Jabi Elortzari elkarrizketa elkar aldizkarian

Gazteentzako nobela berria plazaratu du Jabi Elortzak (Bilbo, 1973): Gezurren habia, neska nerabe baten desagerketarekin abiatzen den istorioa, aurrera egin ahala erritmoa bizkortu eta jakin-mina handituz doana.

Ez dira asko gazteentzat idazten dutenak euskaraz, eta zu azken urteetako egile oparoenetakoa bihurtu zara: Sara, Kinito egunak, Gezurren habia… Zerk eraman zaitu gazteentzat idaztera?
Hasieran, nire ikasleei gustatuko zitzaien zerbait idazteko asmoz ekin nion idazteari. Sara, nire lehenengo liburua, idazten hasi nintzenean, asmoa ez zen nobela bat idaztea, baizik eta ipuin labur bat, baina istorioan sartu nintzen erabat eta hilabete batzuen buruan amaitu. Hurrengo nobelak ere bide beretik egitea erabaki nuen, gazteen arteko istorioek aukera asko ematen dutela uste dudalako, eta horrez gain nabari da ikuspuntu kritiko bat arlo askotara hedatzen dena. (Irakurri +)

ŽIŽEKEN IZUrriA!

Danele Sarriugartek Slavoj Žižek filosofo esloveniarraren Pan(dem)ic! ekarri du euskarara, Txalaparta argitaletxean. Jatorrizko hizkuntzaren bikoiztasuna gorde du izenburuak euskal edizioan: IZUrriA! Pandemiak beldurra hedatu duen honetan, etorkizunaz gogoeta egitea dagokigu. Imanol Galfarsoro elkarrizketatu dugu horretarako, liburuaren hitzostegilea eta International Journal of Žižek Studiesen editorea bera.

Zenbait mediotan irakurri dugu Žižekek “kapitalismoaren amaiera” iragarri duela liburu honetan. Hala da?
Žižeken ezaugarri nagusietakoa bikoiztasuna da, eta, oro har, ezkor dirau pandemiak eraginda gizartea hobera aldatuko denik. Argi dagoen bakarra da birusak gure bizitzaren oinarriak desegingo dituela, eta horrek, sekulako sufrimendua sortzeaz gain, izugarrizko kalteak eragingo ditu. Liburuaren hasiera-hasieratik adierazten duen bezala, bestalde, epidemiak ez gaitu zuhurrago bihurtuko. (Irakurri +)

Maddi Ane Txoperena: “Milaka istorio interesgarri daude gure amatxi-aitatxiengan”

Lehen liburua kaleratu du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek (Hendaia, 1994), Gazteluma bekaren laguntzaz: Ene baitan bizi da. Marie protagonista lapurtarra Parisen bizi da, baina udako oporretan, gurasoenera joan ordez amatxirengana joanen da, eta bien istorio txirikordatuek osatuko dute eleberriaren haria.

Zure lehen esperientzia da hau literaturan, ala lehendik ere aritua zinen?
Nire izenean idazten dudan lehen lan argitaratua da, bai. Aitzinetik idatzi izan ditut ipuinak-eta, nire buruarentzat, edo ezizenarekin sinatuak, aldizkarietan eta. (Irakurri +)

Erika Elizari Salvador: “Airean denbora eten egiten da”

erika elizariParistik Bilborako hegaldi gorabeheratsua. Bidaiari guztien arteko zazpiren bizipen eta gomutak. Barne gogoeta eta solasaldien bitartez, sekuentziaz sekuentzia osaturiko istorio bizi eta espresa. Zendabalitz proiektuarekin Igartza beka irabazi zuen 2018an Erika Elizari Salvadorrek. Plazan da dagoeneko.

Gaztexeagotan idatzitako zenbait narrazio salbu, lehen literatur lan mardula du Zendabalitz (Elkar) Erika Elizari Salvadorrek (Hernani, 1988). Ikus-entzunezkoak ikasi zituen, eta arlo horretan lan egin izan du, baita zenbait film labur sortu ere. Aurrerantzean ere sortzen jarraitu nahi luke, izan arlo batean edo bestean. Lehen nobela hegaldi batean kokatu du.

“Hori da nire lanetik gehien gustatzen zaidana. Airean denbora eten egiten da”. Pertsonaietako batek dio, hegazkin pilotuak, hain zuzen ere. Literaturan ere denbora eten egiten al da?

Bai. Zalantzarik gabe. Eten eta bikoiztu, biak batera. Idazten ari naizen bitartean, sortzen ari naizen mundu berri horren denbora-lerroan murgiltzen naiz bete-betean. Errealitate paralelo horretan gainera, atzera eta aurrera egiteko aukera daukazu, benetakoan ez bezala. Horrek, pixka batean behintzat, mundu errealeko loturetatik askatzen zaitu. (Irakurri +)

Irati Elorrieta: “Irudietatik abiatu eta haietan murgiltzen saiatzen naiz”

Kritikaren oniritzia eta laudorioak jaso ondoren, Euskarazko Literaturako Euskadi saria irabazi du Irati Elorrietak (Algorta, 1979) Neguko argiak eleberriarekin (Pamiela, 2018). Añes eta Marta dira pertsonaia nagusiak. Berlinen bizi diren euskal herritarrak dira biak, Elorrieta bera bezala. Añes eta Martaren bidez beste pertsonaia asko —eta askotarikoak— ezagutzeko aukera izango du Neguko argiak irakurtzen duenak.

Pertsonaia ugari dago Neguko argiak nobelan, era askotako harremanak, kezkak eta obsesioak… Zerk bultzatu zaitu mosaiko baten antza duen egitura koral horren aldeko hautua egitera?

Idazten hasterakoan, abiapuntua pertsonaia talde bat izan zen. Haien arteko harremanei jarraika idatzi nahi nuela nekien. Pertsonaien kezka eta obsesioei tiraka, hain zuzen ere. (Irakurri +)

Karmele Jaio: “Indarkeriaren mehatxua beti dago hor, eta gure bizitza baldintzatzen du”

Ia hamar urte igaro dira Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) aurreko nobela, Musika airean (2009, Elkar), plazaratu zuenetik. Geroztik narrazioak (Ez naiz ni, 2012) eta poesia (Orain hilak ditugu, 2015) kaleratu ditu. Aitaren etxea izenburuko nobela du lanik berriena. Hiru pertsonaia nagusiren inguruan eraikitako istorioa da; generoaren rolek duten pisu zein zamaren inguruan, literatuaren eta idazkuntzaren inguruan, familiaren inguruan, gatazka politikoaren inguruan… eraturiko nobela zuzen bezain trinkoa da, ertz askotarako bide ematen duena.

Erresonantzia asko dakartza Aitaren etxea izen ­buruak berak; Arestiren poema ospetsua, Her­tzainaken Hil ezazu aita, patriarkatua, aurreko be­launaldiekiko lotura/ talka artistiko zein bitala… Guztiak ageri dira liburuan?

Kezka batek zeharkatzen du nobela: Nola egin belaunal­diz belaunaldi transmititu den herentzia kultural bat de­saktibatzeko eta gure bizitzetatik desagerrarazteko? Eta horren aurretik, nola egin herentzia horrenpean bizi ga­rela detektatzeko? Gehienetan hain barneratua dugu, ez baitugu ikusten ere. Nobela honetan aitaren figurak sin­bolizatzen du balore konkretu batzuen transmisioa, hain zuzen ere, gizon izateko modu konkretu baten transmi­sioa, eta hortik dator “aitaren etxea”. Baina nobelan ez da bakarrik gizonei buruz hitz egiten. Gizon batek eta bi emakumek hitz egiten dute, eta bakoitzak agerian utzi­ko du, beste gauza batzuen artean, zein pisu izan duen generoak bere egiteko moduetan, bere heziketa senti­menta lean, besteek berarengan izan dituzten espektatibetan… Generoak gizarte honetan eragiten digun gehiegizko marka hori nola gainditu. Galdera horrek zeharkatzen du liburua. Eta bai, garai bateko erreso­nantzia ere badakar, pertsonaien gazte garaikoa, eta or­duko soinu bandan Hertzainak daude, Kortatu dago… baita garai hartako giro politiko nahasia ere. (Irakurri +)