DURANGO, Kulturaren Azoka nazionala

54 urtez, urtero, euskal kulturak plaza handi bat zabaldu izan du Durangon. Batez ere euskal kulturari ikusgarritasuna ematea zuen helburu, debekatu eta ezkutuan zegoen euskal kultura denen esku jartzea. Liburuak eta diskoak gizarteratu eta saltzeko azoka gisa abiatu zen, eta urteak aurrera, eremua zabalduz joan da, liburuak, musika, antzerkia, zinema… euskal kulturaren topagune da Durangoko Azoka. Eta 54 edizioren ondoren, hara non aurten Durangon ez diren standak jarriko eta Azoka online egingo den.

Ez da standik jarriko, baina Azoka bai egingo da, Internet bidezko Azoka antolatuko baitu Gerediagak, euskal kulturak bere erakusleihoa gal ez de zan. COVID-19ak gauza asko aldatu ditu 2020 honetan, eta Durangoko Azoka ere aldatu digu, bost egunez (abenduaren 4tik 8ra) euskal kulturan murgiltzeko modu berria topatu behar kodugu aurten, standez stand eta ekitaldiz ekitaldi ezingo baikara ibili Durangon. (Irakurri +)

“Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” kongresua San Telmo museoan

Gaurko 15:30etatik etziko 14:30era Joxe Azurmendiri buruzko kongresua egingo da Donostiako San Telmo museoan, Jakin fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta.

Joxe Azurmendi filosofoaren ekarpen emankorra egungo begiradatik aztertu eta lantzea da Jakinek, UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren helburua, San Telmo Museoa laguntzaile dela. Izan ere, Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena da Azurmendi: filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai, diskurtso zehatzak, unean unekoak eta egoerari erantzuten ziotenak, eta arnasa luzeko gogoeta teorikoekin uztartu dituenak. Argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak horren lekuko dira.

Azurmendiren ekarpena hainbat ertzetatik aztertuko du kongresuak. Horretarako, berrogeita hamar aditu elkartuko ditu abenduaren 11tik 13ra Donostiako San Telmo museoan.

Hemen duzu egitarau osoa

Joseba Jaka bekaren oinarriak

Elkar Fundazioak Joseba Jaka beka berriro martxan jartzea erabaki du, sormen lanak sustatu eta laguntzeko asmoz, ondorengo oinarrien arabera:

– Deialdi honetara, literatur lanak, narratibako lanak (eleberri edo ipuin bildumak), idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

– Parte hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:

a) Egin nahi duen sormen lanaren azalpena, 2-5 orri bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-25 bitartekoa, ez nahitaez hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Fundazioak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

– Proiektuak, 2019ko abenduaren 31ra arte bidal litezke helbide hauetako batera:

josebajakabeka@elkar.eus

Joseba Jaka beka. Elkar Fundazioa. Portuetxe 88, Igara auzoa. 20018 Donostia

(Irakurri +)

50 urte Rikardo Arregi hil zela

Duela 50 urte gaurko egunez, 1969ko uztailaren 10ean hil zen Mendaro aldean auto istripuan Rikardo Arregi Aranburu idazle eta ekintzaile andoaindarra. 26 urte besterik ez zituen arren, idazle gazte hark egundoko eragina izan zuen bere garaian, berak sortua baita, besteak beste, alfabetatze mugimendua. Arregik utzitako arrasto sakonaren froga da heriotza hari loturik dauden idazleen zerrenda, XX. mendeko euskal kulturaren berrikuntza markatu zuten izen nagusiak: Txillardegi, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia… Hemen kontatuko dizugu lotura horren nondik norakoa.

Garai hartan Txillardegi Bruselan bizi zen, erbesteraturik, eta bertatik idatzi zuen bere hirugarren eleberria, Elsa Scheelen. Berau argitaratzeko gertu agertu zen Gabriel Aresti, berak sorturiko Kriseilu zigiluan. Aldi berean, Donostian, Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Arantxa Urretabizkaiak eta beste zenbait lagunek Lur argitaletxea sortzekotan ziren, eta tratuan ziren Gabriel Arestirekin ere. Hain zuzen, elkarrizketa horietatik atera zen argitaletxe bakarra eratzeko asmoa. Arestik jada ordaindua zuenez Elsa Scheelen-en edizioa, ale horiek Lur-en esku utziko zituen, eta ordainetan, Arestiri auto bat emango ziotela adostu zuten, Lur-ekoen lagun baten Seat 850 bat.

Euskaltzaindiak Bilbon egingo zuen batzar bat aprobetxatuz, Ramon Saizarbitoriak eta Rikardo Arregik hartu zuten kotxea, han Arestiri entregatzeko. Zoritxarrez, ez ziren inoiz iritsi, bide erdian istripua izan baitzuten eta bertan hil baitzen Rikardo Arregi.

13 urtetako elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako lan irabazleak

Gaur abian jarri den elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak 13 urte beteko ditu aurten. Urte hauetan guztietan irabazleak izan diren lanak, ilustrazioak zein ipuinak, nabarmendu nahi izan ditugu. Hemen izenak eta lanak: (Irakurri +)

Apuntatu zaitez eta landu zure sormena!

Gutxi falta da 3. Eko Sketch Vitoria-Gasteiz maratoiaren ekitaldirako eta guk jada prest dugu dena.

Eko sketch-en izen emateko arrazoi bat baino gehiago daude. Horien artean,  egitasmo ederra izateaz gain, bertan topatuko duzun giroa ezin hobea izango delako.

Bestetik, maratoian parte hartzeko behar adina material (Moleskine koaderno bat eta Moleskine arkatz bat) oparituko dugulako izena ematen duzuen guztien artean Gasteizko San Prudencio elkar liburu-dendan. Gainera, hamaiketakoa ere gure kontu izango da.

Guzti honez gain, sari potoloak banatuko ditugu irabazleen artean:

MOLESKINE Smart Writing System

MOLESKINE motxila metro

Elkar opari txartela.

Zer behar duzun hori lortzeko? Izena eman eta sormena lantzea, besterik ez.

Informazio gehiago: www.ekosketch.eus