Garazi Kamio: “Bidegurutze baten erdian daude nire pertsonaiak”
Garazi Kamio (Andoain, 1979) da Igartza bekari esker plazaratu den azken egilea. Beste norbaiten zapatak dakarkigu, zortzi ipuin gazi-gozoren bilduma.
Aurkeztu iezaguzu zeure burua, eta literaturaren arloan egin duzun ibilbidea.
Literaturaren plazara iritsi berria den kazetaria naiz. Literatur lehiaketak eta bekak egon bazirela banekien, baina sekula ez nuen ezer aurkezteko denborarik izaten. Duela bi urte, ordea, proiektu bat txukundu eta Igartzara bidali nuen. Beka eskuratu eta argitaratu berri dugu bertatik eratorri den emaitza.
Alderik badago aurkeztu zenuen proiektutik azken emaitzara? Nolakoa izan da idazketa prozesua?
Aldea badago, noski. Hasiera batean ideia zenbait argi nituen, baina gero, hilabeteak eta lana aurrera joan ahala, dena lausotuz joan da. Hasierako hartatik bada zerbait: zeure burua bidegurutze batean aurkitzen duzunean sentitzen dena, esaterako. Izenburua ere aldatu dugu: hasiera batean, proiektuak “Gerizpeko panpinak” zuen izena. Azken emaitza aldiz, “Beste norbaiten zapatak” da. Hasierako haren esentzia gordetzen du, beren burua bidegurutzearen erdian topatzen duten pertsonaiak nagusitzen direlako liburuan. Baina ez naiz horretara mugatu. Ikuspegia zabaldu nahi izan dut, era askotako istorioak errazago hel daitezen irakurlearengana.
Esan izan da bikote-harremanetan zentratuegia zegoela azken aldiko literatura; zurean, berriz, zabalagoa da landutako gaien eta erakutsitako giroen aukera.
Literatura, eta baita gu geu ere. Azken aldian badirudi bikote harremanek soilik dutela lekua literaturan, ikus-entzunezkoetan eta baita gure pertzepzioan ere. Etxeko atea ixten dugunean barruan geratzen dira hainbat kontakizun; etxean bertan geratzen diren horiek. Txikikeriaz beteta dago gure ingurua eta, zoritxarrez, gehienetan, bikote harremanei begira jartzen gara. Horrek elikatzen gaituela dirudi. Aldiz, ingurura begiratzea besterik ez dugu, guri erabat arrotzak zaizkigun kontu eta istorioak ikusteko. Noski, gureak direnak ere bai. Guri hain arruntak zaizkigun txikikeriak, handiak izan daitezke ondoan dugunarentzat.
“Beste norbaten zapatak” ipini diozu liburuari izenburua: beste bizitza batzuk irudikatzeko modua al da literatura?
Literatura bizitza prisma desberdinetik ikusteko gailua da. Bakoitzak bereari eusten dio maiz, ondokoarenari erreparatu gabe. Literaturak ere horretarako balio du: inguruan duzun horri beste modu batera erreparatzeko aukera ematen du.
Hala ere, ez da ariketa erosoa, beste baten zapatak janzte hori…
Gizabanakoa bere esperientzia zein bizipenetatik abiatzen da egoera bat analizatzen hasten denean. Noski, idazleak ere beste horrenbeste egiten du. Ariketa, uste baino zailagoa da: beharbada zure ikuspuntutik oso urrun dagoen jokabidea asmatu eta kontatu behar duzu. Eta horretarako, beharrezkoa da zeurea den ikuspuntu hori alde batera uztea.
Egunerokoak eta bitxiak, sinpatikoak nahiz antipatikoak
Beilatokira doan radar-konpontzailea, jubilatu operazalea… eguneroko bizitzatik ateratako elementuak baina bitxitasun puntu bat ere badutenak: zure ingurutik elikatu ohi zara gehienbat, irudimen hutsetik…?
Ingurura begiratuta, uste baino gauza gehiago topa genitzake. Bitxikeriak gure ondoan daude, begiratu besterik ez dugu egin behar. Egoera bitxiak irudimenean ere sor daitezke, egunerokotasunak ematen dituen beldur edo izuetatik, esaterako.
Obserbatzaile ona zara?
Ez dakit ziur obserbatzaile ona ala obserbatzaile hutsa naizen. Idazleak beti du voyeur puntu hori: guztiari erreparatzen dio; dena da deigarri. Beraz, ezinbestekoa da obserbatzailea izatea. Ona edo txarra naizen, aldiz, ez dakit.
Halako aho-gustu gazi-gozo bat uzten dute zure kontakizun gehienek: ez dira tragikoak, baina bizitzaren erdipurdikeria antzeko batean mugitzen direla esan liteke.
Behin irakurri nuen etengabeko zoriontasunaren bila gabiltzala; baina egon, ez dagoela zorionez betetako bizitzarik. Irakurlearen esku dago kontakizunak gazitasunez zipriztindutako testuak diren ikustea; edo, hain justu, alderantzizkoa dela esatea. Bakoitzak bere hautua egin dezala.
Enpatia sentitzen duzu zeure pertsonaiengana? Antipatia?
Bi sentimenduak izan ditudala esango nuke. Batzuetan zeure burua jartzen duzu pertsonaiaren azalean, Stanislavski metodo merke baten antzera. Mina senti dezakezu idaztean. Baita nazka ere, pertsonaia arbuiagarria egiten zaizunean. Finean, dena nahaste bat da: zoriontasuna eta zoritxarra; enpatia eta antipatia…
Literaturaren plazan berria zaren arren, oso talaia egokian lan egin duzu: “Sautrela”n; zuen saioan egin ohi duzuen galdera bueltatuz, nola ikusi duzu bertatik euskal literaturaren panorama?
Literatura, gutxiengo batek egiten duen generoa da. Eta gutxi izate hori are murritzago bihurtzen da hizkuntza gutxitu batean idazten badugu. Euskal literatura urritu egin da azken urteotan, baina gauza berriak argitaratzen dirau. Irakurle militante batzuk soilik genituela pentsatzen hasia nintzen, etsituta. Baina azken aldian poztu nau jakiteak esaterako, Ramon Saizarbitoriaren liburuaren zain jende mordoa dagoela. Literaturak irauten duen seinale da.
Kalean da zure lehen liburua. Zer espero duzu ekartzea? Eta zein dira zure asmoak, hemendik aurrera.
Aurpegi berri bat naiz euskal literaturaren plazan. Hasiberriaren lana dakart, plazara atera berria denarena. Irakurleari 8 kontakizun eskaintzen dizkiot. Denak desberdinak, batak bestearekin zerikusirik ez dutenak. Igartza bekak ireki dit atea. Hemendik aurrera, ate hori zabalik mantentzen saiatu beharko gara.
Erlazionatutako Albisteak
- ← La conquista de la felicidad – Bertrand Russell
- Otsaileko salduenak – Los más vendidos de febrero – Vouz avez aimé ce mois-ci →