EKE-Elkar literatura bekaren oinarriak

elkar fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Iparraldeko idazleak euskaraz idaztera lehiatzeko asmoz, EKE-Elkar literatura beka sortu dute.

Bi urteetarik behin antolatuko da eta 6.000 euroko diru kopurua emanen zaio, epaimahaiak hautatuko duen obra proposamenaren egileari ondorengo oinarrien arabera:

1. Deialdi honetara, eskatu generoan egiteko xedeak aurkeztu litezke, iparraldeko euskara batuan sortuak, beren zati bat edo osotasuna nehon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste nehongo obra batetik moldatuak ez direnak.

Bi urtetarik, idazlanaren generoa aldatuko da.

2021eko deialdi honentzat, komikia edo nobela grafikoa izanen da generoa.

2. Deialdian Iparraldeko edonork parte har dezake, adin mugarik gabe. Deialdi honen generoa komikia izanik, egitasmoaren egileak bi pertsona edo gehiago baldin badira (idazlea eta ilustratzailea), bat gutxienez Iparraldekoa izanen da (Iparraldean jaioa edota bizi dena).

3. Lehiaketan parte hartu nahi duenak, hiru aldakitan eta bere benetako izena agerian jarri gabe, honakoak bidali beharko ditu bere egitasmoarekin batera:

  • Landu nahi duen proiektuaren aipamen laburra, 2-4 orrialdekoa, ezaugarri nagusiak agertuz, hala nola, luzera, estiloa, zergatiak, iturriak, egitura, helburua edo egoki idurituko zaion beste edozein xehetasun.
  • Obraren erakusgai edo lagin bat 4-5 orrialdekoa.
  • Gutunazal hetsia, kanpoko aldean idazlanaren izenburua izango duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.

4. Obraren egitasmoa 2021eko maiatzaren 31eko berantenaz ondoko helbidera igorri beharko da: Elkar argitaletxea. 9 Gouverneurs karrika. 64100 Baiona.

5. Egitasmo guztiak lau kidez osatu epaimahai batek ikertuko ditu. Talde honek bere hautua 2021eko ekainaren 31a baino lehen hautagaiei jakinaraziko die. Mahaikide batek bere lana ezin egina balu, haren ordezkoa beste mahaikideek izenda lezakete. Behar bezainbat kalitatezko lanik ez balitz, diru kopurua eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

6. Hautatuko den egitasmoaren sortzaileak delako diru-kopuruaren erdia, epaimahaiaren erabakia jakinaraztean eskuratuko du, eta beste erdia obra argitaratzean.

7. Irabazleak, izendapena eskuratu eta gehienez 2022eko martxoaren 31ra arteko epea izanen du, proiektu amaitua helarazteko. Komiki lanaren luzera aldez aurretik xehetzen zaila bada ere, liburua osatzeko heina izan beharko du : 60 orrialde, gutxienez. Bitarte horretan, egileak hastapeneko egitasmoa aldatu nahiko balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena eskuratu beharko du. Arrazoi berezi batengatik epea gibelatzea onar lezake epaimahaiak.

8. Egileak bere lana helaraziko ez balu edo proiektuaren izaera eta kalitatea, epaimahaiaren iritziz agertu zuen egitasmoaren aldean txarragoak balira, ordura arte eskuratua duen dirua itzuli beharko du.

9. Lagundua izan den obraren jabegoa egilearena izanen da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste nehongo diru-laguntzarik edo saririk eskuratu, ez aitzinetik ezta ondotik ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Bestalde, obraren egile eskubideak egilearen eta Elkar argitaletxearen artean zehaztuko dira eta kontratu batean jasoko.

10. Epaimahaiaren erabakiak onartu beharrekoak dira, bai egilearen bai eta antolatzailearen aldetik.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina