Erika Elizari aurtengo Igartza sariaren irabazle

erika elizariErika Elizarik (Hernani,1988) irabazi du aurtengo Igartza saria, idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dutena eta aurten 21. urtea betetzen duena. Aurkezturiko hamabi proiektuen artean, Zendabalitz izenekoa hautatzea erabaki du Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osaturiko epaimahaiak. Hona irabazleari egindako elkarrizketa.

Berria zara euskal letretan. Aurkeztu iezaguzu zeure burua. Nor da Erika Elizari?

Ikasketaz Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua naiz eta nire ibilbide profesionala ere, batez ere arlo horretan egin dut. Azken urteetan telebistan aritu naiz programa desberdinetako erredaktore gisa. Profesionalki bakarrik ez, amateur moduan ere nire sormena ikus-entzunezko euskarriaren bitartez garatu izan dut: film laburrak eginez, dokumentalgintzan… Beti izan dut sen sortzaile bat eta sortzeko behar bat. Baina, batez ere, bideogintzaren bitartez ase dut. Bestela, idatzi izan dudana oso era intimoan egin dut eta gehiegi partekatu gabe. Duela urte batzuk haurrentzako ipuin klasikoen egokitzapen batzuk idatzi nituen, baina esan daiteke hau izango dela literaturarekin izango dudan kontakturik zuzenena.

Eta nolatan pentsatu zenuen Igartza sarira aurkeztea?

Azken urteetan saria jasotako lanak irakurtzeko ohitura hartua nuen eta beti zerbait idiliko gisa ikusten nuen. Igartza saria irabaztea amets moduko bat zen, baina gero ez nuen sekula parte hartzeko pausoa ematen. Eta aurten, animatu nauten zirkustantzia desberdinak batu dira: 30 urte bete berri ditudala eta beka eskuratzeko gehienezko adinetik gero eta gertuago nengoela; ama izan berri naizela eta haurdunaldian zehar idazteko inoiz baino denbora gehiago izan dudala…

Zer da Zendabalitz, aurtengo proiektu irabazlea?

Zendabalitz hegaldi gorabeheratsu baten kronika biltzen duen eleberri bat da. Horretarako bidaiarien barne-bakarrizketez baliatzen dena. 100 lagun hegazkin baten barruan daude; aireportuan geldirik eta abioitik atera ezinik. Hegazkina aireratze-pistatik metro eskasera pausatu da arazo tekniko txiki bat antzeman dutelako. Ezusteko horrek zazpi bidaiarirengan kontzientzia turbulentziak sortuko ditu eta euren iraganari edota etorkizunari lotutako ardurak iratzarriko dizkie.

Nobela bat da, baina aski ezohikoa, ezta? Pertsonaiak, kontatzeko modua, egitura…

Kontatzeko modua eta egitura joko baten moduan planteatu nahi izan ditut. Zazpi bidaiari horien ikuspegietatik egingo da bidaiaren kronika, eta kapitulu bakoitza pertsonaia bati egokituko zaio. Baina, aldi berean, pertsonaia bakoitza atal bat baino gehiagoren protagonista izango da. Zazpi bidaiarien istorioak tartekatzen joango dira eta ez beti ordena berean.

Bestalde, pertsonaia bakoitzak bere barne gatazkak izango baditu ere, ez dira istorio isolatuak izango. Haien arteko interakzioak nabarmenak izango dira eta bidaiaren nondik norakoetan eragina izango dute. Horrek irakurketa joko baten moduan planteatzea nahiko nuke; irakurlea haria jarraitzeko jolastera gonbidatuz.

Gaurko literatura gehiena oso serioa da, dramatikoa. Zuk, berriz, baduzu asmo jostalari, dibertigarri bat, ezta?

Beno, berez eleberriaren muinean dauden gaiek badute drama kutsu bat. Edo, behintzat, nobelako pertsonaiek euren egoera nahiko dramatikotzat dute. Baina egia da, hain zuzen ere, nobelak egoera ustez dramatiko horiei buelta eman nahi diela. Nolabait guztioi ezinegona sortzen diguten kezkei laztasuna kentzea bilatzen du eta ardura horiei ematen diegun garrantzia zalantzan jartzea: ezinegon hori neurrikoa da? Hainbesterako da?

Agian pretentziosoegia da, baina Zendabalitzen bidez gure buruaz barre egitea eta irakurketarekin ondo pasatzea lortuko banu, primerakoa litzateke!

Eta orain, saria jasota, zer sentitzen duzu: lanean jartzeko gogoa, presioa, bertigoa…?

Dena batera. Batetik presio handia sentitzen dut. Niretzat eremu guztiz berria da eta jendeak irakurriko duela jakiteak apur bat ikaratzen nau. Baina uste dut daukadan ilusioak eta motibazioak izuari irabaziko diola eta gogo handiz ekingo diot.

Orainean, ala etorkizunean eta iraganean bizitzearen arteko talka agertu nahi duzula dio proiektuak. Azalduko diguzu xeheago?

Iraganak eta etorkizunak sortu ohi dizkiguten kezkei buruzko lan bat egin nahi nuen, oso gaur egungo gaia iruditzen zaidalako. Aurrera edo atzera gehiegi begiratzeak orainean sortzen dizkigun ezinegonei buruz hausnartu nahi dut. Eleberriak ez du oraina bizitzearen aldarri izan nahi. Eta ez du iraganak zein etorkizunak guregan duten eragina ezabatu nahi, baina horietan hainbeste pentsatzeak onik egiten ote digun planteatu nahi du. Horretarako, iraganaren eta etorkizunaren denbora-lerroan toki desberdinetan kokatzen diren zazpi pertsonaiaren pentsamenduak erabiliko dira. Guztiek “orain eta hemen” berbera partekatzen dute, baina burua “lehen eta han” edo “gero eta han” dute. Hegaldiko gertaerek, tarteka gutxienez, oraina bizitzera ekarriko dituzte.

Bestalde, norberaren barruko kontzientziaren eta kanpoko errealitatearen eta beste batzuen pertzepzioaren arteko konstrasteak ere esanahi berezia du, ezta?

Bai. Barne kontzientziak gure buruan, izaeran eta jokabidean duen eraginaz ere hitz egin nahi dut nobelaren bidez. Zenbat denbora eskaintzen diogun kontzientziari, ematen diogun garrantzia, jokatzen duen rola, guk aitortzen dioguna… Eta, batez ere, gure burua iraganera edo etorkizunera bultzatzeko duen gaitasunari buruz hausnartu nahi dut. Horregatik erabaki nuen bidaiaren kronika pertsonaien barne-bakarrizketen bidez kontatzea. Kontzientziaren ahotsarekin izaten dugun etengabeko solasak sortzen dizkigun sentimenduei buruz aritu ahal izateko: zalantza, damua, kontzientziaren harra… Baina baita segurtasuna, harrotasuna… ere. Nola kudeatu batzuetan bidelagun eta besteetan etsai bilakatzen diren pentsamenduak? Zenbateraino jaramon egin gure barneko ahots horri?

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina