“Da! Asko dira!” lelopean egingo da bost egun iraungo duen azoka, abenduaren 5etik 9ra, eta Txakur Gorria sormen kolektiboa izan da aurtengo kartela osatu duena. Euskal kulturaren aberastasuna eta aniztasuna aldarrikatu nahi dute lelo honekin, azoka bakarrean azoka asko bizi direla nabarmenduz. Bisitari eta sortzaileen aniztasuna ere adierazi nahi izan dute, bertan elkartzen baitira sortzaile berriak, ibilbide luzekoak, tradizionalak, garaikideak…
Irudiaren diseinua, berriz, Landako planoan oinarrituta dago eta bertan gertatzen diren mugimendu guztiak adierazi nahi izan dituzte “performance” baten gisara.
Euskal kulturaren oparotasun hori egitarauan ere aurkituko dugu. Mota ezberdinetako hainbat kontzertu, aurkezpen, tailer eta ekitalditan parte hartzeko aukera izango dugu bertan. Ikasle Eguna Durangoko Azokako lehen egunean izango da, abenduaren 5ean eta urtero bezala, hainbat ikastetxeetako ikasleak gerturatuko dira azokaren nondik norakoez jabetzeko eta bertako ekintzekin gozatzeko.
Haurrek eta gazteek irakurtzea nahi dugu, eta horren harira irakurzaletasuna sustatzeaz jarduten gara. Ez dakigu, baina, nola egin. Ez dago formula magikorik, diogu behin eta berriro, eta hamaika kanpaina diseinatzen ditugu funtzionatuko duten esperantzarekin. Irakurtzea ona da, diogu. Ona da? Zertarako da ona? Ona bada, zer irakurtzea da ona? Haurrek eta gazteek irakurtzea ona omen, baina helduok irakurtzen al dugu? Eta hausnarrean ari garela, formula magikorik ez dagoela berriro errepikatuta, zerekin ahaztu, eta literatura berarekin ahazten gara nahiz eta magia inon badago, literaturan bertan dagoen. Horrenbestez, irakurzaletasuna alboratu, eta literatura-zaletasuna hautatuko dugu, aukeran.
Haurrek eta gazteek irakurtzea nahi dugu. Haurrak eta gazteak; hitzokin inuitek pertsona txikiak esaten dieten horiek homogeneizatu egiten ditugu guztiak bakar bat balira bezala. Jorge Larrosa filosofoak haietaz gauza handirik ez dakigula dio, horregatik haurtzaroaren ezaugarrien inbentarioa egiteko aditu ugari prestatu ditugu, haurtzaroari mugarriak jarri eta zer den azal dezaten. Aitzitik, haur bakoitza mundua berriro asmatzeko eta aldatzeko aukera bat da. Haur bakoitza bakarra da. Haur bakoitza, Larrosaren hitzetan, izaki basati bat da.
LITERATURA
Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak. Iban Zaldua.
Bere genero kuttunari leial, ipuin liburu berri bat dakarkigu Iban Zalduak. 32 ipuin dira guztira, gehi kontrazalean doana. Istorio aski laburrak oro har, gaien, estiloen eta tekniken ugaritasuna erakusten digutenak, eta guztietan ere egilearen trebezia: egunerokotasunari azpilak bilatzen dizkioten kontakizunak, fantasiari zirrikitu bat irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa-bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak… Fikzioaren festa bat, azken batean.
Berriro itzuliko balitz – Xabier Etxeberria (Zubikarai saria 2017)
Karlos Jaso jazz musikari iruindarra Heinsborg izeneko uharte txiki batera joan da bizitzera, Danimarkan, Maddi bere alaba jaioberriarekin. Bertakoa zen Karlosen emazte eta haurraren ama, Ejda, baina hura hil berria da eta berak bakarrik egin beharko die aurre hainbat arazori: ume txiki bat zaintzea, lana bilatzea, inguru arrotz batean nola hala egokitzea…
Pertsonaien psikologian arakatzen eta egunerokotasun gazi-gozo bat kontatzen hasten zaigun istorio honek, baina, misterioaren eta hilketaren bidea hartuko du gero; erritmo izugarria, jakin-mina eta ustekabeak maisuki darabiltzan thriller-a idatzi du horrenbeste Etxeberriak, bai hizkuntzaren erabileran bai narrazioaren eraikuntzan lehendik ere ongi frogatua duen abileziarekin.
Amek ez dute. Katixa Agirre (Zubikarai saria 2016)
Bi emakume, bi ama gazte: batek (Jade/Alice) bere ume bikiak hil ditu, bere eskuz baineran itota. Bestea, nobelaren narratzailea, bere haurraz erditzerakoan, bat-batean ohartu da ezagutzen duela ama hiltzaile hori, aspaldian haren berri izan ez badu ere; Jade/Alicerekin eta haren ekintzarekin obsesionatuta, gehiago jakitea erabakiko du, hartaz ikertzea eta horri guztiari buruzko eleberri bat idaztea.
Sorkuntza esaten diogu artista baten lanaren emaitzari; sorkuntza da halaber haur bat mundura ekartzean ama batek egiten duena. Bi sortze mota, bata bestearekin zerikusirik gabea, kontraesankorrak ere bai agian? Sormenaren bi alderdi horiek eta bien arteko harremanak arakatu ditu Katixa Agirrek bere bigarren nobela honetan, irrikaz irensten den fikzioa erakiz eta aldi berean gogoan luzaroan geratzen diren hausnarketekin aberastuz.
Egunaren hondarrak. Kazuo Ishiguro
Itzultzaileak: Iñigo Roque / Amaia Apalauza (Nobel / Zaitegi)
Maiordomo perfektua da Stevens: itzal bat bezain isil eta diskretua, beti jaunaren esanetara, egoerarik larrienean ere lasai eta eraginkor. Jaun handien zerbitzari leial izatean datza haren handitasuna, eta hamarkada luzetan horretan jardun izanak ematen dizkio bere bizitzari zentzua eta harrotasuna. Aspaldi luzean ez bezala egun libre batzuk dituela eta, lankide izandako Kenton andereñoari bisita egitea erabakiko du, eta bere bizitzari errepasoa egiteko baliatuko du bidaia. Duela ia ehun urteko handiki ingelesen unibertsoa zehatz eta doi erretratatzearekin batera, bi mundu-gerren arteko une historikoari argi berria ematen dio Ishigurok, eta izaera konplexu baten azpildurak dotorezia eta ñabardura harrigarriz erakutsi, lanbidezko mirabetzak norainoko gogo-morrontza eragin dezakeen frogatuz, sentimenduei hoztasunez eusteak zenbateraino ekar dezakeen nortasunaren irentzea.Booker sari prestigiotsua eta mundu osoan aho batezko onespena lortu zituen eleberri honek, film baten bidez are ezagunago bilakatu zen gero, eta egilearen Nobel sariak biribildu du haren ospea. Orain euskaraz dasta dezakegu, Amaia Apalauza Ollok eta Iñigo Roque Eguzkitzak Zaitegi bekaren laguntzaz egindako itzulpen bikainari esker.
elkar eta Gureak taldeek Usurbilen jarriko dute euren egoitza nagusia hemendik bi urte eta erdira barru, hutsik dagoen Michelingo lurzoruan. Urriaren 16an sinatu zuten hirigintza-hitzarmena Usurbilgo Udalak, Michelinek, Gureak-ek eta elkar Fundazioak. Beheko irudian ikus ditzakezue sinatzaileak: ezkerretik hasita, Joxemari Sors Elkarlanean Fundazioko lehendakaria, Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakaria, Bertrand Touraton Michelin España eta Portugal S.A.-ren finantza-zuzendaria, eta Xabier Arregi Usurbilgo alkatea.
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dugu, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
2. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.
3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.
(Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri). (Irakurri +)
Juul kanpaina Euskal Herriko ikastoletako haurren irakurketaren zaletasuna bultzatzeko, ikastoletan antolatzen diren jardueren bilduma bat da. Kanpaina burutzen da haur eta gazte guztiek liburu eta ilustratzaile bat hautatzen dutelarik. Horretarako, urtero hainbat liburu eta ilustratzaile aukeratzen dituzte.
Aurtengoan, ondorengo liburuak izan dira bozkatuenak:
A Kategoria: (3-6 urte)
![]() |
![]() |
![]() |
||
Otsoaren ipuina |
Afaltzera etorri zen arkumetxoa Steve Smallman Denonartean |
Munstro arrosa Olga de Dios Denonartean |