Erika Elizari Salvador: “Airean denbora eten egiten da”

erika elizariParistik Bilborako hegaldi gorabeheratsua. Bidaiari guztien arteko zazpiren bizipen eta gomutak. Barne gogoeta eta solasaldien bitartez, sekuentziaz sekuentzia osaturiko istorio bizi eta espresa. Zendabalitz proiektuarekin Igartza beka irabazi zuen 2018an Erika Elizari Salvadorrek. Plazan da dagoeneko.

Gaztexeagotan idatzitako zenbait narrazio salbu, lehen literatur lan mardula du Zendabalitz (Elkar) Erika Elizari Salvadorrek (Hernani, 1988). Ikus-entzunezkoak ikasi zituen, eta arlo horretan lan egin izan du, baita zenbait film labur sortu ere. Aurrerantzean ere sortzen jarraitu nahi luke, izan arlo batean edo bestean. Lehen nobela hegaldi batean kokatu du.

“Hori da nire lanetik gehien gustatzen zaidana. Airean denbora eten egiten da”. Pertsonaietako batek dio, hegazkin pilotuak, hain zuzen ere. Literaturan ere denbora eten egiten al da?

Bai. Zalantzarik gabe. Eten eta bikoiztu, biak batera. Idazten ari naizen bitartean, sortzen ari naizen mundu berri horren denbora-lerroan murgiltzen naiz bete-betean. Errealitate paralelo horretan gainera, atzera eta aurrera egiteko aukera daukazu, benetakoan ez bezala. Horrek, pixka batean behintzat, mundu errealeko loturetatik askatzen zaitu.

Ipuin batzuren salbuespenarekin, lehen literatur lana duzu. Zergatik hautatu duzu hegaldi bat eta bertako hainbat pertsonaiaren barne elkarrizketak, barne gogoetak, barne bizipen eta ezinak?

Dena toki bakarrean eta denbora-tarte mugatu batean gertatzea nahi nuen eta, horretarako, hegaldi bat primeran zetorkidan. Abioia beharrean, autobus bat izan zitekeen, ospitale bateko itxarote-gela edo zinema-areto bat. Baina hegazkinek badute zerbait berezia. Hermetikoak dira nolabait. Wifiak abioi guztiak inbaditu bitartean, hegaldietan egunerokotasunetik deskonektatuta egotera behartuta gaude. Airean denbora eten egiten da lurrean daudenekiko harremanetan gutxienez. Eta horrek aske sentiarazi ahal zaitu edo kontrakoa, buruari eraginarazi. Kasu honetan, ezinegona areagotzen zaien pertsonaiengan jarri nahi izan dut fokua. Hegaldiaren gorabeherek euren buruhausteak iratzartzen dituzte. Kasu batzuetan aspaldiko ardurak dira eta besteetan, egoerak berak sortutako kezkak. Zazpi pertsonaiek hori partekatzen dute: pentsamenduak itzali ezinik dabiltzala. Horren inguruan hitz egin nahi nuen nobelan: pentsatzen dugun guztiaren inguruan, gauzei ematen dizkiegun buelten inguruan eta horrek sortzen dizkigun onura eta kalteen inguruan. Hori guztia azaleratzeko barne elkarrizketetaz baliatu naiz. Izan ere, kontzientziaren ahotsarekin izaten dugun etengabeko solasak sortzen dizkigun sentimenduei buruz aritzeko aukera ematen zidan: zalantza, damua, kontzientzia harra, segurtasuna, harrotasuna…. Nola kudeatu batzuetan bidelagun eta besteetan etsai bilakatzen diren pentsamenduak? Zurrunbiloaren epizentrora heldu nahi nuen eta horretarako beharrezkoa zen pertsonaien buruetan sartzea.

Pertsonaia bakoitzak hainbat atal ditu, laburrak horietako asko, sekuentzia modura. Antzerkitik gertuko teknika eta testua dirudi. Zergatik?

Zazpi pertsonaia nagusi ditu nobelak. Bakoitzak bere gatazka pertsonalak izan arren, ez nuen zazpi istorio isolatuz osatutako lan bat egin nahi. Hegaldia bakarra da. Bilatzen dudana da irakurleak, hegaldiak aurrera egin ahala, minutu bakoitzean zer gertatzen ari den ikusten joatea. Bera ere bidaiari bat gehiago izatea. Pertsonaia bakoitzaren istorioak nola eboluzionatuko duen jakiteko, liburuaren amaierara iritsi beharra dago. Bestalde, pertsonaien arteko interakzioek eragina dute bakoitzaren kontakizunaren nondik norakoetan. Hortaz, hala behar zuen. Baina egia esan, antzerkizalea naiz eta ilusio handia egingo lidake Zendabalitz oholtza batean ikusteak. Antzezlan bihurtzeko ahalegina egitea, bada buruan dudan zerbait. Baina hori ere lanerako mundu ezezaguna da niretzat…

Egungo aparailu eta aplikazio teknologikoen aipamenak, onomatopeiak, maiuskulen erabilerak… Horrela ateratzen zaizu idazketa edo istorio jakin honi erantzuten dio?

Istorio jakin honi ondo zetorkiola uste dut. Irakurleari jolas moduko bat planteatu nahi izan diot. Pertsonaiez pertsonaia saltoka ematen da hegaldiaren eta euren istorioen berri. Hortaz, hari-mutur guztiak lotzeko adi egon behar du irakurleak: bidaiari bakoitza non dagoen kokatuta, zeinen artean ematen ari diren elkarreraginak, kontzientziaren ahotsa ari den hizketan edo ez… Horregatik maiuskulak, letra lodiz idatzitako hitzak, onomatopeiak… Joko itxurako irakurketa hori sustatzeko.

Esaldi laburrak, asko hitz bakarrekoak, abiadura, erritmoa, garaikidetasun presazkoari erantzuten dion literatura egin nahi izan duzu?

Horiek ere kontakizunaren jostagarritasuna areagotzeko modu bat izan dira. Eta nire idazteko moduak ere, joera hori duelako.

Sugandilak, anemonak, arrainak, maki lemurra ere ateratzen dira pertsonaien aho eta bizipenetan… Konta…

Oraintxe ohartu naiz horretaz… Nahi gabe egindako zerbait da. Ez dut lotura berezirik animaliekin. Egia da nire lagun minenetako bi biologoak direla eta unibertsitate garaian biologia ikaslez betetako pisuetan bizi izan nintzela. Agian horren eraginez izango da… Auskalo!

Zenbait aldiz idatzi zenuen “Zer egingo dut?”, hegazkineko komunean ezin irtenda geratu den emakumearen ahotan. Zergatik?

Gehiegi pentsatzearen kiribil antzu batean murgilduta dago Paule. Bere blokeoa adierazteko modu bat da.

Literatur bide honetan jarraitu nahi zenuke? Baduzu beste zerbait esku artean?

Sortzen jarraituko dut. Hori seguru. Baditut ideia batzuk buruan, baina ez dakit zer forma hartuko duten: idatzia, ikus-entzunezkoa… Disfrutatu dut Zendabalitz-en idazketa prozesuaz eta idazten jarraitzeko grina piztu zait. Baina auskalo!

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina