Aurtengo Euskadi sarien zerrenda osatuta

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskadi Literatura Sarietako azken irabazleen berri eman du gaur: Karmelo C. Iribarren (Gaztelaniazko Literatura), Eider Rodriguez  (Euskarazko haur eta gazte literatura), Kepa Altonaga (Euskarazko saiakera) eta Irene Aldasoro (Euskarazko literatura itzulpena) dira saridunen zerrendan gehitu diren izen abizenak. 

Lehendik, Eider Rodriguez (Euskarazko Literaturan), Yolanda Mosquera  (Literatura Lanaren Ilustrazioan) eta Santos Zunzunegi (Gaztelaniazko Saiakeran) zeuden zerrenda horretan, urriaren 1ean iragarri zuten bezala. Hortaz, Eider Rodriguez bi sailetako irabazlea izan da urte berean, hau gertatzen den lehen aldia izanik. Sari banaketa azaroaren 27an izango da, Gasteizen, Artium museoan.

Ondorengo lan hauekin izan dira sarituak: 

 

 Karmelo C. Iribarren 

Mientras me alejo

Eider Rodriguez

Santa familia  

 Kepa Altonaga

Patagoniara Hazparnen Barrena

 Irene Aldasoro 

Gailur Ekaiztsuak

 

 

 Eider Rodriguez

Bihotz handiegia

 Santos Zunzunegi

Bajo el signo de la melancolía

Yolanda Mosquera 

La pequeña Roque

 

 

 

Gazteen irakurketetan igerian

Haur eta gazte literaturaren eremuan, topikoak dira nagusi: haur eta gazteek ez dute irakurtzen, edozer argitaratzen da eurentzat, eskolak ez ditu irakurleak prestatzen, teknologia berriekin liburuak galduko dira…. Eta topikoak, errepikatzearen poderioz, egiatzat hartzen dira. Eta esaten eta entzuten dien horiek gezur osoa ere ez dira, egiatik zerbait badaukate.

Nire ustez, haur eta gazteek irakurri irakurtzen dute, inoiz ez dute hainbeste irakurri: gaur egungo populazioa eskolatuta dago; udal liburutegiek, aurrekontu oraindik baxuak izan arren, funtzionatzen dute; argitaletxe berri eta ausartak sortzen dira, eta egile eta kolektibo ugarik beldurrik gabe jorratzen dute autoekoizpenaren bidea. (Irakurri +)

Arian irakurgai berriak: “Historia ala istorioa” eta “Naia eta eskultore itsua” – elkarrizketa

ARIAN Irakurgai mailakatuen bilduma 23. alera iritsi da. Azken biak, Alvaro Rabelliren Naia eta eskultore itsua, A1 mailan, eta Nagore Irazustabarrena historialariaren Historia ala Istorioa?, B1 mailan.

Nagore Irazustabarrenaren elkarrizketa:

Historia ala istoria?  – Nagore Irazustabarrena – Ruth Juan (ilustratzailea)
Nagore Irazustabarrena historialariak historiaren egiarekin eta gezurrekin jolas egitea proposatzen digu. Gertakizun beraren bi kontakizun planteatu eta irakurleak antzeman beharko dio bietako zein den egia eta zein ez, non dagoen historia eta non istorioa: Napoleon gizon txikia al zen benetan? Zergatik egiten dira maratoietan 42.180 metro? Nork asmatu zuen gillotina? …

Historia jakin behar al da zure liburua irakurtzeko edo istorio zalea izatea nahikoa da?
Nahikoa da istorio bitxi batzuk irakurtzeko gogoa izatea. Historia itxuraz garrantziarik ez duten milaka istorio txikiz ere osatuta dago eta historia ikasten laguntzen dute. Historia jakitea ez da errege godoen zerrenda buruz ikastea, are gutxiago klik batekin eskura dezakezunean. Gertakizunak eta datak lotzen, interpretatzen laguntzen duten istorio txikiek iragana hobeto ulertzeko balio dute. Adibidez, atzerako ispilua nork asmatu zuen jakiteak ez dio ekarpen handirik egiten historiari buruz dakigunari. Atzerako ispilua ofizialki gizonezko batek asmatu baino lehen, ordea, emakume batek, Dorothy Levitt-ek liburu batean jaso zuen hura erabiltzeko gomendioa eta ez zioten jaramonik egin. Horrek asko esaten digu garai hartako gizarteari buruz. (Irakurri +)

Erika Elizari aurtengo Igartza sariaren irabazle

erika elizariErika Elizarik (Hernani,1988) irabazi du aurtengo Igartza saria, idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dutena eta aurten 21. urtea betetzen duena. Aurkezturiko hamabi proiektuen artean, Zendabalitz izenekoa hautatzea erabaki du Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osaturiko epaimahaiak. Hona irabazleari egindako elkarrizketa.

Berria zara euskal letretan. Aurkeztu iezaguzu zeure burua. Nor da Erika Elizari?

Ikasketaz Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua naiz eta nire ibilbide profesionala ere, batez ere arlo horretan egin dut. Azken urteetan telebistan aritu naiz programa desberdinetako erredaktore gisa. Profesionalki bakarrik ez, amateur moduan ere nire sormena ikus-entzunezko euskarriaren bitartez garatu izan dut: film laburrak eginez, dokumentalgintzan… Beti izan dut sen sortzaile bat eta sortzeko behar bat. Baina, batez ere, bideogintzaren bitartez ase dut. Bestela, idatzi izan dudana oso era intimoan egin dut eta gehiegi partekatu gabe. Duela urte batzuk haurrentzako ipuin klasikoen egokitzapen batzuk idatzi nituen, baina esan daiteke hau izango dela literaturarekin izango dudan kontakturik zuzenena. (Irakurri +)

Tene Mujika bekaren deialdi berria historia hurbilaz idazteko

Kattalin Miner

Kattalin Miner izan da Tene Mujikako azken irabazlea

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XIII. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XIII. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:

1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
 
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak. (Irakurri +)

Buruaz gabetu

Antxiñe Mendizabalek abiapuntu hartu du emazte onak etxea argitzen duela dioen euskal esaera zaharra. Hortik aurrera bere hitzak eta Iraia Okinaren irudiak txirikordatu egiten dira Emakume burugabea poema ilustratuan.

Poemak dakarren kontakizuna metafora bat izan daiteke. Litekeena da, ordea, egunerokotik oso gertu dauden bizipenen lekukotza izatea. Emakumea bere senaren bila doa eta peskiza horretan galdu egiten du irabazteko. 

Hasierako ilustrazioetan kortse bat, ezpainak, azazkalak, zorroa, zango-erdiko bota takoidunak. Den-denak gorriak. Eta denak, aldi-berean, kerik botatzen ez duten tximiniarik gabeko etxeen bidelagun. Gorriak eta kerik gabekoak. Gorriak dira emakumezkook aurrez ikasitako imintzioak. Kerik ez dute botatzen argirik ez duten etxeek; edo argia dutela diruditen etxe iruzurtiek.

Norbera, baina, da iruzurtia. Ez dago poeman biktimarik, ez eta borrerorik. Kontua ez da hori. Berriro jaio bidean, bere buruaz gabetzen den emakumezkoarengan pausatu du Mendizabalek bere begirada. Eta, jakina, berriro jaiotzeko erditu behar da eta erditzeak, jaiotzeko bada ere, min ematen du. (Irakurri +)