Etxeberria anaiak: “Izenburua Jon Alonsoren zita batetik hartuta dago. Ia-ia sei eskutara idatzi dugula esan liteke”

Gizon gogorraren sekretuaEtxeberria anaiakElkarrekin idatzitako laugarren eleberriarekin datozkigu Etxeberria anaiak. Thriller-aren estiloa jarraituz, iñauteri-giroko lana sortu dute. Krisiaren ondorio beltzez zipriztindutako agertokietan, pertsonaia xelebre sorta aurkituko dugu: puta bat, ijito koadrila, emakumezko ertzaina, ezindua den mutiko leiala, biltegi batean bizi den gizon bakartia…

Gizon arrunt baten istorioa kontatzen diguzue. Halabeharrez heroi bihurtzen den gizon gogor baten istorioa, Erre-ren istorioa. Nola sortu da?

Istorioak ez dira normalean egun batetik bestera sortzen. Hondartzan paseoan dabilenak bidean aurkitzen dituen objetu deigarriak motxilan biltzen dituen moduan, gu ere, azken urteotan elementu ezberdin batzuk jasotzen eta apuntatzen joan gara. Tarteka bururatzen zitzaizkigun pertsonaiak, egoerak edota trama zatiak. Irakurtzen genituen beste gauza batzuk, entzuten genituen pasadizoak… Hor eduki ditugu, ontzen, ganbaran bilduta.

Gero, honi ekiteko garaia heldu zela pentsatu genuenean, osagai ezberdin haiek elkarren artean nola josi asmatu nahian aritu gara, hozkailua zabaldu eta daukadan honekin ze afari prestatuko dut erabaki behar duenak bezalaxe.

Nobela beltzaren formatua erabili dugu azkenean horretarako, oso anitzak diren elementuak batzeko aukera ematen zigulako: atal tragikoak, akziozkoak, komikoak, erotikoak…

Istorioaren giro ilunaren ildoari jarraituz, protagonista nagusiak xelebre xamarrak izateaz gain galtzaileak ere badira, itxaropenik gabe bizi dira: Erre, Jota ezintasuna duen mutikoa, Eme puta, Karmele ertzaina…

Edozein liburutan, eta poliziakoetan agian gehiago, pertsonaiak erakargarriak izateak garrantzi handia du. Puntu honi arreta berezia ipintzen saiatu gara horregatik. Joko bat ere egin dugu, hiru pertsonaia nagusiak hizki batekin izendatu ditugulako, baina euskaraz beste esanahia ere badutenak: Erre, Jota eta Eme.

Erre, protagonista, oso gurea den pertsonaia klasea da seguraski, gure beste eleberri batzuetan izan dugunaren antzekoa hein batean: talentu askorik ez baina erabateko tontoa ere ez dena, zinikoa, santua izatera heldu gabe ondratua dena…

Ikerketan laguntzen dion pertsonaia, Jota, ezberdinagoa da berriz. GUREAKen lan egiten duen mutil bat da, ezintasun bat duena, baina jendeak uste duena baino azkarragoa dena. Sinpatia sortzen duen tipoa da, kariñoa hartzen diozu.

Eme da hirugarren pertsonaia nagusia. Prostituta atzerritarra da, industrialdeko putetxean, Burdel Kingen, lan egiten duena. Femme fatale papera jokatzen du, baina maskara hutsa da gehienetan.

Festa girotik urrun, iñauteri giroak trama beltzari halako kutsu dekadentea gehitzen diola esango genuke.

Giroarena ezinbestekoa da irakurlea istorioan ondo barneratzeko. Sinesgarria izan behar du, erreala, eta, aldi berean, berezia. 2010eko inauteri astean kokatu dugu trama, ostegun gizenean hasi eta hausterre egunean bukatuz. Egun bakoitzak atal nagusi bat osatzen du. Urte hartan, egundoko elurtea izan zen Gipuzkoan, eta horrek oihikoa den inguru bat ezohiko bihurtzen laguntzen du.

Eta, bestetik, jakina, inauteriak dira. Mozorroak, maskarak, karetak, ezkutukoak… Nobela beltzaren giroari oso-oso ondo doakion garaia zela iruditu zitzaigun, egun horietan itxuraldatu egiten delako egunerokoa, dena delako posible.

Jaia da, bestalde, eta nobela guztiak azpitik duen tonu ganberro, erdi-ironiko, karikaturazko horri ere primeran egokitzen zitzaiola pentsatu genuen.

Baina heriotzak, tortura, zekenkeria eta diruzalekeriaz gain, istorioan ere aurkitzen dugu adiskidetasunaren goraipamena, Erre eta Jotaren arteko harremanean.

Ikertzaileak eta haren laguntzaileak osatzen duten bikotea klasiko bat da nobela beltzean, badakizu, Holmes eta Watson bezala, parodiatu nahi genuen klitxe horietako bat zen. Baina karikaturaren gainetik, edo hortaz gain, bi pertsonaiek elkarrekin kimika izan behar dute baita ere, funtzionatu egin behar dute eta hori lortu dugula uste dugu. Jotaren pertsonaiagatik batez ere. Atzerapen mentala duen gazte bat da, euskal literaturan gehiegi jorratu ez den modukoa, ez polizia eleberrietan behintzat. Asmatu dugula berekin iruditzen zaigu.

Liburuan pisua hartzen dute Jon Alonsoren Camembert helburu eleberriari egindako erreferentziak. Zein da zuen liburuarekin duen harremana?

Camembert helburu biok bereziki maite dugun liburu bat da, eta arrazoia sinplea da: izugarri ona dela. Trama poliziakoa du, baina arteari buruzko saiakera bat ere bada, gogoeta bikain ugari ditu, ia-ia buruz ikasiak ditugun pasarteak… Sartu egin nahi genuen nolabait.

Gure eleberrian, Erre protagonista liburu hori irakurtzen ari da. Hori aprobetxatuz, liburuari keinu bat baino gehiago dago, batetik, eta atal nagusi bakoitza (egun bakoitzaren hasiera) Camembert helburu-ko zita batekin abiatzen da. Izenburua bera, Gizon gogorraren sekretua, Jon Alonsoren zita batetik hartua dago. Ia-ia sei eskutara idatzi dugula esan liteke beraz.

Hau elkarrekin idatzitako laugarren lana duzue jada. Nolakoa da “lau eskutara” idazteko lan prozedura?

Jada eskarmentua dugu kontu horretan, diozun moduan laugarren eleberria da hau elkarrekin idazten duguna, baina haur literaturan dugun guztia ere lau eskutara egina da. Ez du misteriorik. Gakoa sintonia ona edukitzea da, asko hitz egin idazten hasi aurretik, eztabaidatu, adostu… Biok buruan gauza berbera izatea lortzen dugunean, idazteko fasea erraz joaten da.

Nobela beltza, eleberri poliziakoak gustuko dituzue. Elkarrekin idatzitako aurreko eleberria, Arrain abisalak, Zarautzen kokatu zenuten, oraingoan Donostian. Zein da zuen inspirazio iturria?

Inguruko elementuetan aurkitzen dugu eleberriak osatzeko material nahikoa. Slow food, badakizu. Gertukoa, bertakoa, erabiltzen dugu sukaldera eramateko. Nobela beltzaren eremu zabal horretan, ondo dago Eskandinabiako, USAko edota Kubako giroa, gustura irakurtzen ditugu guk ere horrelakoak, baina bertan duguna haiek bezain balekoa dela ahaztu gabe.

Alde horretatik, geure unibertsora ekarri ditugu bestelako erreferentzia batzuk: poker partiden ordez mus txapelketa jarri dugu, frontoia boxeoaren lekuan, New Orleanseko inauterien partez Tolosakoak… Sor ditzagun guk ere gure klitxe kulturalak!

Orduan txakolin beltzarekin alderatu zenuten aurreko eleberria (bi urtez barrikan izan eta gero). .. eta oraingo hau?

Honako hau liburu sendoagoa eta gorputz gehiagokoa dela iruditzen zaigu, elaborazioan denbora luzeagoa pasatakoa. Era berean, proletariagoa eta nokturnoagoa. Beraz, eta eleberrian pertsonaiek edaten dutena erabiliz eta jokoa jarraitzeagatik, brandy bat dela esan daiteke. Koroa galdutako Soberano bat.

Aurrera begira proiektu berririk baduzue?

Bai, bat baino gehiago ditugu esku artean. Batetik, bakoitza bakarka zerbait egiten hasiak gara (olerki liburu bat Martin, eleberritxo bat Xabier). Bestetik, Buyan izeneko komiki sail batekin buru belarri gabiltza, laster argia ikusiko duena, beste hiru artistekin batera (Aritz Trueba, Josu Igoa eta Jon Mikel Udakiola). Eta, bukatzeko, beste liburu proiektu bat ere badugu abiatua, baina oraingoan lau eskuetara izan beharrean, sei eskuetara, kontua pixka bat gehiago konplikatzeko.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina