Elkar argitaletxeko udazkeneko nobedadeak

 

LITERATURA

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak. Iban Zaldua.

Bere genero kuttunari leial, ipuin liburu berri bat dakarkigu Iban Zalduak. 32 ipuin dira guztira, gehi kontrazalean doana. Istorio aski laburrak oro har, gaien, estiloen eta tekniken ugaritasuna erakusten digutenak, eta guztietan ere egilearen trebezia: egunerokotasunari azpilak bilatzen dizkioten kontakizunak, fantasiari zirrikitu bat irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa-bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak… Fikzioaren festa bat, azken batean.

 

 

 

Berriro itzuliko balitz – Xabier Etxeberria (Zubikarai saria 2017)

Karlos Jaso jazz musikari iruindarra Heinsborg izeneko uharte txiki batera joan da bizitzera, Danimarkan, Maddi bere alaba jaioberriarekin. Bertakoa zen Karlosen emazte eta haurraren ama, Ejda, baina hura hil berria da eta berak bakarrik egin beharko die aurre hainbat arazori: ume txiki bat zaintzea, lana bilatzea, inguru arrotz batean nola hala egokitzea…

Pertsonaien psikologian arakatzen eta egunerokotasun gazi-gozo bat kontatzen hasten zaigun istorio honek, baina, misterioaren eta hilketaren bidea hartuko du gero; erritmo izugarria, jakin-mina eta ustekabeak maisuki darabiltzan thriller-a idatzi du horrenbeste Etxeberriak, bai hizkuntzaren erabileran bai narrazioaren eraikuntzan lehendik ere ongi frogatua duen abileziarekin. 

 

Amek ez dute. Katixa Agirre (Zubikarai saria 2016)

Bi emakume, bi ama gazte: batek (Jade/Alice) bere ume bikiak hil ditu, bere eskuz baineran itota. Bestea, nobelaren narratzailea, bere haurraz erditzerakoan, bat-batean ohartu da ezagutzen duela ama hiltzaile hori, aspaldian haren berri izan ez badu ere; Jade/Alicerekin eta haren ekintzarekin obsesionatuta, gehiago jakitea erabakiko du, hartaz ikertzea eta horri guztiari buruzko eleberri bat idaztea.

Sorkuntza esaten diogu artista baten lanaren emaitzari; sorkuntza da halaber haur bat mundura ekartzean ama batek egiten duena. Bi sortze mota, bata bestearekin zerikusirik gabea, kontraesankorrak ere bai agian? Sormenaren bi alderdi horiek eta bien arteko harremanak arakatu ditu Katixa Agirrek bere bigarren nobela honetan, irrikaz irensten den fikzioa erakiz eta aldi berean gogoan luzaroan geratzen diren hausnarketekin aberastuz.

 

Egunaren hondarrak. Kazuo Ishiguro
Itzultzaileak: Iñigo Roque / Amaia Apalauza (Nobel / Zaitegi)

Maiordomo perfektua da Stevens: itzal bat bezain isil eta diskretua, beti jaunaren esanetara, egoerarik larrienean ere lasai eta eraginkor. Jaun handien zerbitzari leial izatean datza haren handitasuna, eta hamarkada luzetan horretan jardun izanak ematen dizkio bere bizitzari zentzua eta harrotasuna. Aspaldi luzean ez bezala egun libre batzuk dituela eta, lankide izandako Kenton andereñoari bisita egitea erabakiko du, eta bere bizitzari errepasoa egiteko baliatuko du bidaia. Duela ia ehun urteko handiki ingelesen unibertsoa zehatz eta doi erretratatzearekin batera, bi mundu-gerren arteko une historikoari argi berria ematen dio Ishigurok, eta izaera konplexu baten azpildurak dotorezia eta ñabardura harrigarriz erakutsi, lanbidezko mirabetzak norainoko gogo-morrontza eragin dezakeen frogatuz, sentimenduei hoztasunez eusteak zenbateraino ekar dezakeen nortasunaren irentzea.Booker sari prestigiotsua eta mundu osoan aho batezko onespena lortu zituen eleberri honek, film baten bidez are ezagunago bilakatu zen gero, eta egilearen Nobel sariak biribildu du haren ospea. Orain euskaraz dasta dezakegu, Amaia Apalauza Ollok eta Iñigo Roque Eguzkitzak Zaitegi bekaren laguntzaz egindako itzulpen bikainari esker.

ATEKO BANDAN

Aramotz. Iñaki Irasizabal

Elkar ezagutzen ez duten neska bik, Saioa eta Edy, topo egiten dute pisu batean droga erosten. Aurretik pentsatu gabe, zoritxarreko gertakarien katean, haietako batek saltzailea hil egingo du, eta, trafikatzaileen mendeku ziurraren beldurrez, biek ihes egin beharra izango dute. Saioak urte batzuk lehenago psikiatriko bateko egonaldian ezagututako Landerri deituko dio, mutil isil eta misteriotsua. Landerrek lagundu egingo die, eta mendialde bakarti batean galdutako txabola ezkutu batera eramango ditu, gauzak baretu arte.

Bere bakardade eta edertasunean, aldi berean paradisu eta infernu bihurtzen zaie naturaren erdiko paraje ahaztu hori: hirurak ere elkarri begira daude, mesfidantzaz, jokoa bere aldera eramango duen karta ezkutua noiz aterako zain, thriller psikologikoaren eta terrorezkoaren osagaiak batzen dituen nobela labur baina trinko honetan. 

Ispiluak eta itsasoak. Joxean Agirre

Maria Garrastazu hamasei urteko gazte bat da, neska eder eta argia, 1920ko hamarkada aldean Zestoako bainuetxean lan egiten duena. Monsieur Perrin deritzan bezero batek, dandya izatez eta ispilu marka bateko saltzailea ogibidez, berarekin lan egitea proposatuko dio, eta, gurasoak Aizarnako baserrian utzita, bere bizitzako lehen bidaiari ekingo dio, lehenik Biarritzera eta gero Parisera eramango duena. Dotoreziaz eta xalotasunez kontatzen digu Joxean Agirrek istorio hau, Belle Époque-ko edertasun eta xarma eta gaztaro galduaren ukitu nostalgikoa batzen dituena

 

 

 

Film zaharren kluba. Alberto Ladron Arana

Leire Asiain eszedentzian dago Foruzaingotik, baina bere ahizparen eskariz ikerketa xume bat egitea onartuko du: adulterio baten frogak eskuratzea. Kasu arrunta da, eta erraz lortuko du argitzea, baina Asiainek susmoa du beste zerbait egon daitekeela atzean, dena errazegia izan delakoan, eta bat-batean, gauzak konplikatzen hasiko dira, aurrez asmatu ezin daitekeen moduan. Ladron Aranaren thriller bikain horietako bat, maisuki asmatu eta ebatzia.

 

 

 

 

POESIA

Winston. Martin Etxeberria 

Martin Etxeberriak ia 20 urte daramatza poema liburuak kaleratzen, batetik bestera sei bat urteko tartea utziz, eta oraintxe aurkezten duen “Winston” da azkena. Poeta heldu eta ofiziodunaren aztarnak ikus litezke lan berri honetan, baina baita egilearengan ohikoak diren ezaugarriak ere: freskotasuna eta harridura sortzeko gaitasuna, besteak beste.

Egunerokotasuna da Etxeberriaren poesiaren lehengaietako bat, baina kostunbrismotik ihesi, irauli egiten du errealitate hori. Surrealismo neurtu bat da beste oinarri bat, irudimena dantzan jartzen duena. Eta horiekin batera erotismoa, erreferentzia kulturalak, umorea… bizitzaren alderdi askotarikoak, begirada jolasti, zintzo eta zorrotz baten iragazkitik pasata.

 

Zer luzea negu hau. Josu Goikoetxea

Josu Goikoetxeak bere lehenengo poema liburua kaleratu du, “Zer luzea negu hau”. Bizitzaren erdi parean dagoen pertsonaren balantze baten antza hartzen zaio batzuetan: guraso zaharrekiko harremana ageri da, alaben erreferentziak ere bai, eta oro har bizitzari emandako begirada heldua, pasatakoen esperientziak emandako soseguarekin baina adimena errealitate berriei pizturik duenaren ernetasunarekin.

Ia hogei urte dute poema zaharrenek, eta idatzi berriak dira azkenak, denak datarik gabe doazen arren. Batzuetan nahiz besteetan, sentiberatasun fin bat nabarmentzen da, dotorea, alferrikako enfasirik gabea, gauza txikiei azpildurak ateratzen dakiena eta bizitzan giltzarri diren gertaerei patxadaz eta ironiaz erreparatzen diena. 

 

 

BILDUMAZ KANPO

Gure oroitzapenak. Joseba Sarrionandiaren poema musikatuak

Joseba Sarrionandiaren poema musikatuen bilduma. Liburu/2CD formatuan, Joseba Sarrionandiaren poema musikatuen hautaketa berezi bat aurkeztuko da, Iurretako idazlearen unibertso musikalari errepaso handia emanez. Bertan, besteak beste, Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta bestelako klasikoez gain, oraingo eszena berriko hainbat kantari eta taldek ere parte hartu dute, grabaketa berriak ekarrita: Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Joseba Irazoki, Anari, Audience, Mursego, Zea Mays, Berri Txarrak, Amorante, Ken Zazpi, Izaki Gardenak, Libe, Mice, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Igor Arzuaga, Gose, Iñigo Muguruza, Andoni Basterretxea (Delirium Tremens).

 

 

 

 

ALEKA

Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari. Elixabete Garmendia.

Ibilbide oso azkar batek eraman zuen Carlos Garaikoetxea (Iruñea, 1938) Francoren diktadura ostean berpiztu berri zen Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izatera 1980an. Bigarren gobernua osatu berritan, Eusko Alderdi Jeltzalearen baitan sortutako krisiak Ajuriaenea utzi eta etxerako bidean jarri zuen liderra zen lehendakaria. Hala ere, politikagintzan jarraitu zuen, Eusko Alkartasuna alderdiko presidente gisa eta hautetsi modura, Europako Parlamentuan, besteak beste. 

 

 

 

 

ESKAFANDRA

Sexu-kontratua: Carole Pateman.

Itzultzaila: Maialen Berasategi

Poralitate publikoa eta pribatua ezin daitezke bereiztuta pentsatu, horixe da egileak liburua honetan egiten duen analisiaren abiapuntua. Egileak azalduko du esparru pribatua nola ezartzen eta mantentzen den, eta hortik dator sexu-kontratuaren kontzeptuaren indarra.

 

ELKAR HIZKUNTZAK

Arian irakurgai mailakatuak

Naia eta eskultore itsua. Alvaro Rabelli/Pedro J. Colombo. A1 

Kaleko prostituta batzuk hilda agertu dira errepide-bazterretan. Heriotza horien atzean pertsonen trafiko deitoragarria eta aberastasunaren paradisua aurkitu ez duten etorkinen bizimodu latza daude. Baina, heriotza horietan zerbait gehiago ere ezkutatzen da, zerbait iluna eta ankerra, Andre de Toth zuzendariaren House of wax (1953) filmean bezala. Naia detektibe gazteak eta bere laguntzaile Margotek argitu beharko dute. 

 

 

 

 

Historia ala istorioa?. Nagore Irazustaberrena/ Ruth Juan. B1

Napoleon handia gizon txikia al zen benetan? Zein da erpurua gora keinuaren egiazko esanahia? Egia al da piratek altxorrak lurperatzen zituztela? Nork asmatu zuen gillotina? … Historiarekin jolas egiteko irakurgaia duzu esku artean: gertakizun historikoen bi bertsio proposatzen dira, irakurleak asmatzeko bietako zein den zuzena, non dagoen historia eta non istorioa.

 

 

 

 

 

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

BILDUMAZ KANPO

Lekukoa. Garbiñe Ubeda
Larraitz eta Martin dira liburu honetako protagonista gazteak. 80ko hamarkadan dago kokatua. Beren adinari dagozkion gora-beherez gain, garaiko egoerak eta gertakariek baldintzatuko dituzte ustekabean euren bizitzak.


ESKULARRU BELTZAK 4. Ihes:

Jasone Osoro. Josevisky

Beireri ihes egitea beste erremediorik ez zaio geratu, guztiek botatzen baitiote Lindari gertatutakoaren errua. Martin eta Balarekin egin du ihes. Linda ospitalean koman dagoela, Beyoncek sentitzen du inork baino gehiago lagunak utzitako hutsunea, nahiz eta parte hartu duen telesailaren estreinaldiak erabat aztoratuta daukan. Kar egokitzen ikasten ari da aita gurpil-aulkiari lotuta bizitzen ikustera, ama etxetik joan dela onartzearekin batera.

Herriko jaietako Txiki Egunean askatuko dira, azkenik, guztien kanpo eta barne korapiloak, berriro ere lagunartera ekarriz. Aro berri honetan, Eskularru Beltzak taldekoek nahiz Suakoek ikasiko dute bizitzan ez dagoela ez garaipenik ez porrotik, baina batez ere elkarren artean lagunduz bizitzak aukera berriak eskaintzen dituela. 

 

XAGUXAR

Martzelo itsua. Pello Añorga-Maite Mutuberria

Martzelo haur itsu bat da. Halere, nahiz eta itsua izan eta begiak erabili ez beste haurrek bezala, oso ondo baliatzen da gainontzeko zentzuekin; esan nahi da eskuekin edo belarriekin. Hain ondo entzuten du, hain ondo ukitzen eta usaintzen, ezen, begien faltan, badirudi ikusi egiten duela belarriekin, ikusi eskuekin eta ikusi sudurrarekin. Halere, haur batzuek uste dute haur gaixoa dela. Baina, ez da gaixoa. Hori oso ondo daki Marimattalen Katiuxkak. 

 

 

 

Nerbioi zinemako sekretua. Gaizka Arostegi-Bruno Hidalgo

Istorio liluragarri hau zinema-areto baten barruan gertatzen da. San Joan gaua heldu da Nerbioiko ibar ezkerrera eta gure protagonistak, Dani, Irene eta Simon, egunsentian eraitsiko duten areto zahar batean sartu dira, lekua azkeneko aldiz ikusi asmoz. Ustekabean, antzinako film batetik sortua dirudien pertsonaia bitxi batek fardel misteriotsu bat eman die. Gaztetxoek, abenturazko filmetan bezala, misio sekretu bat eraman beharko dute aurrera zinemaren magia amaitu ez dadin. Errealitatea eta zinemaren xarma uztartzen ditu kontakizun honek eta irakurleak, orrialdeotan, pantaila batean bezala, ikusiko ditu igarotzen zinemazale asko eta asko liluratu dituzten filmetako pertsonaiak.

 

Munstro txikiak 3. Xabier Mendiguren/Alaine Agirre – Belatz

Bost lagun dira Munstroen Eskolako ikasleak: Hagintxo, Mamutxo, Sorgintxo, Frankitxo eta Neskaotso. Eta haien irakaslea Andereño Herminia. Guztien bizitzak eta komeriak ezagutu ahalko dituzu orain Munstro Txikien istorioak irakurriz. Sorgintxok arazo bat dauka. Sorgin batengan espero denaren kontra, ez da gaiztoa, ez maltzurra, ez ankerra. Hori dela-eta, behar bezain okerra izan dadin saiatuko dira bai eskolan, bai eskolatik kanpo, baina sorgin traketsa izaten jarraituko du, sentibera eta maitagarria; hala ere, txarretan txarrena da gixajoki bat egingo duela laguna…

 

 

Saharako itsasoa. Lur Gallastegi. Mikel Zarate Haur eta Gazte litertur saria.

Haizearentzat uda berezia izango da hau: batetik, gurasoak elkarrekin haserre dabiltzala-eta, nor bere aldetik joango dira oporretan, eta bera izeba Eneritzen etxean geratuko da. Bestetik, izeba Eneritzek Saharako lagun batzuen alaba ekarriko du etxera uda-pasa: Souhaila. Ez da erraza izango Souhaila eta Haizeare arteko harremana, hasieran. Ohitura berriak ikas beharrari urruntasuna, inbidiak eta abar erantsiko zaizkio. Beste aldetik, baina, zailtasun horiek guztiek lotura estu bat ere sortuko dute neskato bien artean, luzaroan irauten dutenetakoa…

 

 

 

KUKU

Torlojuak. Txabi Arnal/Edu Zelaieta-Javi Kintana

Lagunek Txabi eta Edu deitzen badigute ere, elkarrekin gaudenean, beste izen bat hartzen dugu: Gilanta. Eta Gilanta garenean, batzuetan (ez beti!), ipuinak idazten ditugu. Eta ipuinak idazteko badugu axtuk okigam bat. Eta zientoka, milaka torloju. Izan ere, torloju egokiak aukeratuz gero, nahi duzuna egin dezakezu. Edo ia. 

 

 

 

 

MARIMATRAKAK: Ana Jaka, Iosu Mitxelena 

Lea eta Noa dira bilduma honetako protagonistak, neska alai, bihurri eta jakin-minez beteak. Beren abentura eta pasadizoen bitartez ezagutuko dugu beren auzoa, familia eta ingurua eta hazteak ematen dizkien pozak eta lanak. 

 

 

 

 

 

ALBUM ILUSTRATUA

Poza. Uxue Alberdi-Eider Eibar
Pozari buruzko haurrentzako ipuin jostagarria. 

 

KATXIPORRETA
Kartoizko ipuinak:
familia ereduak.(4)
Ipuin hauen bitartez gure artean guk uste baino familia eredu gehiago daudela ohartuko gara, guztiak baliagarriak, maitasunari eta umoreari lekua utziz gero behintzat; eta guztiak errespetagarriak.

 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina