Espainiako Editoreen Gremioen Federazioak ¨BOIXAREU GINESTA” saria eman die elkar liburu-dendei

Saria emateko orduan, epaimahaiak kontuan hartu du “elkar liburu-dendak bere komunitateko errealitate sozial eta kulturalean txertatuta dagoela, baina era berean zabalik Espainian zein Europako kultur norabideetara, eta Espainiako estatuko editorial asko eta askorekin kolaboratzen duela”.

 ‘Boixareu Ginesta’ sariak liburuaren kulturaren garpenean paper garrantzitsua duten liburu-dendak saritzen ditu, eta aurtego saria elkar-i ematea erabaki du.

Federazioak argitara eman duen prentsa oharrean, nabarmentzen du 1974an lehen liburu-denda Baionan zabaldu zuela eta gaur egun Euskal Herri osoan dituela liburu-dendak, 16 guztira. Era berean kontuan hartu dute “elkar-ek kontuan hartzen duela lurraldeko egoera linguistikoa eta ahalegin berezia egiten duela euskaraz argitaratutako liburuari ikusgarritasuna emateko garaian, euskarazko ekoizpena irakurlearen eskuetara iristeko helburuarekin”.

Eta kontuan hartu dute bera hainbat liburu-dendetan aurkezpenerako txokoak sortu izana ere, eta haiek doan erabiltzeko aukera eman izana argitaletxeei.

Saria Bartzelonan emango dute, 2020ko urriaren 27an, Liber 2020 azokaren testuinguruan. Egoera sanitarioaren ondorioz, azoka bera aurten modu birtualean gauzatuko da, baina sari ematea aurrez aurreko ekitaldi batean egingo da.

elkar liburu-dendek eta elkar Fundazioak gogo onez hartu dute saria eta eskerrak eman nahi dizkio Espainiako Editoreen Gremioen Federazioari ‘Boixareu Ginesta’ saria emateagatik.

Bi puntu azpimarratu nahi ditu, batez ere elkar-ek. Batetik, saritzeko arrazoietako bat izatea, bere lurraldean txertatu egonik, euskarazko liburuari ikusgarritasuna emateko egiten duen ahalegina. Bestetik, elkar-entzat sariak balio handia du editorialen gremioen eskutik datorrelako, poztekoa baita argitaletxeek aintzat hartzea liburu-denden eta, bide batez, elkar Taldeak egiten duen lana liburuaren katearen garapenean.

Sari hau ezinezkoa litzateke egunez-egun liburu-dendetako lankideek egiten duten ahaleginagatik ez balitz. Balia dezagun beraz, balioan jartzeko liburu-dendetako lankideen lana. Eskerrik asko lankide guztiei haien lana eta inplikazioagatik. Saria haiena da. Eta nola ez, eskerrak liburu irakurleei eta erosleei, egunez egun elkar liburu-dendei konfiantza egiten dieten milaka lagun horiei, haiek gabe ez baitago liburu-dendarik. Saria haiena ere bada

Urriaren 27an elkar Taldeko ordezkaritza bat Bartzelonara joango da saria jasotzera.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina