Ekarri armak: amaiera ezagutu arren, thriller baten pasioz irakurtzen den kazetari-ikerketa

19_EKARRI_ARMAK_AZALA_170x240.indd imanol muruaImanol Murua Uria (Zarautz, 1966) euskal politikaren analista finena da askoren ustez; euskal prentsako bere lanak dira horren froga argia, eta baita Loiolako hegiak liburua ere. Hain zuzen ere, liburu haren segida zuzena da Ekarri armak, Loiolako eta Genevako elkarrizketen porrotaren ondorioz Arnaldo Otegik eta haren kide estuenek ondorioa atera baitzuten negoziazio-eredu hura agortuta zegoela eta behin betiko utzi behar zela alde batera estrategia politiko-militarra, Estatuari aurre baliabide politiko hutsez egiteko. Prozesu hori da Muruak kontatzen diguna, xehetasun guztiekin eta informazio ezagun nahiz ezezagun mordoa erabiliz.

Kontrakoa pentsa zitekeen arren, ez zen bide erraza izan, asko baitziren aurkariak, orrion irakurketak erakusten digun legez. Batetik, Estatuaren botereek zapuztu egin nahi zuten aldaketa hura, ETAren desagertzea interesatzen ez zitzaielako edo mugimenduaren zatiketa bilatzen zutelako. Bestetik, ETAk berak ere ez zuen gogoko, aurrera eginez gero tesi horren ondorio logikoa erakundea behin betiko isiltzea zelakoan. Alabaina, ezker abertzale ilegalizatuaren oinarriek babes zabala eman zioten proposamenari, borroka armatuak garai batean izandako babesa galdua zuen seinale.

Hainbat iturri erabiliz ondu du Imanol Muruak kronika historiko hau: urte luzeetako informazio biltzea, kolore guztietako protagonistekin egindako elkarrizketa sakonak, eta analisi politikorako trebezia eta sena. Emaitza, intrigazko nobela beltz bat bezalako jakin-minez irakurtzen da, misterioaren gakoa aldez aurretik ezagutzen dugun arren: 2011ko urriaren 20ko ETAren agiria, bere jardun armatuari behin betiko amaiera ematen ziona.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina