Abadeen literatura diogunean zer esan nahi dugu?

Behin eta berriz esaten dugun arren, apenas diogu ezer euskal literaturari buruz abadeen literatura dela esanda, berez dena baino txikiago egiten dugun literatura honetan idazle batzuk abadeak izan direla esateaz aparte, esan nahi dut. Jonathan Swift apaiza zen, Teresa Avilakoa, moja. Gulliverren bidaiak idatzi zuen lehenak, Vivo sin vivir en mí bigarrenak. Satira jeniala, bata; gaztelaniazko poesiaren gailurra, bestea. Liburu asko eta askotarikoak idatzi dituzte apaizek, abadeek, erretoreek, mojek, sotanadunek. Eskasak, hainbat. Garaiak, beste asko.

Baina abadeena dela esatea baino okerragoa da abadeena izateagatik literatura hori ez zaigula interesatzen erabakitzea. Abadeek ezingo balute ondo idatzi izango genuke hori egiteko motiborik, baina fenomeno arraroa litzateke eta ez da gertatu. Historian zehar egon dira abadeek idatzitako liburu bikain asko. Tristea da sorginak zirelakoan zenbat emakume hil zituzten hemen, munduari akelarre hitza eman dion herri honetan, baina abadeenak izateagatik zenbat botako ditugun sutara, hori da orain kontua.

Anputazio horrekin zer irabazten dugun ez dakit. Eta asko galduko genuke. Literatura klasikoan Axular, gure prosistarik garaiena, deskribapenak egiten, istorioak kontatzen eta pertsonaiak sortzen, maisua; Bernart Etxepare, emakumeen orgasmoaz idatzi zuen abadea; eta Beñat Gazteluzar, ahaztuta daukagun XVII. mendeko poeta miresgarria. XX. mendearen erdialdean bere garaikidetasuna irabazi zuen literatura izatetik, ia XX. menderik gabeko literatura izatera pasako ginateke.

Izan ere, abadea izan zen Joxe Azurmendi; abadea, Xabier Amuriza; abadea, Julen Kaltzada; abadea, Gotzon Garate; abadea, Azkue. Idatzi dituzten liburuen artean zeintzuk dira abadeenak? Hitz berdeak (Editorial Franciscana Aranzazu, 1971)? Zu ere bertsolari (Elkar, 1982)? Umezurtzen aberria (Txalaparta, 2017)? Izurri berria (Elkar, 1990)? Euskalerriaren yakintza (Espasa-Calpe, 1942)? Abadeen literatura gaitzesten badugu Salbatore Mitxelena eta Bitoriano Gandiaga galduko genituzke, euskaldunok modu itsusian begiratu gaituztenen deskribapen gaiztoa sinetsiko genuke, herri triste bat garela sentiarazten digun etiketa gaitzesgarria.

Chaucer apaiza zen eta ez diot inoiz irakurri kritiko literario ingeles bati Canterburyko ipuinak inaugurala “abadeen literatura” dela. Espainian ere ez dut halakorik entzun. Zorionez, ze, niri ez zaizkit Gongora eta Gracian asko interesatzen, baina gustatzen zait Joan Gurutzekoa eta zer esanik ez Fray Luis de Leon. Errenditurik miresten dut Lope de Vega, abadetuta edo abadetzekotan ibili zen idazle kolosala, eta tormenturaino maite dut Calderon de la Barca abadea. Pena litzateke baztertzea, baita Xabier Payárentzat ere, pentsatzen dut. Berak euskaratutako Bizitza-amets monumentalean (Alberdania, Erein, Igela, 2013) badira euskarara modu miragarrian ekarritako pasarte batzuk.

Abadeek eta kristauek liburuak idazteko eskubidea dute, alegia, eta literaturan aditu izan nahi dutenek liburu horiek ezagutzeko obligazioa, beste Arte Ederretan bezala. Imajinatzen duzue norbaitek esango balu ez zaiola interesatzen Kapera Sixtinoa, abadeen kontuak direlako? Kenduko dugu San Agustin filosofiaren historiatik? Antropologiaren esparruan, euskaldunok ahaztu egingo dugu Jose Migel Barandiaran? Eta kristautasunetik harago, zer egingo dugu Krishamurtiren pentsamendu liluragarriarekin? Eta Martin Luther Kingen hitzaldiekin?

“Naziak komunistak eramatera etorri zirenean / Isilik geratu nintzen” dio poema ezagunak, “ni ez bainintzen komunista”. Egongo da pentsatuko duenik Bertold Brechtena dela, berari egotzi zaiolako sarritan. Baina Martin Niemöller apaiz luteranoak idatzi zuen. Abadeen literatura hori ere? Horregatik geratuko gara isilik abadeen liburuak eramatera datozenean? Kristauak ez garelako? Ba, ze pena, poema Brechtena ez izatea, ez?

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina