El jardín olvidado – Kate Morton
Azken urteotan bidaia dezente egitea tokatu zait eta joan etorri guzti horietan, irakurketa izan dut autobus, tren, hotel, hegazkin, geltoki eta beste hainbat lekutako bidelagun. Ez da denbora asko “El jardín olvidado” liburua irakurri nuela eta hasieratik jakin nuen gustura egongo nintzela bertan sortzen diren egoera eta lekuak nire buruan irudikatzen eta pertsonaiei bizia ematen. Izan ere, niretzat oso garrantzitsua den gai baten inguruan oso istorio polita sortzen du idazleak.
Liburuaren trama guztia hiru denbora ezberdinetan kontatzen da eta oso modu egoki eta ulerkorrean gainera. Denbora bakoitzean pertsonaia ezberdinak izango dira istorioaren gorabehera guztiak ulertzen eta lotzen lagunduko digutenak.
Hasieran aipatu dudan bezala, bidaia asko egin ditut eta munduko leku asko eta oso ezberdinak ezagutzeko edo pixka bat ikusteko aukera paregabea izan dut. Hala ere, kanpora joan orduko beti sentitu dut zerbaiten falta: etxea, familia, herria, kultura… Nire ustez euskaldunok zorte handia dugu gai honi dagokionez eta nik behintzat gauza horiek guztiak nire sentitu eta maite izan ditut beti. Hau guztia aipatzen dut liburuan jorratzen den gaia hau delako: nortasunak edo sustraiak duen garrantzia eta eragina.
Baina liburu honetako pertsonaia nagusiak ezin izango du hau guztia sentitu. Izan ere, haurtzaro eta gaztaro guztia gai honi dagokionez begiak estalita biziko baititu. Hogeita bat urte betetzen dituen egunean, Nell bere aitaren ahotik konturatuko baita alabatzat hartu zutela baina hori ez dela bere benetako familia. Haur bat besterik ez zenean, itsasontzi batean utzi zuen la Autora izeneko emakume batek eta munduaren beste aldean azaldu zen bakar bakarrik.
Berri horrek bere bizitzan erabateko aldaketa eragingo du eta bizi berri bati ekingo dio. Hamarkada batzuk geroago bere arbasoen bila hasiko da eta zerbait jakitera iritsiko da. Hala eta guztiz ere, bere bizitzan suertatuko diren egoera batzuk direla eta, ezin izango du jaioterrira bueltatzeko eta dena argitzeko nahia bete.
Azkenean, berarekin bizi den bere biloba Casandra izango da, amonaren heriotzaren ondorioz, ezusteko herentzia bat jasoko duena eta hainbat sekretu argitu ondoren, familiaren inguruko egia osoa argitara ateratzea lortuko duena.