II. Mikel Zarate haur literatur saria

Lezamako Udalak eta Ekar argitaletxeak beste urte batez, Mikel Zarate lehiaketa antolatu dute. Lehiaketa honen bitartez haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatu nahi dira. 6-12 urte bitarteko haurrentzat  idazlanak sortu behar dira euskaraz. Lehiaketarako idazlanak aurkezteko epea, Maiatzaren 31a bitartekoa da.

Atzo aurkeztu zen prentsaurrean deialdi berria, eta bertan, joan den urteko irabazlearen lana ere aurkeztu zen, Julen Gabiriaren “Nire aita ikusezina“.

 

II. Mikel Zarate haur literatur saria. OINARRIAK:

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, haur literaturako Mikel Zarate lehiaketa antolatzen dute, euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gomutaz, ondorengo oinarrien arabera:

Idazlan mota
Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Neurria
Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50.

Nola aurkeztu
Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu barik, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.

Nora bidali
Idazlanak helbide honetara igorriko dira:
Lezamako Udala – Mikel Zarate Saria Aretxalde, 1
48196 Lezama

Epeak
Lanak hartzeko azken eguna 2011ko apirilaren 30a izango da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna, ostera, 2011ko maiatzaren 31 izango da.

Epaimahaia idazle hauek osatuko dute
Leire Bilbao Barruetabeña
Miren Agur Meabe Plaza
Xabier Mendiguren Elizegi

Saria
Sari bakarra emango da: 3.000 eurokoa (zenbateko gordina). Epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango.

Argitaratzea
Elkar etxeak argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik zortzi hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan ordainduko dizkio argitaletxeak egile-eskubideak.

Saritu gabeko idazlanak
Saria irabazi ez duten egileekin harremanetan jarri ahalko da argitaletxea; osterantzean, Datu Pertsonalen Babeserako Legeak dioena beteko da; baztertutako idazlanen kopiak, berriz, suntsitu egingo dira.

Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzarik agertuko balitz, epaimahaiari dagokio hura argitzea, eta hark egingo ez balu antolatzaileek erabakiko lukete.

Argibide gehiagotarako hona jo daiteke:
Lezamako Udala: liburutegia@lezama.org edo 944556126
Elkar argitaletxea: liburuak@elkar.com edo 943310267

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina