JOXE AZURMENDI – Barkamena, kondena, tortura

Barkamena, kondena, tortura da Joxe Azurmendiren liburu berria. Azken urteetan idatzitako hiru saiakera labur bildu dira lan honetan, eta hiruretan ere hari bat: garai batean Eliza bezala, gaur egun Estatua ari dela bihurtzen gure kontzientzien kontrolatzaile zuzen eta zorrotza. Gure bizigiro politikoan egunero entzuten ditugun kontzeptuei buruz ari da Azurmendi liburu honetan, ideia horien sakoneko esanahiak aztertu eta ur lohi horien iturri zaharrak argitzeko.

 

“Ideiek euria bezala etorri behar dute, ez trumoiak eta ekaitza bezala”

 

Estatua omen dugu gure kontzientzia kontrolatzailea, lehengo elizaren funtzioa betez. Zein dira kontzientziak menderatzeko Estatuak baliatzen dituen tresnak? Zein da kontrol horretatik ihes egiteko era?

Joxe AzurmendiZein tresna ez? Jaioberria erregistro zibilean modu jakin batean erregistratu behar izatetik hasi: haurra gizonezkoa da, emakumezkoa; eskolarekin jarraitu: esate baterako historiaren irakaskuntza; eta hiletaren arautzeraino, dena da kontzientzien kontrolerako Estatuaren tresna. Lan eta jai egunen kalendario erlijioso-politikoa, festa nazionalak. Kale izenak, monumentuak, banderak. Epaitegiak, zigorrak, espetxeak, eta horien beldurra. Alderdien sistema. Bozketak are gehiago, daukaten ordenamenduarekin. Parlamentuko diskurtsoak eta legegintza guztia. Zerbitzuan hartzen dituen intelektualak, prentsa. Zin egiteak, uniformeak. Polizia uniformatu bat aurrean ikuste hutsak ez al dizu kontzientzian zirrara bat eragiten? Estatua zure barruan dago, omnipresente, ezin zaio eta ez dago zergatik erabat ihes egin. Haren etengabeko kontzientzien inbasioari mugak jarri, bai, batez ere espainola bezalako Estatuetan eta bakearen ingurukoa bezalako arazoetan. Lehenbiziko urratsa inbasio horren kontzientzia hartzea da. Are gehiago moralarekin politika kamuflatu eta moralaren izenean politikoki bortxatu nahi bazaitu.

Barkamena eta kondena ekarri dituzu liburuaren izenburura. Gurean aurrera egingo badugu ezin bestean bete beharreko bi baldintza dira batzuen ustez. Zuk, ordea, ez dituzu hala ikusten.

Ni ez nago printzipioz barkatzearen edo kondenatzearen aurka, mila gauza barkatzen edo kondenatzen dugu, hori gabe ez dut uste morala posible denik. Baina testuingurua begiratu behar da eta batez ere egintzaren zentzua. Begira, Alemaniako Parlamentuak barkamena eskatzen du Gernikako bonbardaketagatik. Horren zentzua morala al da? Ez, egintza politiko bat da, nahi baduzu diplomatikoa. Esan nahi du: gaurko Alemaniak horrelako jokabideak arras baztertzen ditu, zuekin gaur nahi ditugun harremanak adiskidezkoak dira, iraganeko forma bortitzak deitoratzen ditugu. Beharbada eragindako kalteen erantzunbeharra ere asumitzen du, eta laguntza ekonomikoren bat ematen du. Baina kontzientzia morala zentzu hertsian beti pertsonala da. Parlamentuaren kontzientzia moralik edo damurik ez dago, adiera metaforikoan ez bada. Herri alemanaren erru eta erantzukizun moralik bonbardaketa harengatik ez dago. Gutxiago aleman demokratena, are gutxiago gaur bizi diren alemanena. Egunen batean Espainiak Euskadiri edo Euskadik Espainiari barkamena eskatzen badio, edo ETAk, oso ongi. Baina egintza sozial politikoa izango da, ez morala. Horrek ez du esan gura balio moralik ez duela. Lagundu lezake gure moraltasun publikoa, bakezaletasuna, elkarrenganako adeitasuna zabaltzen. Edo ez. Txantaiaren emaitza baldin bada moralki ez du kalte besterik egingo. Uste dut hori ari garela ikusten. Damuaren eta barkamenaren esijentzia zitala mendeku gisa. Elkarbizitza bat neurri batean normala ezinezkoa egiteko ahalegin fatala.

Hausnarketa, eztabaida falta dugula diozu (Alemanian bai ematen omen da hemen ez bezala), eta “jarrera ikasleagoa” aholkatzen duzu. Zergatik? Azaldu ezazu, arren.

Nola orain denerako Alemania aipatu behar den, erru eta damuaren arloan ere Alemania aipatzen da, eta gaizki. Alemanen erru kolektiboa Hitlerrengatik, euskaldunon erru kolektiboa ETArengatik. Eta alemanek, damutu eta, euren erru kolektiboa aitortu omen dute. Paralelo faltsua eta informazio faltsua. Alemanek egin dutena da azterketa historiko, politiko, soziologikoa, nola etorri ziren, etorri ziren puntura. Begira, Joseba Agirreazkuenagak Euskal herritarren burujabetza liburu bikain-bikaina atera berri du, Alberdanian. Bere ikerketaren helburu nagusiak beste batzuk ditu, baina espilu bat ematen du, gu nola etorri garen gauden tokira. XVIII. mendearen burutik honaino Euskal Herriaren historia guztia da gerra, negoziazio, erresistentzia, berriro gerra, negoziazioa, etab. Politikatik moralkeriara ihes egin gabe, alemanek egin dutena euren bilakabide politikoa aztertzea izan da, beste ezein herrik Europan egin ez duen bezalako autokritika egin, norabide berria hartu, eta hori sendotzen etengabe ahalegintzen dira. Alemaniatik zerbait ikastekotan hori ikas dezakegu. Baina horrek esan nahiko luke, hasteko onartzen dugula ETA arazo politikoa dela, ez arazo morala, eta soluzio politikoa eman behar zaiola. Eta ez dut esaten ez dela arazo morala ere, modu batean, baina hori beste kontu bat da, eta politikak ez dauka ezer esatekorik horretaz.

Euskal Herrian bortxari buruzko eztabaidarako aholkatzen duzu ohartzeko “azkenean helburuak kulturazkoak direla, erlatiboak”.

Hobeto formulatzeko. Bitartekoei buruz eztabaidatu dugu: bortxa bai, ez. Helburu hurbilei buruz eztabaidatu dugu: independentzia bai, ez. Beharbada joan deneko urteetan ahaztu samartu duguna azkeneko helburuak dira, ohiko formulazio erlijioso-zibiko pseudolaizistan askatasuna, berdintasuna, anaitasuna deritzegunak. Hauek printzipioz ETArenak eta PPrenak dira, gu guztionak eta gure kultura guztiaren azken helburuak. Gaindegi honetatik begira, independentzia bitarteko bat da, eta bortxa edo demokrazia bitartekoaren bitarteko bat. Hau ez da egunoroko praktika gidatzeko maxima bat, baina bai egunoroko praktikan ere ez ahaztekoa. Meditazio orduetan meditatzekoa, oraingo baldintzetan esaterako. Armak isildu eta gero, alde batekoak.

“Euskara jasotzeko erakunde ofizialen laguntza garrantzizkoa da, baina erabakiorra talde euskaltzaleen lana”

 “Kontzientziak lotu-lotuak edukitzeko sokarik estuena ogia da” diozu liburuan. Baina ogi eskasia gose bihurtzen bada ez al liteke kontzientzia eragile bihurtu? Ogi eskasia sasoia da bete-betean. Erreakzionatuko al dugu?

Joxe Azurmendi Iraultzaren mitoa ez bada hori… Dirudienez, ordea, historilari eta soziologo gehienek hala diote, goseak dagoenak albaramenduak eta matxinadak bai, baina iraultzarik ez du inoiz egin. Goseak dagoenak hurbil-hurbileko helburuak esesten ditu larri. Ez naiz optimistegia. Beharbada, iraultza funtzionario anarkistei oraingoz utzi eta, krisi ekonomikoak apaltxeago bizitzen ikasaraz diezaguke, lana hobeto kudeatzen, sindikato razionalak indartzen, gizarte auzolangina, kooperatzailea antolatzen, agente sozial eta ekonomikoak kontzertatzen, autogestioa eta elkargestioa garatzen. Hau da, eredu alternatiborik ez badaukagu eskura, gutxienez lan gizartearen erreforma efikazak egiten. Egin dezakegunean kontzentratu behar genuke, ez egin ezin dugunean, amets ederrak izanda ere.

Kontzientzia kontrolaz ari zara, baina esan liteke kontzientzia kontrol horri ez diozula traba handirik egiten liburu eta gogoeta guztiok euskara hutsez eginda.

Mundua salbatzeko bokazioa ez da nirea. Kontzientzia morala beti pertsonala da, indibiduala. Denok elkarri lagunduta, baina kontzientziaren defentsa azkenean bakoitzak berea egin behar du. Ni neure inguruko jende gutxi batekin saiatzen naiz. Euskaraz idaztea hautu bat da, jende baten hautua. Hautu bat den bezala nik erabiltzen ditudan gai polemikoak saio eta liburuetan tratatzea. Beraz, jende are gutxiagorentzat. Ez da ahaztu behar intelektuala esaten den hori, hedabide handietatik masak seduzitzen edo harangatzen, oso erraz bihurtzen dela kontzientzien inbasorea, Elizaren antzera. Salbazio doktrina handirik nik ez daukat. Ikuspegi bat ematen dut. Informazio bat eta arrazoi batzuk. Neure moduko jendeari, euskaldunei. Badakit beste batzuek hori gero hobeto garatu edo aplikatuko dutela. Pentsatzen dut ideiek euria bezala etorri behar dutela, ez trumoiak  eta ekaitza bezala. Eta denborak bere lana egingo duela soroan.

Pentsalaria zara. Nola aukeratzen duzu zertaz pentsatu? Zergatik gai jakin hauek?

Pentsalariak denok gara, ezta? Bakarrik batzuk asti gehiago daukagu eta pentsatzen duguna idatzi egiten dugu. Idaztera ia beti lagunen batek bultzatu izan nau. Edo momentuan zebilen polemikaren baten amorruak ere bai. Niretzat idaztea eztabaida publikoan parte hartzea da. Gaiak gure egoera sozial eta politikoan zoritxarrez emanda etortzen zaizkigu. Beste gai asko ere bazegoen, jakina, baina profesionalki nire ordu gehienak ikasketari eta irakaskuntzari eman behar nizkion, eta idazteko orduan ustez informazio gehiago nuen arloetara mugatu naiz. Esaterako gure aita zena lan istripu batean hil zen, proletario familiakoa naiz. Arazo soziala ikaragarri interesatzen zait. Baina hor beste batzuk hobeto ari dira nik egingo nukeena baino, eta hobe dut ez eskua sartu hanka sartzeko.

Unibertsitateko jardunarekin batera jakina da beste egitasmo batzuekin izan duzun eta daukazun harreman estua. Hitz labur batzuk bakoitzari buruz?

Euskarazko lana batez ere Jakinen eta Elkarren eman dut nik. Baita UEU, Argia, Anaitasuna, Egunkaria, Klasikoak, kolaboratu ahal nuen edozein tokitan uste dut ibili naizela zerbait. Nire konbentzimendua delako, euskara jasotzeko erakunde ofizialen laguntza garrantzizkoa dela, baina erabakiorra talde euskaltzaleen lana. Jakinen 1959/60ko Gabonetako zebakian hasi nintzen, artean hogei urte bete gabe, eta hor nago beti. Elkarren ere hasieratik nago. 1974ean  sortzaileen artean, 1996an elkar Fundazioaren sortzaileetako kide, 96tik joan den urtera arte Fundazioko Patronatuaren lehendakariorde, neure meritorik gabe, orain ere Patronatuko kide naiz. Baina Elkarri batez ere nire totxoak, Xabier Mendigurenek txukunduta, argitaratzea zor diot. Eta Elkarreko langile guztiei, euren lanarekin holako argitalpenak euskaraz posible egitea merkatuko lege guztien kontra eskertu behar zaie, eta eskertzen diet hemen.

“Intelektuala esaten den hori, hedabide handietatik masak seduzitu edo harangatzen, oso erraz bihurtzen da kontzientzien inbasorea, Elizaren antzera”

Eusko Ikaskuntzaren saria jaso duzu aurten, errekonozimendu garrantzitsua.

Esan bezala, taldean egin dut beti nire lana. Gerra ostean eta nire hasieran hori halabeharrekoa zen. Elkarri irakurriz iniziatu gara gure arazoen birpentsaketan, elkarri irakurriz ikasi dugu euskaraz idazten, denon artean markatu ditugu jorratzeko gaiak. Batzuk pioneroak izan dira: Krutwig, Mirande, Txillardegi, Aresti. Beste batzuk beharbada orain ahaztuagoak, baina oso inportanteak: Rikardo Arregi, Eusebio Osa. Sariek eta sari emaileek nola funtzionatzen duten ez dakit. Baina nire idazkiak, eztabaidak, posturak piska bat ezagutzen dituenak, badaki uhin kolektibo horretan eta bereziki Jakinen historian kokatzen dela nire obra osoa. Eta badaki, saria niretzat bada, errekonozimendua uhin horrentzako dela. Disimuloz aitortuta, beharbada. Horrek pozten nau.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario