Literatura-geziak airean

Haurrek eta gazteek irakurtzea nahi dugu, eta horren harira irakurzaletasuna sustatzeaz jarduten gara. Ez dakigu, baina, nola egin. Ez dago formula magikorik, diogu behin eta berriro, eta hamaika kanpaina diseinatzen ditugu funtzionatuko duten esperantzarekin. Irakurtzea ona da, diogu. Ona da? Zertarako da ona? Ona bada, zer irakurtzea da ona? Haurrek eta gazteek irakurtzea ona omen, baina helduok irakurtzen al dugu? Eta hausnarrean ari garela, formula magikorik ez dagoela berriro errepikatuta, zerekin ahaztu, eta literatura berarekin ahazten gara nahiz eta magia inon badago, literaturan bertan dagoen. Horrenbestez, irakurzaletasuna alboratu, eta literatura-zaletasuna hautatuko dugu, aukeran.

Haurrek eta gazteek irakurtzea nahi dugu. Haurrak eta gazteak; hitzokin inuitek pertsona txikiak esaten dieten horiek homogeneizatu egiten ditugu guztiak bakar bat balira bezala. Jorge Larrosa filosofoak haietaz gauza handirik ez dakigula dio, horregatik haurtzaroaren ezaugarrien inbentarioa egiteko aditu ugari prestatu ditugu, haurtzaroari mugarriak jarri eta zer den azal dezaten. Aitzitik, haur bakoitza mundua berriro asmatzeko eta aldatzeko aukera bat da. Haur bakoitza bakarra da. Haur bakoitza, Larrosaren hitzetan, izaki basati bat da.

Izaki basatiok irakurri dezaten nahi dugu eta irakurtzeko ematen diegun horri haur- eta gazte-literatura deitzen diogu. Non jartzen dugu indarra, baina? Literatura substantiboan ala haur eta gazte adjektiboetan. Litekeena da zabalduagoa egotea bigarren aukera. Alegia, ezagutzen ez ditugun eta homogeneizatzen ditugun izaki basati horientzat propio literatura-aleak sortzearen aukera. Ale horiek, gainera, seriean sortzeko joera dago. Serieak eta sagak, pentsatuz, halaber, izaki ezezagun horiek haietatik irakaspen bat atera beharko luketela; dela jakintza kantitatea handitu, dela balio zehatz batzuk irentsi, dela munduaren bertsio azukretu bat jaso. Saga horiek badute beste ezaugarri bat, sarri neskentzat eta mutikoentzat sortutakoak dira. Horrez gain, ekonomiaren pisua dago. Haurrek irakurtzea ustez ona denez, gaur-gaurkoz, haur-literatura literatura-merkaturik oparoena da. Hori guztia esanda, baliteke merezi izatea indarra literatura substantiboan jartzea.

 

Literatura, beste arte-adierazpenak bezala, nork bere barrutik paseo bat egiteko aukera bat dela dio Bernardo Atxaga idazleak. Irakurritako horrek oihartzun bat izango du barruan, hala oroitzapen bat nola lotura bat, hala ezaguna den emozio baten erreplika nola ezezaguna zaigun emozio batekiko jakin-mina. Adjektiboak adjektibo, literatura hori dena da eta gehiago.

Haurrek eta gazteek irakur dezaten nahi dugu. Zer irakurri esaten diegu, adin bakoitzean zer eta adinen muga hori gainditzea zaila egiten zaigu literaturak adinik ez daukan arren. Zer ulertu behar duten esaten diegu, eta, bide batez, guztia ez ulertzeko aukera ukatzen diegu, nahiz eta literaturaren ezaugarrietako bat galderak sortzen dituela den, galderak eta galderak jakin-mina suspertzeko. Argietan dauden ilunak ezkutatzen dizkiegu haien xalotasunaren izenean. Haur- eta gazte-literaturaren barruan sartzen dugun hori denentzako berdin-berdin balio duela esaten diegu. Bidean, haatik, soilenarekin ahazten gara. Ahazten dugu, beharbada, literaturak ez duela ezertarako balio. Izan ere, baieztapen gogorra da den-denak zerbaitetarako balio behar duen gizarte batean. Izatekotan, literatura-zaletasuna gezi batean doan pozoi moduko bat da, behin dastatuta betiko geratzen da modu batera edo bestera. Hala gerta dadin geziak airean ibili behar dira etengabe.

 

Literaturaz batzuetan bakarrik gozatzen duen haurraren istorioa

Joni ipuin bat gauero irakurtzen zion bere amak ume-umetan. Eguneko zarata guztiak gelatik kanpo geratzen ziren eta loaren atariraino joaten ziren biak halako liturgia batean. Amak besoa altxatu eta haren gerizpean sartzen zen Jon. Artean ez zekien bere kasa irakurtzen eta amak narratzailearena egiten zuen.

Egun batean, ama eskolara bere bila joan eta, kaletik zihoazenean, esan ezina den izen alemana duen dendaren izena irakurri zuen Jonek ahots goran. Oi, irakurtzen zekien jada. Liburutxo bat eskuetan jarri zion amak eta, egitekoa bat edo beste zela, Jon bakarrik uzten hasi zen gauetan. Ez daki ongi liburu deitzen dugun tramankulu horri nola egin zion aurre. Amak, tarteka, irakurtzen zion, baina gauero-gaueroko ohitura hura bertan behera geratu zen.

Jon, bere belaunaldiarekin bat etorriz, gero eta pantaila zaleago egin zen, gutxiago telebista pantailarena eta gehiago bestelako pantailena; tableta lehenengo, telefonoa beranduago. Bien bitartean, liburuak irakurtzen jarraitzen zuen, gehienetan, ordea, etxeko-lan itxura ematen zioten Jonek eta bere amak ere bai. Luzaroan hartu ditu amak pantailak etsai gisa, azkenaldian horri bueltaka dabil, ezin pantailak ezeren erantzule egin. Orain, Jon haurtzaroaren eta nerabezaroaren artean dagoen zubia igarotzen hasia da, eta kontuak antzera jarraitzen du salbuespenak-salbuespen. Eskerrak batzuetan, dio amak bere baitarako, salbuespenetan dena kabitzen dela.

Salbuespenak bi eratakoak dira. Batzuk, amak, lantzean, ahots goran irakurtzen dionean gertatzen dira. Joni, oraindik ere, asko gustatzen zaio. Gerta daiteke Jonek berak ama irakurtzen ari den liburuaren zati bat irakurtzeko eskatzea. Odiseoren abenturekin gehiago nahi zuen eta Spoon Riverreko poemekin gehiago eta gehiago. Sakiren ipuinak irakurri berri dizkio eta, irakurketari adi-adi jarraitzen diola ikusita, hurrengo liburua aukeratzen ari da ama aspaldiko ohitura berreskuratzeko. Gerrak interesatzen zaizkio Joni, hurrengoa Stendhalen Parmako Kartusia izan liteke, zergatik ez? Hori ez bada beste bat izango da.

Beste salbuespenak Joni barruan oihartzuna egiten dioten liburuekin gertatzen dira. Liburuon zerrenda berea bakarrik da. Adibide batzuk. Amak ilusio handiz eraman zion Julio Verneren Bost aste globoan, eta Jonek kasik ehun orrialde irakurri zituen esateko: “ama, ezin dut, oraindik ez dira globoan abiatu…” Orduan, liburua itxi eta utzi. Beste batzuekin, ordea, hala zioen: “ekarri errusiar horren ipuin gehiago, mesedez”. Errusiar hori Leon Tolstoi da. Azkenaldian nobela grafikoek harrapatu dute gehien, ustez helduentzat direnak. Harrapatzen duten liburuekin honela esaten du: “ez dut liburu hau amaitzerik nahi”. Barruan kukurik sortzen ez dioten liburuak itxi eta utzi ditzake Jonek. Oihartzuna sortzen denean, aldiz, literatura-gezien pozoia dastatzen ari da.

 

Jonen zerrenda

 

 

Altxor uhartea

R.L. Stevenson

Ttarttalo 

Afrika eta koloreak

Anna Obiols

Ttarttalo

Zein polita den Panama!

Janosch

Pamiela-Kalandraka

 

Abereen etxaldea 

George Orwell

Elkar

Las tres preguntas

Leon Tolstoi

Gadir

Los surcos del azar

Paco Roca

Astiberri 

Miren nunca mais

Pako Aristi

Elkar

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina