Nobedadismoa

Aldaketa aipagarririk edo benetakorik ez dagoenean “zaharrak berri” erantzuteko ohitura dugu euskaraz baina, literaturari dagokionez, liburu zaharrak gutxitan izaten dira berri eta liburu berriak albiste izatea normala den arren, ez nuke esango ona denik horiek izatea irakurtzen ditugun bakarrak. Beste modu batera esanda, gauza bat dira nobedadeak eta beste bat, irakurleentzat eta literaturaren sistemarentzat hain kaltegarria den nobedadismo basatia. Nobedadeek dena jatea; memoriarik ez izatea; beteranoekin inoiz ez akordatzea; literaturari buruz hitz egiteko edozer antolatzen dugunean izenak behin eta berriz errepikatzea; literaturaz horrenbeste dakiten aspaldiko lagunak baztertzea; horra zer den nobedadismoa.

XIX. mendean, sinbolismoak on handia egin zion literaturari eta XX. mendean berdina gertatu zen surrealismoarekin, baina berria ez den guztia baztertzen duen ismo honek antz gehiago du Espainiako noventayochismoarekin. Hura bezala da tristea eta hura bezala kaltegarria, harreman zuzena duelako asperdurarekin eta gustuko irakurketak topatzen ez ditugunean sentitzen dugun asperdura da irakurleak hiltzen dituen gaitz nagusia, banidadea den bezala idazleena, eta originaltasuna, kritikoena. Eta irakurleak direnez literaturak gehien behar dituena, sistema literario batek beti saiatu beharko luke irakurzaletasuna sustatzen.

Literaturaren sua bizirik mantentzen duena irakurketa da, azken batean, eta su hori itzali egin daiteke gure irakurketa guztiak apalategi bakarretik badatoz. Batzuk zorte handia izan dugu, etxeko liburutegian oso hautaketa ona suertatu zaigulako. Nik neuk han deskubritu nuen Harkaitz Canok Munduko Poesia Kaierak bildumara ekarri berri duen Raymond Carver (Susa, 2020), Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean (Alberdania, 2013) tituluak erakarrita. Hor topatu nuen Edgar Allan Poe, Julio Cortazarren itzulpenean. Han, Cien años de soledad izeneko mirari bat eta hantxe bertan Pereirak dioenez (Igela, 2006) izeneko beste bat. Eta liburu dendetako klasikoen sailean agertu ziren gero Madame Bovary miragarria; tormenturaino maite dudan Steinbecken Hiraren mahatsak monumentala edo Herman Hesseren El lobo estepario, liburu arraroen historia bizarroak eman duen ederrenetako bat. Irakurle bezala, liburu horiek dira honaino bizirik ekarri nautenak.

Iraganeko liburu guztiak ahazteko ohiturak estutu egiten du literatura, arima zabaldu beharrean. Eta tradizioaren katebegiak hautsiz, oztopoak jartzen dizkiogu sormenari, eta arriskuan jartzen dugu literatura. Esan nahi dut Alfonso Sastre hil zaigula, baina bere literatura bizirik dagoela eta geuri dagokigula bizirik mantentzea. Geuri dagokigun bezala beteranotasuna ez ezik maisutasuna frogatu duten idazleak eta idazle horien literatura irakurtzea, zabaltzea, ulertzea, maitatzea, eta ondo tratatzea. Ahaztu egiten ditugu arbasoak, ahaztu egiten ditugu iraganeko lan bikainak eta idazle handiak. Eta ez hori bakarrik. Ahaztu egiten zaigu Txomin Peillen, Joxe Austin Arrieta edo Mikel Lasa moduko kolosoen artean bizi garela. Suziriak itzali beharrean, hobe genuke arbasoekin akordatuko bagina eta beteranoak ahaztuko ez bagenitu. Eta ez legoke gaizki atzo bertan idatzitako liburu ederrentzako leku bat gordetzea.

Niri dagokidanez aitortu behar dut uda baino lehen, berriz irakurri nituela Gotzon Garateren eleberri guztiak eta oroitzen nituen bezain maitagarriak iruditu zitzaizkidala, maitagarriagoak ez bada. Hor dagoena ez dugu zertan ahaztu, ez baitu denborak zikindu. Alderantziz, esango nuke. Izurri berria (Elkar, 1984) eta Alaba (Elkar, 1984) liburuz-liburu ofizioa menderatzen joan den idazle baten liburu ederrak dira, apaltasunez eta literaturarekiko maitasunez eginda daude eta oraindik orain gure literaturak bere gazteenei eskaintzen dituen onenetakoak. Gure garaikideek idazten dituztenak munduarekin dugun elkarrizketa aberasten dute baina liburu horiek asebetetzen ez duten gose bat ere badago eta gose horrek beste irakurketa batzuk eskatzen ditu, bizi garen bitartean ez gaitezen asebete. Eta egunen baten literaturaz gosetuta hil gaitezen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina