez gaudenean ere errealitate asko dago eta nik aspaldi beste alde honekin ere asko jokatu dut.

Subkonszientearekin.

Uste dut idazle izateko tresna horrekin idatzi behar dela; ez dena kontrolpean izan. Idazkera honetan, batez ere fikzioan, narrazioan, niretzat miresgaria den zerbait gertatzen da eta hauxe da: nola joaten zaren egiarantz. Egia harrapatzea zaila da, eta berdin esatea. Denok dakigu bizimoduak halako arintasun bat behar duela bizi ahal izateko. Senar-emazteen harremanetan, heriotzaren aurreko ikaraz eta abar ez dira egiak esaten eta agian ondo dago ez esatea. Idazkera da egiak ateratzeko modua, eta pertsonaiak, egia horiek esateko modurik onenak.

Mateok, Eliasen lagunmin egin den ikaskideak galdera egin dio Pascal irakasleari: “ez dauka frantsesarekin zerikusia baina galde dezaket zer den zoriona?” Bide beretik nik zuri: Ez dauka nobelarekin zerikusirik baina galde dezaket, zein den idazlearen zoriona?

Hauxe da adibide bat, nola esan litekeen literaturatik egia bat. Nire urteekin (68) autobiografia batean ez nioke neure buruari galdera hori egingo. Baina nerabe baten bidez egin dezakezu eta gainera konprenitzen duzu nerabezaroan egindako galdera hori dela bizitzan funtsezkoa eta gainerako guztia dekadentzia.

Zoriona? (Barre txikiaz), Ba, oraintxe nik daukadana. Lasai nagoelako. Egin duzu egin nahi zenuena, egin nahi izan duzun bezala eta nire kasuan horrek esan nahi du askatasun osoz. Ez da gutxi. Izan ere, gure bizitzan zenbat eta aurrerago joan, pixkanaka zure inguruan mugimendu bat sentitzen duzu. Eta badakizu zer den?

Ez.

Kaiola bat ari dira zuretzat egiten eta zure burua geroz eta barrurago ikusten duzu eta horretaz konturatuta, uste dut eutsi egin diodala askatasunari. Eta horrek asko balio du. Eutsi egin behar zaio buruari bere lekuan. (barre txikia)

Hori da idazlearen ahuldade nagusia ere, bere burua?

Bai, hori da idazlearen arriskua baina baita bere espazio-ontzia ere. Idazleak ikasi behar du buruak alde egingo diola eta iritsiko dela nahi ez duen lekuetara baina itzultzen jakin behar du. Idazlearen lana oso hurbil dago eromenetik, oso hurbil. Espazio-ontzi bat da. Ilargira joan zaitezke baina horrek arrisku bat du. Beste lan askotan ez da behar halako buru alde egin zalerik.

Ia bi urte Etxeak eta hilobiak taxutzen. Orain sukaldea jasotzera?

Pamiela argitaletxeari esan diot ahal bada jartzeko “azken nobela”. Alde batera egia izango da, orain arteko azkena baita, baina nire desioa, zilegi bada esatea, azken nobela izatea da. Beste leku batzuk bisitatu nahi ditut, kuadernoak eta lehendik idatzitako oharrak begiratu. Hemengo eliza literarioan, euskarazkoan, (broma gaiztoa eginda hau ez da eliza, ermita baizik), gauza asko kanpoan geratzen dira. Irakurleak erdiko gauzak nahi ditu, eleberriak eta noizean behin poemak. Baina gure erlijio honetan badira beste praktika batzuk eta nik beste idazkera batzuk arakatu nahi ditut. Marx anaien filmeko gidoilariak esaten zuen ez zekiela jendeak zergatik dioen nobelak hain garrantzitsuak direla; “miniatura batek mural batek adina balio du”, esaten zuen. Eta zeinen ondo esana! Hortxe dago elizaren eta erlijioaren arteko aldea. Elizak ez baitu miniatura ikusi ere egiten.

Eta zer kabitzen da miniatura literario batean?

Euskadi Irratiko “Faktoria” saiorako egin nituen “zeruko kronikak” adibidez. Edo testu batzuk, non goizetik gauera gertatutakoa kontatzen dudan. Behin, egun jakin batean gertatutakoaren bostpasei pieza idatzi nituen eta harrituta gelditu nintzen zenbat gauza gertatu litezkeeen egun batean eta horietako batzuk zeinen harrigarriak. Surrealismoa eguneroko bizitzan. Egun bateko piezetatik gauza oso sendoak atera litezke. Hortik joko dut, igual.

Sorpresaz hartuko zuen iragarpena zure jarraitzaile askok…

Egia den zerbait esango dizut baina ez serio hartu. Amielek esaten zuen bizitzak hainbat aldi dituela eta azkena deserria dela. Deserrira joan beharra dago. Ni joan naiz ilargiraino eta ea orain ilargiaren atzean zer dagoen. Ez banaiz itzultzen, (barre), gogoratu nirekin.

 

 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina