elkar-ek Usurbilen kokatuko du bere jarduera nagusia

elkar eta Gureak taldeek Usurbilen jarriko dute euren egoitza nagusia hemendik bi urte eta erdira barru, hutsik dagoen Michelingo lurzoruan. Urriaren 16an sinatu zuten hirigintza-hitzarmena Usurbilgo Udalak, Michelinek, Gureak-ek eta elkar Fundazioak. Beheko irudian ikus ditzakezue sinatzaileak: ezkerretik hasita, Joxemari Sors Elkarlanean Fundazioko lehendakaria, Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakaria, Bertrand Touraton Michelin España eta Portugal S.A.-ren finantza-zuzendaria, eta Xabier Arregi Usurbilgo alkatea. 

Xabier Agirre Usurbilgo alkatearen esanetan “inguru degradatu bat oso modu duinean eraberritzera goaz, hirigintza moderno eta jasangarriaren irizpideak aplikatuz”. Guztira 950 lanpostu inguru birkokatuko dira. “Euskara, kultura eta gizarte-balioak sustatzen dituen proiektua” dela eta Usurbilgo herriaren baloreekin bat egiten duten erakundeak direla nabarmendu du. Lau erakundeek azpimarratu dute elkarlanak ekarriko duen onura.

Joxemari Sors elkar Fundazioaren lehendakariak “oso garrantzitsutzat” jo du proiektua: kultur paradigmaren aldaketa bete-betean gaude, eta euskara eta euskal kulturari erantzun sendoa eman nahi bazaio, azpiegiturak garatzen jarraitu behar dugu. Sorsek gaineratu du berritzen jarraituko dutela, ekonomia eta kultura uztartuz eta industria kulturala sendotuz.

Gainera, lau erakundeen arteko elkarlana nabarmendu nahi izan du: elkar Fundazioaren oinarrietan dagoen elkarlanaren bidetik egingo da bideragarri proiektu hau ere, erakutsiaz, beste behin, aurrera egin nahi bada zein garrantzitsua den indarrak batu eta beste eragileekin batera aritzea. 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina