Irrien lagunen arteko jaialdia Lazkaon izango da

Aurten hirugarren aldiz ospatuko du Irrien Lagunak Klubak bazkide eta irrizale guztiekin urteroko jaialdia, oraingoan Goierrira joango dira, Lazkaora. Irailaren 22an izango da.

01 AZALA 32_01.inddUrteko ikuskizunen uzta berria ikusteko aukera izaten da jaialdia: klubeko pertsonaiekin eguna pasa, puzgarri, tailer eta herriko eragile ezberdinek eskaintzeko dutenaz gozatu eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen urteko ikuskizuna ikusteko azken aukeretakoa izan ohi da. Urteroko jaialdi hau Irrien Lagunak Klubeko topagune da eta klubeko txarteldunek doan izan ohi dute sarrera.

Aurtengo eguna Irrien Lagunak Elkartasun Taldeari (ILET) eskainiko zaio, eta bertan izango dira taldea osatzen duten hogei elkartetik gora modu ezberdinean parte hartzen. Urtero bezala, egun osoko egitaraua izango da, goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 18.00ak bitarte egitarau bete-betea: Irrien puzgarriak, Txatxilipurdi elkartearen eta Elkartasun Taldeko elkarteen eskutik tailerrak, Urtxintxa aisialdia elkartearen “Txantxariak” jolas dinamizioa, Martinber, Largabista, Tiritatxo eta Marikalanbreren antzezlanak eta Ane eta Piraten berbena, bazkari herrikoia, herriko musikari eta marrazkilariak, txokolatada, “elkartasunaren hormirudi mundialaren margoketa” Juan Gorriti artistarekin, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Sentitu, Pentsatu, Ekin” ikuskizuna, Lazkaoko abesbatzak, dantzari eta txarangak.

Usurbilen ospatu zuten 2011 urtean, lehenengo aldiz, Klubearen eguna. Herria lepo bete zen eta Etiopia Utopia elkarteari bideratu zitzaizkion ateratako etekinak. Iazkoa ere, Busturialdean, arrakastatsua izan zen; Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenarekin bat eginez, bertako Seber Altube ikastolarekin batera, jaialdi handia antolatu zen Gernikan. 2012ko jaialdian lortutako etekinak, Francesco Tonucci pedagogo eta arkitektu italiarraren “La città dei bambini” liburua euskaratzera bideratu ziren, Txatxilipurdiren “Berramesten” proiektuaren baitan. “Haurren Hiria” liburu euskaratua aurten argitaratu du Txatxilipurdi elkarteak, eta, bide batez, maiatzean, Hik Hasi eta Irrien Lagunekin elkarlanean, jardunaldiak antolatu dira Donostiako Kursaalen, Francesco Tonucci beraren partaidetzarekin.

Aurtengo Jaialdiko irabazien erdia ILET-era bideratuko litzateke eta beste erdia, berriz, jaia antolatzen parte hartu duten herriko eragileek erabakitako proiekturen batera bideratzeko aukera izango dute.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina